Atzo, Lasarte-Orian jokatutako final-zortzirenetako azken kanporaketaren ondoren, erabakita geratu dira zein bertsolarik egin duten aurrera Gipuzkoako Txapelketan. Guztira, 42 bertsolari aritu dira final-zortzirenetako 7 saioetan. Iraileko asteburuetan jokatu ziren 6 saio, eta atzokoa izan zen azkena. 42 horietatik, 24 bertsolarik egin dute aurrera: saio bakoitzeko onenak zuzenean sailkatu dira; eta beste 17ak, berriz, puntuazioaren arabera.
Zuzenean sailkatuak:
- Haritz Mujika Lasa
- Beñat Iguaran Amondarain
- Beñat Lizaso Alberdi
- Gorka Maiz Alustiza
- Unai Mendizabal Jauregi
- Ane Labaka Mayoz
- Mikel Artola Izagirre
Puntuazioz sailkatuak:
- Jokin Uranga Isuskiza
- Nerea Elustondo Plazaola
- Eñaut Martikorena Lizaso
- Maider Arregi Markuleta
- Unai Muñoa Amundarain
- Iñigo Mantzizidor Larrañaga
- Ander Lizarralde Jimeno
- Maialen Akizu Bidegain
- Iñaki Gurrutxaga Zubimendi
- Felix Zubia Olaskoaga
- Unai Gaztelumendi Arandia
- Asier Azpiroz Iztueta
- Iban Urdangarin Lardizabal
- Iñigo Izagirre Urtegaga
- Mikel Tapia Aierbe
- Amaia Iturriotz Etxaniz
- Ane Zuazubiskar Iñarra
Ane Zuazubiskar arrasatearra izan da sailkatzeko beharrezkoa zen puntuazioaren langa markatu duena, 416,5 punturekin. Eskualdeko bertsolarien artean, Iñigo Gorostarzu Etxebeste Etxorde izan da hurrengo fasera sailkatu ez den bakarra, oso gutxigatik, bere saioan 416 puntu lortu baitzituen. Gauzak horrela, erabakita geratu da non eta noiz kantatuko duten sailkatu diren bertsolariek.
Iguaran eta Mendizabal, lehenak
Hilaren 19an izango da final laurdenetako lehen saioa, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Bertan, Beñat Iguaran eta Unai Mendizabal ariko dira, Asier Azpiroz, Eñaut Martikorena, Iban Urdangarin eta Iñaki Apalategirekin batera. Hurrengo egunean, Haritz Mujikak kantatuko du Irungo Amaia Kultur Zentroan, eta berarekin ariko dira, Agin Laburu, Beñat Lizaso, Maider Arregi, Iñigo Izagirre eta Unai Gaztelumendi. Urriaren 26an, larunbata, Eibarko Coliseo Antzokian izango da saioa, baina han ez da eskualdeko inor ariko. Jon Maiak, Felix Zubiak, Gorka Maizek, Mikel Tapiak, Jokin Urangak eta Unai Muñoak kantatuko dute. Hilaren 27an, berriz, Azpeitiko Soreasu Antzokian kantatuko du Oihana Iguaranek. Amasarra lehen aldiz ariko da aurtengo txapelketan. Berarekin batera, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Amaia Iturriotz, Iñaki Gurrutxaga eta Iñigo Mantzizidor izango dira bertsotan. Kanporaketa honetako azken saioa, Azkoitiko Baztartxo Antzokian jokatuko da, azaroaren 2an. Mikel Artolak kantatuko du saio horretan, Beñat Gaztelumendi, Maialen Akizu, Ane Zuazubiskar, Ane Labaka eta Ander Lizarralderekin batera.
Saio guztiak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira. Final laurdenetako saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da final erdietarako. Puntuazioz, berriz, 13 bertsolari igaroko dira azken kanporaketara. Guztira, beraz, 18 bertsolari ariko dira finalaurrekoetan. Hiru saio izango dira, finalera sartzeko lehian: urriaren 17an, Arrasateko Urkape pilotalekuan; urriaren 24an, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian; eta azkena, Tolosako Usabal Kiroldegian jokatuko da, abenduaren 1ean. Hiru saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira Donostiako Ilunbe zezen plazan jokatuko den finalera. Puntuazioz, berriz, bost bertsolari onenak igaroko dira abenduaren 14ko saio handira.