Ordiziako Azokan jartzen duzu postua. Zertan eragin dizu koronabirusak?
Hasieran bi astez ez genuela feriarik izango esan ziguten, baina berriz deitu ninduten azoka egingo zela esanez. Baserritar batzuk kexatu egin zirela, janari dendak uzten badituzte, azoka zergatik ez, eta arrazoia dute. Baina kontua horren serioa bazen ez zitzaidan egokia iruditzen, eta ezezkoa esan nien.
Baina berriz deitu zizuten.
Bai, nire produktuak nahi zituztela eskaera egiten zutela esan zidaten. 65 urtetik gorakoek esana zuten ezin zutela joan, eta nik gehiago baditut. Beldurra sartu ziguten, eta ez nintzen joaten, baina aukera ezberdina eskaini zidaten. Telefonotik eskaera egitekoa.
Eta animatu egin zinen?
Bai... Behar duenak etxera deitzen dit, eta poltsetan jartzen dizkiet bakoitzari bere izenarekin. Zenbatekoa gutun-azal batean sartu, eta hurrengo astean niri itzultzen didate dirua. Oso txukun antolatu dute guztia. Eta honela ez dut harreman zuzenik bezeroekin. Nire postuan poltsak utzi bakarrik egiten ditut. Kasu honetan lan gehiago da guretzat, baina eskertzen da. Bertan beste saltsa bat egoten da, eta harreman zuzena dugu bezeroekin; ea azkar pasatzen den guztia.
Herrian ere saltzen duzu.
Bai. Batzuk astero eskatzen didate. Lehen ere etortzen ziren batzuk, baina orain udalak aukera jarri du. Herrian lehen ere eskatu izan didate ea prest egongo nintzatekeen saltzeko, baina horretarako produktu gehiago ekoitzi beharra daukat. Ordiziara astean behin joatearekin nahikoa izaten dut.
Orain hasi da baloratzen zuen lana?
Nik uste dut jendea orain hasi dela konturatzen. Lehen ez zitzaien inporta edo ez zioten garrantzirik ematen hemengoa zen edo nongoa zen jaten zutena. Hainbat produktu urte guztian dauzkazu, eta jendeak ikasi egin behar du barazki bakoitza zein sasoitakoa den. Nire ustez jendea orain hasi da baloratzen hori.
Guztia pasatzean, jendeari ahaztu egingo zaio?
Nik uste dut jendeak hemengoa jan nahi duela. Konturatu dela uste dut, beste zapore bat dutela, alegia. Gazte jendea gaizki ohitu da, baina, era berean, esan behar da jende gazte asko hasia zela azoketara joaten; edo gurasoek erosten dizkiete joan ezin duten seme-alabei.