Osasun larrialdiak zein eragin izan du zure lanean?
Ekonomikoki eragin dit gehien. Tolosan bizi naiz berez, baina konfinamendua ezarri zutenean nire nagusiak barne etxeko langile izan beharko nuela esan zidan, ez zuelako nahi egunero Tolosatik joan-etorriak egitea, kutsatzeko beldurrez. Ezetz erantzun nion. Orduan, bidaiak ekiditeko zerbait egin beharko nuela esan zidan eta Donostiako Alde Zaharrean logela bat alokatu behar izan dut, bi hilabeteetarako. Donostian logelak oso garesti daude; hilabetean 250 euro ordaintzen ditut, eta Tolosako etxea ere ordaintzen jarraitu behar dut. Gainera, nire familia utzita etorri behar izan dut Donostiara.
Nagusien aldetik logela ordaintzeko laguntzarik jaso duzu?
Ez, soldata bera jasotzen jarraitzen dut; 900 euro irabazten ditut hilabetean. Nik esan nion nire asmoa zein zen, baina berak ez zidan ezer ere esan.
Zure erabakia ondo hartu zuen nagusiak?
Hasiera batean asko haserretu zen, baina onartu egin behar izan zuen. Lan elkarrizketa egin nuenean, hark kanpo etxeko langile bat bilatzen zuen, eta horrela hitz eginda geunden. Lan kontratuan horrela dago jasota.
Zuk zure denbora librea nahiago izan duzu, beraz.
Alde batetik beharra da, baina bestetik eskubidea ere bada. Alzheimerra du gizonak, eta horrela dauden pertsonek laguntza asko behar izaten dute, baita pazientzia ere. Gorabeherak izaten dituzte eta urduri egoten dira, ez daudelako ondo. Horrek bat nekatu egiten du. Eta ateratzea behar duzu, zure etxera joatea, deskantsatu ahal izateko. Urte asko eman ditut barne etxeko langile izaten eta lehertuta nengoen. Horregatik hautatu nuen kanpo etxeko langile izatea. Hala ere, nire lagun asko baino hobeto nago egia esan. Barne langileak direnak, urte guztian daude konfinamenduan; horiek askoz okerrago daude.
Eta gainerakoan, zure lanean baloratua sentitzen zara?
Egia esan, %100ean ez. Ni nire kontratuan oinarritzen naiz beti. Eta batzuetan, kontratuan jaso ez genituen hainbat gauza exijitzen dizkit eta nik kontratuan jasotakoa erakusten diodanean haserretu egiten zait. Eta orduan ni gaizki sentitzen naiz, isildu egin behar izaten dut eta ez naiz errespetatua sentitzen. Baina askotan, lana galtzeko beldurragatik amore eman eta eskatutakoa egiten amaitzen dut. Gaizki egiten ditudan gauzak azkar ikusten ditu, baina gero berak ez du onartzen horrela egiten dituenean.
Zein gauza aldatu nahiko zenituzke?
Larunbat eta igandeetan lan egin behar izaten dut, izan ere, mendeko pertsonen arreta soziosanitarioko ziurtagiria lortzen ari naiz Inmakulada ikastetxean, ostiral eta larunbat goizetan. Nire zortzi lanorduak errespeta ditzatela nahiko nuke eta gutxienez igandeak jai izatea, jai egunak ordaintzea eta ordainsari guztiak behar bezala ordaintzea. Guk oso lan garrantzitsua egiten dugu gizarte honetan. Eta ez gaituzte behar bezala baloratzen; babestu ere ez gaitu inork egiten. Eskerrak SOS Arrazakeria elkarteari. Sei urte daramatzat Euskal Herrian, eta ez dut bestelako erakunderik ikusi gu bezalakoak babesten. Gehiago balora gaitzaten nahiko nuke, egiten dugun lana errekonozituz gutxienez.