"Herrian kohesioa bultzatzeko giltza izan nahi luke festa honek"

Jon Miranda Labaien 2019ko eka. 26a, 11:59

Amaitu berri den ikasturtean irakasle ibili da Gaizka Ezeiza (Amasa-Villabona, 1991) 2 urteko gelan. Udaberri hasieran, Kilometroak festaren koordinatzaile postua eskaini zioten eta bi langintzak partekatu ditu hilabeteotan. Irailetik aurrera, dedikazio osoz, datorren urteko ekimena antolatzen ibiliko da.

Ikastolen Elkartean egin duten gogoetaren harira, itxuraldatuta etorriko da Kilometroak festa datorren urtetik aurrera; aro berrian, lehena, Zubimusu ikastolak antolatuko du.

Oraindik puska bat falta da Kilometroak jaia iristeko, baina hasiak zarete prestatzen.

Bai. Badaramagu denbora bat hastapen taldekoak biltzen eta bi pintxo tertulia egin ditugu. Gurasoak eta herritarrak gerturatu dira eta jaiaren inguruan transmititu nahi ditugun balioen inguruan hitz egin dugu nagusiki.

Noiz hautatu zintuzten koordinatzaile?

Zuzendaritzako bi kidek eskaini zidaten eta baiezkoa eman nuen, niretzako erronka bat delako. Pare bat hilabete daramatzat lanean, baina nirekin batera elkarlanean ariko da, Kilometroak kultur elkarteko ordezkaria, Mikel Egibar zizurkildarra.

Zergatik eman zenuen baiezkoa?

Lana bezala ondo datorkit eta, Villabonakoa eta ikastolan ikasitakoa izanik, polita da niretzako ekimen honetan parte hartzea. Eta erronka da, batez ere. Ikasturte honetan, Zubimusu ikastolan bertan, Haur Hezkuntzako irakasle bezala aritu naiz eta aldaketa izango da niretzako.

Hastapen taldea aipatu duzu. Zeintzuk bildu zarete bertan?

Guraso batzuk, zuzendaritzako kideak, Egibar bera eta nik parte hartu izan dugu. 20 bat lagun guztira.Talde hori desegin egingo da ordea eta irailetik aurrera batzordeak jarriko dira martxan. Batzorde ekonomiko bat egongo da, komunikazio talde bat eta gazteekin ere zerbait egin nahi dugu. Hori antolatzen hasiko gara orain.

Kilometroak festa 2020tik aurrera eraldatu egingo dela iragarri zuten Ikastolen Elkartetik. Zerbait aurreratzerik bai?

Gehiegi ere ez. Ez dakigu nola gauzatuko den. Ideia urtean zehar ekimen gehiago antolatzea da, egun bakarrean guztia kontzentratu gabe. Urriko lehen igandeko jaiak jarraituko du baina urtean zeharreko lanketa bat egingo da. Villabonan milimetroak jaia egin zenekoa izan daiteke adibide bat. Azken batean, aurreko ereduak lanerako jende asko eskatzen du, ia 2.000 lagun. Dimentsio handiegia hartu du eta festa erraldoiaren testuinguruan kontsumo eredu batzuk errotu dira. Horri buelta bat eman eta aldaketarako norabide horretan, lehen urratsa Amasa-Villabonan emango dugu.

Aurkeztuko al duzu Zubimusu eskola?

Azken urteotan iraultza moduko bat eman da ikastolan. Asko aldatu da, eraikina egokitu egin da. Konfiantzaren pedagogia zabaltzen ari da eta gaur egungo gizartera egokitzen ari da ikastola. Pauso handiak eman ditugu azken urteetan, ni ikasle nintzen garaitik gaur arte aldaketa handia izan da. Alde horretatik, proiektu hori babesteko balioko du Kilometroak jaiak baina ez bakarrik ekonomikoki, bestela ere bai. Herrira zabaltzeko baliatu nahi dugu eta herrian kohesioa bultzatzeko giltza izan nahi luke festa honek, herriko beste hezkuntza proiektuekin elkarlanean.

Lehen aldia da bailaran Kilometroak festa ospatuko dela.

Hori da. Beti eskatu izan den gauza bat da eta orain egokitu zaigunean maila eman beharko dugu. Amasa-Villabona eta Zizurkilen ematen ditu eskolak Zubimusu ikastolak eta bailarako ikasleak ere etortzen dira gurera. Beraz, Aiztondo bailarako herrien arteko lana bultzatzeko balioko du hitzordu honek.

Zein pauso emango dituzue aurrerantzean?

Urrian testigua hartuko dugu Zarautzeko ikastolakoen eskutik. Hortik aurrera zehaztuko ditugu hurrengo pausoak.

Logoa eta leloak aukeratuta al dauzkazue?

Leloa itxuratuta dago, baina aurkezpen egunera arte ezkutuan edukiko dugu. Logoa datozen asteetan erabakiko dugu. Irudi horren lanketan gurasoek eta herriko jendeak hartu du parte. Villabona, Amasa eta Zizurkilgo ikur izan daitezkeenak aipatu genizkien: industria, landa ingurunea, zubia... Jasotako proposamen horiekin guztiekin, fusio lan bat egin eta logo bakar bat osatuko dugu.

Pintxo tertulietan izan den parte hartzearekin kontentu al zaudete?

Bai, egia esan, oso gustura gaude. Aurrenekoan 80 pertsona egon ginen eta bigarrengoan gutxiago, une horretan herrian beste gauza asko zeudelako. Ulertzekoa da. Baina balorazio positiboa egin dugu, saio dinamikoak egin ditugulako. Ikastola guretzako zer den eta festa honekin zein balio landu nahi genituzkeen aztertu genuen.

Eta zein kezka agertu dute parte hartu dutenek?

Ikastolaren proiektuari atxikimendua agertzen diote, baina batez ere euskararen inguruan agertu dute kezka. Gero, gure arteko kohesioa da mahai gainean jarri duten puntuetako bat. Herrian bertan, ikas-komunitate diferenteen artean egon daitekeena eta baita Amasa-Villabona eta Zizurkilen artekoa ere. Aukera bat bezala ikusten dute Kilometroak festa gai horiei behingoz heltzeko.

Zein asmo dituzue uda parterako?

Orain hastapen taldea desagertuko da eta batzordeak irailetik aurrera hasiko dira lanean, baina materiala saltzeko denda egongo da herrian eta hori atontzen hasi beharko dugu udan. Non eta nola egin pentsatu beharko dugu. Jendea, hala ere, laguntzeko prest agertu da eta hori eskertzekoa da.

Ze dei zabalduko zenuke Aiztondo bailarako herritarren artean?

Hezkuntza arloan egon dira eztabaidak eta horiek gainditzeko pauso bat eman dezakegu jai honekin. Kilometroak festak ez du zertan izan behar ikastolako inguruarentzat soilik. Euskararen alde dagoen komunitate guztiarentzat zabaldutako hitzordua izatea nahi genuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!