Erreferentzia asko bildu ditu Xabi Zubeldia Ugartemendiak (Ibarra, 1974) aurtengo Kilometroak festarako prestatutako kantuan. Lagun asko izan ditu alboan eta Amaia Agirre ikastolako ikasle ohiak osatu ditu abestiaren hitzak.
Zergatik jo du zuregana Zubimusu ikastolak Kilometroak 2020 kantua egiteko?
Musika irakaslea naiz ikastolan, eta beraz, ikas-komunitateko kide. Gainera, beste ikasle, irakasle, guraso eta herritarrekin batera ari naiz Kilometroak 2020 egitasmoaren antolakuntzan. Duela lau bat urte, ikastolaren 50. urtemugarako kantu bat egin nuen propio eta ibilbide bat badut musika munduan, eskarmentu dezente. Hori guztia ikusita nire aldeko hautua egin zuten. Oso gustura eta oso eskertuta nago, alde horretatik.
Oso gaztea zinela hasi zinen musika munduan.
Bai. Sei urterekin, eskusoinua jotzen hasi nintzen Isidro Larrañagarekin, haren musika eskolan. Nerabezaro inguru horretan pentsatu nuen eskusoinutik aparte beste instrumentu batzuetara ere zabaldu behar nuela ibilbidea. Teklatua eta pianoarekin esperimentatzen hasi nintzen eta 16 bat urterekin, lau gaztetxok Marruma taldea osatu genuen, ilusio izugarriarekin. Hortik aurrera, beste talde askotan jo dut, besteak beste, Basajaun taldean, Mikel Garikoitzekin ere disko pare bat atera nituen, kolaborazio asko egin ditut, telebista programa batzuetan ere jardun dut... Gero, 2000. urtean salto inportante bat eman nuen Akelarre taldera. Taldearen azkeneko bost urteetan aritu nintzen eta musikari handiekin jotzeko aukera izan nuen. Esperientzia izugarria izan zen.
Zenbat denbora eman duzu Kilometroetako kantua prestatzen?
Aurretik ere aritu izan zitzaizkidan kantua nik egin beharko nukeela esanez, baina gonbidapen formala egin arte zain egon nintzen. Eguberrien buelta horretan, abendu inguruan, batzorde iraunkorrak egin zidan proposamen zehatza. Ilusio handiz eta gogotsu heldu nion erronkari. Kontuan izan, ia Euskal Herri osoan entzungo den kantu bat dela, ume askok adituko dute eta horrek esan nahi du, haien guraso eta aitona-amonek ere entzungo dutela. Ingurune oso zabala duen kantua da. Eguberrietan sormen lanetan hasi eta oporren bueltan Amaia Agirreri pasa nion oinarria, metrika zehatz batekin hitzak osatu zitzan.
Nolako harremana izan duzue Amaia Agirrerekin?
Lan dezente eman diogula iruditzen zait. Kantuak ikastola ereduak oinarrian dituen baloreak azaldu behar zituen: euskararekiko atxikimendua, euskal kulturarekikoa, familia eta hezkuntza sistemari erreferentziak behar zituen, esaterako. Letra zoragarria egin du. Esan genion, sonoritatea zaindu nahi genuela, r-ak edota tz-ak ahal zen neurrian saihestuz eta kantu goxo bat osatuz. Nik uste bete betean asmatu duela Amaiak.
Lau irizpideren gainean eraiki duzu kantua eta argi zeneukan erreferentzia egin behar ziola abestiak Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiak izan duen ibilbideari.
Bai. 70eko hamarkada bukaera horretan egin zuen bere oinarria festa honek. Garai horretako sonoritatea bilatzen saiatu naiz eta horretarako instrumentu birtualekin jolas egin dugu, gaur egun badaudelako horretarako baliabideak. Garai horretan erabiltzen ziren bateria eta baxu soinuak bilatu ditugu. Kantu baten oinarria, normalean behintzat, bateriak eta baxuak jartzen dute. Beraz, lotu nahi izan dut kantuaren oinarria Kilometroak festaren oinarriarekin.
Eta nola definituko zenuke sonoritate hori?
