Koronabirusa

«Hau bukatzean, berriz ere, azkenengoak izango gara»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mai. 8a, 18:59

Aitziber Abasolo lizartzarra saltzailea da eta koronabirusak eragindako krisiak nola eragin dion kontatu dio Ataria-ri.

Lehen lerroan lan egitea egokitu zaizu. Nola bizitu zenituen lehen egun haiek? 

Lehen egun haietan arratsaldeko erreleboan lan egitea egokitu zitzaidan. Kaos moduko bat antzeman genuen, jendea pixka bat urduri eta ezohiko egoera batean. Erosketa handiagoak egiten, eta tentsioa. Asko markatu ninduen aste horrek. Gu lanean ginen eta ondo, baina giroan zerbait gertatzen ari zela nabaritzen zen. Eskolak itxi zituzten, eta jendea hizketan sumatzen zenuen; etxe askotan bazkal orduan inor ez dago, eta jendea erosketak egiten ari zen bazkariak prestatzeko. Lan egun gogorrak izan ziren. Generoa bazegoen, baina ez zeuden eskuak hori apaletan jartzeko. Betiko lantaldea ari ginen lanean.

Herritarrak erosketa handiak egiten hasi ziren, ezta?

Bai, guztiok. Larunbata jai nuen eta etxeko erosketa egitera joan nintzen, eta egoera ikustean pena eman zidan. Beldurtu egin nintzen, zer datorren eta nola jokatu behar dugun pentsatzean.

Zuen lana beharrezko horietakoa izan da. Beldurrik sentitu duzu lanean?

Beldurra ez dut sentitu. Lanera joatea beti da egin nahi duzun azken gauza, baina onartuta neukan nire lana beharrezko zerbitzu horietako bat zela, eta lanera joatea tokatzen zitzaidala. Ez dut neure burua handitu nahi, baina Osakidetzan bezala, honetan niri ere komertzio moduan lan egitea egokitu zait. Urduritasunarekin joaten nintzen lanera. Etxean geldituko nintzen, bai, baina horrek ekonomikoki ere badu eragina. Denda txiki bat baduzu, etxean geratzearena oso gogorra da. Askotan izan dut gogoan beste sektoreetako jendea, hau da, etxean egon direnak. Ez da berdina enpresa handi batean lan egitea. Nik Eroskin egiten dut lan, eta kaleko bizilagunak gara eta komertzio eta taberna horietaz asko gogoratu naiz. 

Urduritasuna aipatu duzu. 

Bai. Etxetik ateratzen nintzen bakarra ni nintzen. Nire etxekoak ez ziren ateratzen kalera. Egin beharreko erosketak nik egiten nituen, eta bai sumatzen nuen lanera joan aurretik urduritasuna, eta bueltan ere bai. Deskargatu beharra.

Erraza izan da segurtasun neurriak betetzea?

Bere denbora behar izan du. Egun batetik bestera esaten dizute ezin zarela hurbildu eta distantzia batzuk bete behar dituzula. Ez da erraza bat-batean asimilatzea. Hasierako egunetan, sartzeko ilara egiten zuten, baina gero barrura sartu eta ahaztu egiten zitzaien batzuei distantziak mantendu behar direla. Martxan jartzeko prozesuak bere denbora behar du. Baina orokorrean ondo.

Zuek ere protokolo oso bat betetzeko.

Maskara, eskularruak, garbitzeko gela,... eta gure artean ondo hasieratik, baina gero aldagelan altu esan behar genuen distantziak mantendu behar ditugula. Bezeroekiko bai, baina baita gure artean ere. Gertutasunarekin lan egiten duzun momentutik, ez da batere erraza.

Lan gehiago izan duzue?

Lan asko dago eta lana egon da, baina lana egiteko era oso ezberdina da. Pentsatu egin behar duzu. Kutxan egoten naiz, baina baita elikagaiak berrezartzen ere. Esaterako, ura jartzen ari naiz, baina ondoan dut bezero bat, beraz, itxaron egin behar dut. Eguneroko gauza sinple bat, konplikatuago bihurtzen da. Erritmo ezberdina da. Momentu batean jende asko-asko ibili zen. Ilarak egiten ziren eta urduri jartzen ginen erantzun nahian, baina erritmoak markatzen du, eta itxarotea da kontua. Horretarako denbora izan dugu. Baretu gara.

Zuena lan feminizatu eta prekario horietakoa da. Uste duzu honek zerbait azaleratu edo gizarteari begiak irekiaraziko dizkiola? 

Nik uste dut momentuko kontua izango dela. Orain oso jatorrak gara saltzaileak egiten dugun lanarengatik, baina hau bukatzean ez zaigu meritu gehiagorik emango. Eta berriz ere garbitzaileak bezala, azkenengoak izango gara. Ez zaizkigu baldintzak aldatuko eta sozialki ere berdin jarraituko dugu. Orain eskerrak ematea asko estimatzen da, edo gurekin detaileak izatea, baina hau momentuko istorioa izango da.

Jendearekin lan egitean kutsatzeko arrisku gehiago dago, eta testik egin ez badizute ere, aurreko bi asteak etxean pasa behar izan dituzu Covid-19aren sintomekin. Nolako gaixoaldia izan duzu?

Gaixoaldia oso-oso arina izan da. Tenperatura hartu behar izaten dugu lanera joan aurretik eta atera ostean. Arropa ere 60 gradutan garbitu eta kontu guzti horiek zorrotz bete ditut, baina duela hiru aste gutxi gorabehera tenperatura hartu eta sukarra nuen. Lehenengo gauza urduritasuna. Medikuen jarraipena izan dut telefono bidez eta, oso ondo eraman dut. Etxean egon behar izan dut. Bi-hiru egun beranduago senarra ere sukarrarekin hasi zen. Hor buruari gehiago eragiten hasten zara. Etxekoak etxetik atera gabe egon dira hiru astez, eta ekarri egin dut etxera. Ba tokatu egin zait. Orduan semeari tokatzen zitzaion erosketak egitea, eta bera ere sukarrarekin hasi zen. Semeari, aldiz, pasa den astean testa egin zioten, eta negatibo eman du.

Erlazionatuak

Ahaztutakoak, lehen planora

Eneritz Maiz Etxarri / Irati Saizar Artola 2020 mai 08 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!