Koronabirusa

Ahaztutakoak, lehen planora

Eneritz Maiz Etxarri / Irati Saizar Artola 2020ko mai. 8a, 17:59

Emakume langileak dira osasun krisiak gehien kolpatu dituenak, Tolosaldeko Asanblada Feministaren arabera. Egoerak hala ekarrita, orain arte ezkutuan egon diren hainbat lanbide agerian geratzea ekarri du; hala nola, «bizitza sostengatzen dutenak».

Etxeko atea irekitzeak eta hura zeharkatzeak arriskuan jar dezake pertsona, koronabirusa dela eta. Ehunka dira, ordea, egunero-egunero lantokietara joan behar izaten dutenak. Lantokietan ere gauza bera. Batzuk segurtasun neurriak hartuta, besteak batere gabe. Eta zein sektoretan lan egiten duen kontuan hartuta, baldintza bat edo bestea izango du langileak. Badira osasun larrialdia ezarriagatik berdin-berdin lanean jarraitu dutenak, baina beste hainbati baldintzak aldatu zaizkie, lana gehitu zaie, edo gutxitu. Izan da lanik izan ez duenik ere.

Tolosaldeko Asanblada Feministako kideek argi diote emakumeak direla krisiak gehien kolpatu dituenak, «gaur egungo sistemak ez duelako pertsonen zaintza bermatzen». Indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeez gain, lanera doazen emakumeak ere multzo horretan kokatu dituzte.

Koronabirusaren kudeaketaren krisiak «bizitza sostengatzen duten kolektiboak» agerian utzi dituela diote Ibarrako Deabruak Kalera Asanblada Feministako kideek. Hor kokatzen dira osasun langileak, zaintzaileak edota zahar egoitzetako langileak. Baina «arreta gutxiago» jartzen zaien beste hainbat lanbide ere azalera atera direla uste dute: besteak beste, supermerkatuetako langileak, baserritarrak, banatzaileak, etxez etxeko laguntzan diharduten langileak edota etxeko langileak. Emakumeak guztiak. «Lanbide horiek orain arte erabat ikusezinak izan dira, eta orain, begira zeinen argi ari garen ikusten zein beharrezkoak diren gizarte eta jendarte honek funtzionatu dezan, eta, batez ere, pertsonon beharrak ase ditzagun», diote asanbladako kideek. Bestalde, emakumeak gehiengoa diren komertzio txikiak ere itxita egon dira, hala nola, arropa saltzaileak, mertzerietako langileak, zapata saltzaileak, ile apaintzaileak edota estetizistak. Langile horiek guztiak etxean egon dira gaurdaino, haien negozioak itxita. Bitartean, irabazirik jaso ez eta hileroko gastu finkoak ordaintzen jarraitu behar izan dute. Hori horrela, asanbladako kideek pertsonak eta bizitzak erdigunean jartzetik hasi nahi dute gainerakoa eraikitzen. 

Tolosaldeko Asanblada  Feminista: «Bizitzen ari garen egoera honetan, euren funtsezko lanari merezi duen balioa ematea nahi dugu»

Orain arte ezkutuan izan diren langile horientzat «lan eta bizi baldintza duinak» aldarrikatu nahi dituzte asanbladatik: «Bizitzen ari garen egoera latz honetan euren funtsezko lanari merezi duen balioa ematea nahi dugu».

Guztientzat, baina bereziki osasun langileentzat dira arratsaldero-arratsaldero 20:00etako kanpaiak jo orduko balkoietan egiten diren txalo zaparradak. Arriskuko lehen lerroan kokatzen dira ospitaleetan lan egiten duten langile horiek. Tolosaldeko Ataria-k ahalegina egin du eskualdeko hainbat osasun langileren hitzak jasotzeko, baina, gehiago arrazoitu gabe, Osakidetzako goi karguetatik ez diete baimenik eman komunikabideen aurrean hitz egiteko.

Tolosaldeko Asanblada Feministatik momentu hau baliatzeko deia egin nahi dute «bestelako jendarte eredu bat hausnartzen eta antolatzen hasteko». Aldarrikatu nahi dute «kapitalaren interesak ez, baino pertsonen beharrak kontuan izango dituzten politikak premiazkoak direla». Eta gehitu dute «botere harremanak errotik aldatu eta ardurak kolektibizatzea» eskatzen dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!