Kilometroak jaia bertan behera uzteko erabakia hartu dute

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abu. 19a, 16:30

'Korri, punpa, ttak' leloa ezagutzera eman zuten ekitaldiko une bat.

'Korri, punpa, ttak' lelopean egitekoa zen Kilometroak festa urrian, baina koronobirusa dela eta, bertan behera uztea erabaki du Ikastolen Elkarteak.

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastola mimo handiz aritu da urte osoan ekimen ezberdinak prestatzen, baina urrian egitekoa zen Kilometroak jaia ez dute egingo.

2019ko azaroan atera zuen sakea, eta harrez gero, Korri, punpa, ttak lelopean aritu dira ekimen ezberdinak aurrera eramaten Amasa-Villabonan eta Zizurkilen. Urriko jaia, ordea, ezingo dute egin, eta ez da bakarra izango. Ikastolek antolatzen dituzten jai guztiak utzi dituzte bertan behera. "Ikastolen alde antolatzen diren jai guztiak bertan behera geratu dira aurten. Antolatzen lanean aritu diren eta laguntza eskaini duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkiogu", adierazi du Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

"Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, baina ez zegoen beste irtenbiderik", azpimarratu du Tellituk. Eta gaineratu du: "Euskal Herri osoari eskaintzeko ekitaldi handi bat prestatzeko aukera aztertzen ari gara".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!