Gipuzkoako ikastola guztiek hartuko dute erreleboa

Jon Miranda Labaien 2020ko urriaren 1a

Iragarria zegoen Ibarrako Uzturpe ikastolak antolatuko zuela Kilometroak jaia 2021ean, baina igandean ez du lekukorik hartuko. «Osasun egoerak sortzen duen ziurgabetasuna ikusita, ikastola bakar batek ezin du asumitu jaiaren antolakuntza, orduan, modu kolektiboan, ikastola guztien artean egingo zaio aurre egoerari», azpimarratu du Mikel Egibar Kilometroak jaiaren koordinatzaileak. 

Zizurkilgo Joxe Arregi plazan igandean egingo da lekuko emate ekitaldia. «Nola irudikatu dugun?  Gustatuko litzaiguke Gipuzkoako ikastola guztiei ematea, baina egoera ikusita, ordezkari bakar bati eskaini beharko zaio eta hark jasoko du ikastola guztien izenean», esan du Egibarrek. 

Datorren urtean Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak «Kilometroak kolektibo bat» du buruan. Ez du ikastola bakar batek hartuko antolakuntza eta ikastola guztien artean prestatuko da Gipuzkoako ikastolen jaia izan nahi duen ekimena. «Eredu berriaren barruan egiten diren jaialdi txikiak izango dira herrietan eta azken jaialdi bat ospatuko dugu denok elkarrekin», gaineratu du Kilometroak jaiaren koordinatzaileak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!