Koronabirusa

«Ez dakigu errentagarria izango den»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mai. 8a, 19:59

Larraitz Alonso ikaztegietarra ile-apaintzailea da eta koronabirusak eragindako krisiak nola eragin dion kontatu dio Ataria-ri.

Ile-apaindegia nahi eta nahiez itxi behar izan duzu. Galera ekonomikoa izan duzu?

Bai. Inork espero ez zuen momentuan iritsi zen stop bat izan da. Gastu batzuk hartuak dituzu, eta geratze horrek gastu handiak ekarri ditu. Gobernuek erabakiak oso berandu hartu dituzte. Autonomoen kuotak kobratu egin zituzten martxoan, eta suposatzen da maiatzean bueltatu egingo digutela, baina ea zer gertatzen den. Gure kasuan gainera lehen egunean lana egin behar genuela esan ziguten, baina hurrengo egunean jada ezetz. Informazioa oso gaizki eman da, eta sektoreak izugarrizko presioa jasan du. Jendeak bere etxera joateko deitzen zigun.

Autonomoentzat laguntzak jarri dituzte. 

Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa lotsagarria izan da. Segituan blokeatu zen sistema, eta gau horretan gaupasa egin nuen nik, eta ez dugu laguntza horien berririk. Ez dakigu noiz iritsiko den. Lotsagarria izan da. Nik mutualitatetik laguntza bat jaso dut, baina badira hori ere jaso ez dutenak. Alokairuaren aldetik ere, bestelako laguntzak jaso ditugu batzuk.

Nola hasi zarete lanean?

Kezkarekin. Zenbat jende sartu dezakegun mugatu digute. Jarri behar ditugun babes neurriak ikaragarriak dira, eta horrek inbertsio handia eskatzen digu. Pertsona bakoitzeko beharko dugu materiala, eta garbiketarako ere bai. Iritsi ahala moldatu beharko dugu. Ez dakigu errentagarria izango den ere. Ez dakigu lanean hasteak konpentsatuko digun edo ez. Tabernarien moduan gaude. 

Lokal handi samarrak dituzulako zu beste batzuk baino hobeto zaude.

Bai. Apain mahai bakoitzetik bestera bi metroko tartea izan behar dugu, printzipioz. Tokiaren arabera, eta langile kopuruaren arabera, ezin ditugu neurri horiek bete. Esaterako lau bezero hartzen bazenituen eta orain bi hartu baditzakezu, langileak soberan dituzu. Eta gerta daiteke, gainera, irabazten duzunarekin gastuei aurre egiteko beste ez ateratzea. 

Zuek eta bezeroak babestu beharko zarete behin ile-apaindegira sartzean. 

Bai. Maskara, bisera babeslea eta txaleko babesgarria janzten ditut. Sartzen den bezero bakoitzari, oinetakoak babesteko eskatzen zaio. Eta bezeroei jartzen dizkiegun kapa eta toallak behin erabiltzekoak dira. Nik ez, baina burua garbitzeko bi gailu dituztenek, tartean, metakrilatoa jarri behar izan dute.

Etxealdian bezeroek laguntza eskatu dizute?

Ahal den neurrian laguntzen saiatu naiz. Mila kasu bizitu ditut. Urduritasunagatik buru azala kaltetuta duenetik hasi, eta bere ileak menderatu ezin dituenarenganaino. Orain, lehentasuna asteroko bezeroei eman diet, eta helduei. Zaindu beharra dauzkagu.

Erlazionatuak

Ahaztutakoak, lehen planora

Eneritz Maiz Etxarri / Irati Saizar Artola 2020 mai 08 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!