Kilometroak 2020 abestia bihar aurkeztuko dute

Ataria 2020ko maiatzaren 28a

Kilometroak proiektua bizi-bizirik dago eta Zubimusu ikastolako komunitatea gogotsu dabil lanean. Ekimenaren antolatzaileek esan dutenez, «Pauxak hegalak ahalik eta gehien zabal ditzan eta geure pilota ahalik eta urrutien jaurtitzeko aukera izan dezagun». Kilometroak proiektua osatzen duten taldeek etxetik lanean segitzen dute, etenaldirik egon ez dadin.

«Denok dakigu Kilometroak proiektuan abestiak eta bideoklipak garrantzia handia dutela, eta horregatik, aurkezpen ekitaldi berezi bat egiten dela horiek plazaratzeko. Aurten, aurkezpen hori apirilaren amaieran egiteko asmoa genuen, baina, bizi dugun egoerak hala bultzatuta, ezin izan dugu halakorik egin», aipatu dute ekimenaren antolakuntzatik.

Bideoklipa oraindik ez dute prest, baina abestia bukatuta dute, eta Kilometroak proiektua bizirik dagoen adierazgarri, abestia plazaratzea erabaki dute. Abestiaren doinua Xabi Zubeldia irakasleak egin du eta hitzei dagokienez, Amaia Agirre Amasa-Villabonako bertsolariak jarri dizkio hitzak abestiari.

AURKEZPENA KALEZ KALE

Abestiaren aurkezpen ekitaldia online izango da, eta zuzenean emango dute bihar, hilak 29. 12:00etan aurkezpen bideoa zabalduko dute eta 12:15ean abestia entzun ahal izango da lehenengo aldiz, hurrengo plataforma hauetan: Facebook, Instagram, Twiter, Youtube, Soundcloud eta kilometroak.eus webgunean.

Larunbatean, berriz, abestia herritarrei aurkeztuko asmoa agertu dute ikastolako ordezkariek, 12:00etatik aurrera. Amasa-Villabonan eta Zizurkilen barrena ibiliko da autoz Pauxa abestia plazaratzen, herritar guztiek abestiaz gozatzeko aukera izan dezaten, baina, beti ere, segurtasun neurriak errespetatuz eta autoaren inguruan jenderik pilatu gabe.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!