Urte arraroa izan dela ukaezina da. Hilabeteetan «korri» egin dugu; martxotik hona «punpa»-ren bitartez indarberritzen ari gara; eta orain «ttak!» egiteko unea iritsi zaigu. Inoiz baino garrantzitsuagoa da «ttak!» egitea, etorkizunean nahi dugunari heltzeko, planifikatzeko, gauzatzeko.
Herriak jendez hustu dira, herriko plazetan jada ez da musikarik entzuten, parkeetan haurren oihuak eta algarak isildu dira, komunikazioa eten egin da… hutsunea globalizatu egin da. Non dago gu bezalako estatu gabeko herriek bete behar dugun hutsunea?
Euskal kulturan eta bere baitan dauden hainbat adierazpen artistikotan presentzia handia du hutsune horrek. Oteizak zioen bezala: «Hutsunea okupatu gabeko espazio bat da, non masa desagertu den». Herriaren masa likidoa, hizkuntza, berriro lekoratzen ari da, berriro eremu pribatuetara itzultzen ari da. Berebiziko urgentzia eta garrantzi du Bernart Etxepareren leloa eta deialdia jarraitzeak: «Euskara jalgi hadi plazara!».
«Mintzaira zaharreko eledun / errota berriko aledun / denak ahaldun / oin herri ta oinarri gara / hurbildu auzo eta bailara / Kilometrotara».
Aurtengo Kilometroak jaiaren abestiak dioen bezala, euskaldun oro gara aledun eta ahaldun. Konpromisorik gabe ez dago ahalduntzeko aukerarik, beraz, euskaraz mintzatzen berreskura ditzagun gure plazak.
«Ikaskide oro da ikasbide / joko garbian libre / mendi, kale eta trenbide / muga bakarra / da arraia».
Gure «arraia»; non dago gure «arraia»? Aurten Kilometroak jaiak badu konpromiso goren bat: edozein gauzaren gainetik pertsonen bizitza zaintzea! Ezaguna da Kilometroak azken urteetan jai eredu berria sortzeko dinamika batean murgilduta egon dela, eta aurten Amasa-Villabona eta Zizurkilen ospatuko den Kilometroak aro berri horren emaitza izango da. Beste batzuen artean, eredu berriak duen ezaugarria eta indargunea da, edozein egoeratara doitzeko gai izatea. Aurten, inoiz baino gehiago, pertsonen osasuna zaintzeko eta bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugula argi adierazi nahi dugu. Hori da gure konpromisoa.
Herriaren masa likidoari, beraz, espazioa eskaini behar zaio: Musikolak, mintzolak, jolasolak, ikastolak… Kilometroak jaia den neurrian, jendea batzen duen giro ludikoa euskara eta euskal kulturaren zerbitzura jarri nahi dugu. Literaturak papera eta liburuak behar dituen bezala, gure bertsolariek, abeslariek, dantzariek… plazak eta oholtzak behar dituzte; jendearekin enpatizatzeko guneak sortu behar dira. Kilometroak jaiak konpromiso horri ere helduko dio.
«Hezkidetza jarriz erdigunean / giro euskaldunean / Hezkuntza ardatz ta hizkuntza arnas / Kilometroak / elkarrekin».
Elkarrekin eta elkarren arteko konpromisoarekin beteko ditugu euskaraz gure herriko plazak. Hezkuntza hauspoa den neurrian, euskara herriaren arnasa da. Euskaldunok osatzen dugun komunitatea sendo(a)tzeko euskara da bide bakarra.
Gipuzkoako 29 ikastolok gure herriko plazetan sortu den hutsunea aipatutako edukiz betetzeko konpromisoa dugula adierazteaz gain, urriaren 4an Amasa-Villabona eta Zizurkilen ospatuko dugun Kilometroak jaian gurekin bat egiteko gonbita luzatu nahi dizuegu.
Korri, punpa, ttak!
Euskara jalgi hadi plazara!