M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

Zaintza denen lana dela ikustarazteko

Eneritz Maiz-Irati Saizar 2019ko mar. 8a, 06:00

Gaurko eguna ez da beste edozein egunen parekoa. Gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta, bizitzak erdigunera eramanaz, zaintzen gatazka azaleratzea da greba feministaren helburu nagusia.

Lan guztiak utzi eta kaleak hartzeko eguna, gaurkoa, emakumeena. Greba feminista deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak, Emakumeen Nazioarteko Egun honetarako. Emakume guztiei dei egin diete, utz ditzatela mota guztietako lanak, soldatapekoak zein doakoak. Izan ere, greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen dela azaldu dute: «Sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean».

Grebara emakumeak deitu dituzte, baina emakume hitzak, oro har, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektu guztiak hartzen ditu barne, sistemak berak sortzen eta inposatzen baitu gizon-emakume binomioa.

«Emakumeen bizitzak erdigunean» kokatzea da nahia: «Hala, gizartearen egituraketa osoari eragingo dio eta, emakumeek planto egiten badute, dena geldituko da». Azaleko aldaketak baino, aldaketa sakonagoek iritsi behar dutela diote. «Emakumeen bizitzak bizigarri izan daitezen, ulertu behar da inguruan sumatzen diren injustiziak elkarrekin loturik daudela». Bat eginez, ordea, bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatu dute.

Egunerokoa borroka eremu den aldetik, bost ardatzetan antolatu dute greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumoko greba izango da. Eta planto, zeri? Kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari eta kapazitismoari, besteak beste.

Aukera ezberdinak dituzte emakumeek, grebarekin bat egiteko. Izan daiteke lantoki eta ikasgeletan greba eginez, edota herri eta hirietako mobilizazioetara joanaz, edo antolatzen arituz. Zaintzeari utz diezaiokete, amantala balkoian zintzilikatuz, ala besoko morea eta txapa jar ditzakete.

Baina gizonek ere badute egitekorik. Greba babestu nahi duenak, utz dezala soldatapeko lana norberaren eginkizunetarako egunak erabiliz eta, negozio propioa duenak, itxi ditzala ateak. Haien lehentasuna, zaintza lanez arduratzea izango da, eta mobilizazioetan ez parte hartzea.

Horrez gain, kontsumo greba ere izango da; ez kontsumitzera deitu dute. Horretarako, komertzioak ixtea, eta irekita dauden horietan ez kontsumitzea izango da helburua, emakume zein gizonentzat.

Zaintza eta etxeko lanak

Ordainduak izan edo ez, lana dira. Ongizatea eta aberastasuna sortzen duten, eta bizitza aurrera ateratzeko baliatzen diren jarduera horiek guztiak. «Gure gizartean diru truke egiten dena baino ez da lan produktiboa. Emakumeek doan egiten dituzten lanak ezkutatu egiten dira, eta balioa kentzen zaie; erreprodukzioarekin, maitasunarekin eta familiarekin lotzen dira».

Etxeko lanak eta zaintza lanak produktiboak eta politikoak direla dio Euskal Herriko mugimendu feministak: «Ezinbestekoak dira gizarteari eusteko, bizitza sostengatzeko eta kapitala produzitzeko. Emakumeon esplotazioari esker, lan horiek dohainik ateratzen zaizkio sistemari». Eta nabarmendu dute, «Euskal Herrian dugun zaintza eredua emakumeon, eta bereziki emakume immigranteon esplotazioan oinarritzen da».

«Zaintza eta etxeko lanen ardura sozializatzen ez badira, hau da, gizonek eta egitura publikoek ardura zuzenak hartzen ez badituzte, emakumeen bizkar geratuko dira lan horiek», kritikatu dute, eta «lan baldintza txarretan eta kasu okerrenetan, esklabutza egoeran aurrera eramanaz».

Oraindik, lan banaketa sexuala gizarteko eremu guztietan gertatzen da, eta botere erlazioaren bitartez eraikitzen da. Lan feminizatuek, hau da, batez ere emakumeek egiten dituzten lanek, %80an edo gehiagoan, eskubide, soldata eta errekonozimendu baxuagoak dituzte.

Zaintza eskubide bat dela aldarrikatzen dute, eta ekonomia feministaren ekarpenei tiraka, posible dela zaintza beste modu batean antolatzea: «Gizarte heteropatriarkaletan, besteak zaintzea betebehar bat da emakumeontzat, besteen beharrak asez maitatuak izateko, eta menpekotasunean eta besteen desirak betez sozializatzeko modu bat da». Baina ozen aldarrikatu nahi dute: «Emakumeok eskubidea badugu zaintzeari uzteko, gure beharrak lehenesteko eta besteen desirak ez betetzeko».

Prekarietatea arlo guztietan

Hego Euskal Herrian lan kontratu partzialetan ari diren %76,3 emakumeak dira, hau da, enplegua duten emakumeen %23,8a. Emakumeen %27,6 aldi baterako kontratuarekin ari dira lanean, eta kontraturik gabe lanean ari direnen artean, %73,8 emakumeak dira. Langabetuen erdia baino gehiago emakumeak dira, hau da, %57,2. Soldatari begiratuta ere, emakumeek gizonek baino 7.680 euro gutxiago kobratzen dute, urtean batezbeste, %25,2 gutxiago. Gazteen kasuan, berriz, 25 eta 34 urte arteko emakumeen soldatak, batezbeste, gizonezkoenak baino %24 txikiagoak dira. Neska gazte askok, kontraturik gabe egiten du lan tabernetan, klase partikularretan, dendetan edota zaintza lanetan.

Landa eremuan, lehen sektorearen esparruan, emakumeen %19a baino ez dira ari lanean. «Baserrietan lan egiten dugu, baina, askotan, gizarte segurantzarik gabe. Babesgabetasun handia eragiten du, eta ez dago ordutegi finkorik. Zaila izaten da zehaztea non hasten den enplegua eta non zaintza lana», azpimarratu dute.

Prestazioak kaskarragoak dira, errenta maila txikiagoak eta pobrezia egoera arrisku handiago dute emakumeek. Pentsiodunen kasuan ere, batezbeste, %37,38 baxuagoa da pentsioa.

Eta krisi ekonomikoa, sistemak, mozkinak ateratzeko baliatu du, zaintzaren negozioa bultzatuz: «Azpikontraten bitartez, diru publikoz hornitutako enpresa gutxi batzuek milioi bat euro baino gehiagoko irabaziak lortu dituzte urtebetean», salatu dute. Eta, gaineratu: «Langileen %90a baino gehiago emakumeak gara, eta kudeatzaile gehienak, aldiz, gizon zuriak».

Etxeko langileen kasuan,37.243 langile daude Hego Euskal Herrian Gizarte Segurantzan alta emanda, eta horietatik %37,79, immigranteak dira.

Eszedentzia, emakumeena

Emakumeak soldatapeko lanak izatera pasatu dira, eta soldatapeko lana duten emakumeen %75,2 dira zaintza lanez arduratzen direnak. Hego Euskal Herrian, umeen eta helduen zaintzarako eszedentziak hartzen dituztenen artean, %91,5a emakumeak dira.

Beraz, emakumeek, «lanaldi bikoitza» egiten dute. Eta denborari begiratuta, egunean, ordubete gehiago sartzen du. Zaintzaren bueltako lau ikuspegi bildu ditu Tolosaldeko Ataria-k.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!