Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako Aitor Amilibia langilea gitarrarekin, eta Nahikari Gabilondo gurasoa poesia errezitatuz. Horrela hasi da lekuko aldaketaren ekitaldia, jendez betetako aretoan. Euskal Herrian errotutako hezkuntza-proiektu euskalduna aldarrikatu du, izan ere: "Onar dezagun behingoz ez dugula zertan lotsatu; ez dugula zertan azalpenik eman eta barkamenik eskatu. Onar dezagun, harro, Euskal Herri osoa eta gure nortasuna aldarrikatzen dituen euskal hezkuntza-eredu bakarra garela".
Jalgi dantza taldeko zazpi dantzari atera dira ondoren oholtzara, zazpi lurraldeak irudikatu eta aldarrikatzera. Eskutik helduta ekarri dituzte Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako haurrak lekukoarekin, eta horiek Villabona-Amasa eta Zizurkilgo haurrei pasa diete egurrezko testigua. Txalo zaparradaz egin da lekuko aldaketa. Zubimusu Ikastolako lehendakariak, Mikel Ugartek, hartu du hitza ondoren. Bertso bat osatuz aldarrikatu du ikastolen beharra, eta dei egin du euskara eta euskal kultura zabaltzera.
Ikusi hemen lekuko aldaketaren ekitaldiko bideoa (Egilea: Zarauzko Hitza-Erlo Telebista)