Kaxa soinuak, akaso, potoloagoak dira, gordinagoak. Baxu soinuek ere ez dute hainbesteko sakontasunik. 80ko hamarkadako kantu bat entzuten dugunean antzematen dugu garai horretakoa dela. Hori guztia dakar bilduta abestiak.
'Korri, punpa, ttak' leloa du aurtengo jaiak. Iragana, oraina eta geroa islatzen ditu leloak berak eta zuk nola ekarri duzu hori kantura?
Sonoritatearekin eta moldaketekin lotu nahi izan dut. Korri-k lehenaldiari egiten dio erreferentzia, eta beraz, garai bateko sonoritatearekin lotu nahi izan dut, baina ez bakarrik baxu edo bateriarekin, baita teklatuekin ere, hammond eta wurlitzer moduko soinuak erabiliz. Garai horretako erreferentzia zuzena dira. Punpa, oraina litzateke. Gaur egungo baliabideak erabiltzen eta moldaketak egiten saiatu gara. Eta azkenik, ttak, etorkizuna izango litzatekeena. Hor teklatuarekin zenbait soinu futurista sartu nahi izan ditugu.
Eta logoa, irudia dena, nola txertatzen da kantu batean?
Kilometroak 2020ko logoa pilota bat da eta lerro batzuk ere badakartza. Kantua entzuten baduzue, hasi eta bukatu, Korri, punpa, ttak leloarekin egiten du. Zirkularra izatea hortik datorkio. Lerro pare bat badaude logoan, batek estrofa irudikatuko luke eta besteak, berriz, errepika. Baina azken errepikan ere badago luzapen moduko bat eta luzapen hori ere kantuan ikusten da, beste zatitxo bat gehitu baitiogu, nahikoa korala dena. Umeen ahotsak irudikatu nahi izan ditugu momentu horretan.
Kantuaren erritmoa bizia da.
Bai. Horrekin ikastolaren proiektu pedagogikoari egin nahi zaio erreferentzia. Sortze lan horretan burura hainbat erritmo etortzen zaizkizu. Zalantzak izan nituen hasieran eta pentsatu nuen gure 2Zia izeneko proiektuarekin lotzea. Horrek erakutsi zidan bidea: erritmoak bizia, arina behar zuela, azkar xamarra.
Zeinen laguntza izan duzu kantu hau osatzeko?
Egia esan oso eskertuta nago. Musikari handiak izan ditut alboan. Denak lagun handiak ditut, urteetan hainbat proiektutan lan egin izan dut haiekin eta konfiantza erabatekoa dut haiengan. Ekarpen handia egin diote kantuari, mesede handia. Xanet Arozenak gitarrak grabatu ditu eta Juanpa Agirrek ahotsak. Bi hauek nirekin Akelarren ibili ziren eta argi nuen bai edo bai proiektu honetan egon behar zutela. Kamile Mendizabalek haurren ahotsak grabatu ditu eta bereziki aipatu nahi nuke Joxe Mendizabal. Aspaldiko laguna dut eta lan izugarria egin du. Grabaketa arduraduna izan da, programaketekin ibili da, nahasketak egin ditu eta moldaketetan ere asko lagundu dit. Oso-oso eskertuta nago.
Bideoklipa atzeratu egin behar izan duzue koronabirusagatik. Noizko?
Kantua martxorako egina zegoen, martxoa eta apirila bitartean bideoklipa grabatu nahi genuelako. Biak batera aurkezteko data ere jarrita geneukan, apirilaren 24a, baina koronabirusaren kontu honengatik ezinezkoa izan da. Gure asmoa irailean bideoklipa aurkeztea da. Talde bat osatuta dago hori lantzeko eta lan handia egin dute. Pena litzateke lana ez biribiltzea. Kantua irudiekin ondo uztartzen da eta asko janzten du. Ikusiko dugu zertan den osasun egoera. Ez zen asmoa bideoklip jendetsua egitekoa, beste edizioetan ikusi izan dugun bezala, baina konfinatuta egon garen honetan gutxienekoa ere ezin izan genuen grabatu.
Zein inpresio jaso dituzu kantuaren inguruan orain arte?
Onak. Bai lankideen aldetik, bai gurasoen aldetik. Ikasle askok idatzi didate eta horrek ilusio handia egin dit. Kantua asko gustatu zaiela esan didate eta oso-oso gustura nago.