Elkarrekin korri, punpa eta ttak egiten jarraitzeko eskatu dute

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abu. 20a, 15:02

Kilometroak eguna ospatu zuten urtarrilean, Amasa-Villabonan.

Azken aste eta egunetako egoerak Kilometroak jaiaren antolatzaileak hausnartzera eraman ditu, eta urriaren 4an egitekoa zen Kilometroak festa ez da izango. Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako antolatzaileek "egitarau xumeago bat prestatzeari" ekingo diotela aurreratu dute.

Atzo eman zuten jakitera urrian egitekoa zen Kilometroak jaia bertan behera uztea erabaki dutela. Ez bakarrik Kilometroak, baita ikastolek antolatzen dituzten beste jai guztiak ere.

Eredu berria oinarri hartuta aurkeztu zuten Kilometroak jaia, baina "ilusioz eta gogoz" prestatzen ari ziren festa eguna ez da ospatuko. "Asko izan gara gure bihotza, denbora, laguntza eta babesa proiektu honi eskaini dizkiogunak, eta zikloari behar bezalako itxiera bat eman behar diogula uste dugu", aitortu dute antolatzaileek. Horregatik, "Kilometroak jaiaren ordezkoa izango den egitarau xumeago bat prestatzeari ekingo diogu, egoerak ahalbidetzen duen neurrian".

Hilabete luzez Kilometroak jaiarekin lotutako eginkizunetan lanean aritu diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiete: "Orain arte egin duzuen ahalegina eskertu nahi dizuegu, bihotz-bihotzez. Askotan errepikatu izan dugun moduan, Korri egin dugu Kilometroak jaia Zubimusura ekartzeko. Punpa egin dugu ikasturte honetan zehar. Eta orain Ttak egin nahi dugu".

Erabaki oso zaila izan dela azpimarratu dute antolatzaileek, "baina zentzuzkoena ere bai". Zubimusu Ikastolan "erabakiak arduraz hartzeko hezten ditugu ikasleak, ikuspuntu ekintzailearekin eta kritikoarekin", argitu dute. "Zoriontsuak eta aniztasunarekiko enpatikoak" direla beraien ikasleak diote: "Konpetenteak eta kooperatiboak, eta egoera ezberdinen aurrean irtenbideak bilatzeko eta emateko gai dira". Zubimusuren ardatza den 2ZIA proiektuaren muinean hori dago, eta horri helduta hartu dute erabakia. "Arduraz jokatu behar dugu, eta egokitu zaigun egoeraren aurrean erabakiak hartu".

Aurreratu dute datozen egunetan eta asteetan emango dituztela Kilometroak jaiaren bueltan Zubimusu Ikastolak hartuko dituen erabakien berri. Bitartean, "herritarrei, eskualdeko biztanleei zein gipuzkoar guztiei eskatu nahi dizuegu dagoeneko martxan ditugun egitasmoetan parte hartzeko". #KMKibiltaria izenburupean Korri, Punpa, Ttak leloa lau haizeetara zabaltzea nahi dute, sare sozialak erabiliz. Horrez gain, Gipuzkoan zehar egun jakinetan jartzen ari diren denda ibiltarietara gerturatzeko deia ere egin dute "gure produktuak zein Tanta txartelak erosiz", eta Villabonan duten denda zabalik dute edota online dendan –www.kilometroak.eus/katalogoa– egin daiteke eskaria.

Mezu argia utzi dute amaierarako: "Hau ez denez amaitu, jarraitu dezagun elkarrekin Korri, Punpa, Ttak egiten!".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!