Arratsaldeetan dituzten bi ordu libreak aprobetxatuz elkartu dira hiru lagunak Asteasuko plazan. Lau urte daramatza Tolosaldean Deisy Urbina Acuñak (Nikaragua, 1979) eta hiru urte Asteasun, bere koinata, Gleysis Ochoa Zabalak (Nikaragua, 1982). Haien lagun Azucena Alanis Gutierrezek (Nikaragua, 1978), berriz, bi urte beteko ditu, laster, barne langile, Asteasun. Lanera sartzeko ordua iritsi zaio elkarrizketaren erdian Ochoari, eta beste bi lagunek jarraitu dute galderei erantzuten.
Zein da zuen gaur egungo egoera?
Deisy Urbina: 2015ean iritsi nintzen Euskal Herrira eta sei hilabete ondoren hasi nintzen egungo lan honetan. Iritsitakoan, Irunen egin nuen lan, hilabetez, ordezkapen bat egiten. Baina jainkoari esker, lana topatu nuen, hemen, Asteasun, eta, ordutik, barne langile moduan ari naiz. Ama-alaba batzuk zaintzen ditut, baserri batean.
Gleysis Ochoa: Ni barne langile gisan hasi nintzen, baina zaintzen nuen emakumea berehala hil zen, 99 urte baitzituen. Eta egun, orduka egiten dut lan. Lanik ez zait falta izan behintzat.
Azucena Alanis: Nik, berriz, Asteasuko gizon bat hogeita lau orduz zaintzen egiten dut lan, kaleko pisu batean.
Zergatik aukeratu zenuten barne langileak izatea?
D.U.: Gustatuko litzaiguke beste zerbaitetan aritzea, baina beste edozein lanetarako lehen momentutik paperak eskatzen dizkizute. Eta inork nahi ez duen lana da barne langilearena. Oso astuna da, gau eta egun egon behar duzulako hor. Egunean soilik bi ordu ditugu atseden hartzeko.
G. O.: Nire kasuan ere berdin. Paperik ez daukadanez, ahal dena egin behar.
D.U.: Gainera, ezinezkoa da Nikaraguatik etorri berritan lan egin eta logela baten alokairua ordaintzea. Horrela ezin duzu aurreztu. Lanak onetik duena da, beti leku berean zaudela, bestela, lana leku batean egin eta lo beste batean egiten baduzu, hara eta hona ibili behar izaten da.
Paperak lortzeko prozesuan zaudete?
D.U.: Nik apirilaren 2an jasoko dut erresidentzia txartela. Hiru urte bete ditudanez Espainian erroldatuta, behingoz legez edukiko ditut paperak.
A. A: Erroldatzeaz gain, garrantzitsua da baita ere lan kontratua edukitzea, eta beste kontua da ea nagusiek egiten dizuten. Zeren, hori gabe, txartelik ezin dezakezu lortu.
Nolakoa da zuen egunerokotasuna?
D.U.: Nik, adibidez, baserrian egiten dut lan eta ez da pisu batean lan egitea bezalakoa, zeren, lan ezberdin gehiago egiten ditut; baratzean eta animaliekin aritzen naiz, adibidez.
G. O.: Nik senar-emazte batzuk zaintzen ditut. 9:00etatik 14:00etara egoten naiz haiekin eta, arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara. Gaua Deisy bizi den baserrian pasatzen dut.
A. A.: Nik, berriz, pisu batean pasatzen ditut hogeita lau orduak. Bi ordu ditut egunean atsedena hartzeko. Atseden orduak deitzen diete, baina, errealitatean ez dira. Atseden hartzeko baino gehiago deskonektatzeko dira. Buelta bat ematera joaten zarenetan burua beste leku batean izaten duzu, baina, gero, kartzelara bueltatu behar duzu, kartzela baten modukoa baita gure lantokia. Baina ez daukagu besterik. Ez gara herrialde honetakoak, eta jasatea besterik ez zaigu geratzen.
G. O.: Eta hori guztia, gure familietatik urrun.
D.U.: Buruan daukagun gauza bakarra lan egitea, aurreztea eta Nikaraguan daukagun familia laguntzea da.
Nikaraguara bueltatzeko aukerarik izan duzue inoiz?
A. A.: Hiruretako inor ez gara bueltatu. Gainera, erresidentzia txartelik gabe ezin dugu bidaiatu. Zeren, joaten bazara, gero ezin zara itzuli.
D.U.: Jainkoak nahi badu behintzat, abenduan joango naiz nire bi alabak, 10 eta 19 urtekoak, eta gurasoak ikustera. Lau urte egingo ditut haiek ikusi gabe. Oso gogorra da hona etorri eta bakarrik sentitzea. Hasieran etsita nengoen. Bueltatzea eta guzti pentsatu nuen, eta nire koinatua ekarri nuenean lasaitu egin nintzen.
Familiakoekin harremana mantentzen duzue?
A. A.: Egunero-egunero hitz egiten dugu. Horrexek pozten du bat. Egia esan, badaude nagusi batzuk egunean zehar mugikorra erabiltzen ere uzten ez dutenak. Gure nagusiek, gutxienez, ez digute debekatzen.
D.U.: Nik lagunak baditut mugikorrarekin ibiltzen uzten ez dietenak. Niri ez didate inoiz debekatu; are gehiago, mezuak erantzun ditzadala ere esaten didate, batzuetan.
A. A.: Durangon lan egin nuenean, zaintzen nuen emakumeak ez zidan uzten mugikorra erabiltzen, logelan uzten nuen egun osoan. Emakumea lotara sartzen nuenean erantzuten nituen mezu guztiak, eta askotan goizeko laurak arte egoten nintzen esna. Baina ez zitzaidan besterik geratzen, hark kaleratzen baninduen, ez nuen edukiko nora joan.
Zer baldintzatan egiten duzue lan?
D.U.: Niri beti ordaindu izan dizkidate oporrak. Baina baditut lagunak oporrik ere ez daukatenak. Nik alde horretatik kexarik ez dut. Batzuetan, beharrak eraginda, dirua aurreratzeko eskatu beharra ere izan dut, Nikaraguan ezbeharren bat edo gertatu izan zaidanean, eta nire nagusiek inoiz ez didate ukatu. Alde horretatik oso eskertuta nago.
Helburuak jartzeak denbora azkarrago pasatzea dakar?
D.U.: Ni hona etorri nintzenean, helburu garbi bat nuen: Nikaraguan egiten hasita geunden etxea ordaindu ahal izatea. Jainkoari eskerrak ez zait asko falta bukatu eta ordaintzeko.
G. O.: Deisy Euskal Herrira etorri zenean, Nikaraguan bere etxea nola egiten ari ziren ikusten nuen eta honela esaten nion: etxe honek malkoak, irriak eta denetarik darama.
A. A.: Behin, hona etorrita, lana erruz egitea besterik ez nuen buruan. Valentzian aritu nintzen lanean, Bilbon, Durangon, Abadiñon... Maleta txiki bat neraman, hiruzpalau trapu zaharrekin. Ni ere etxea eraikitzen ari naiz Nikaraguan, eta dagoeneko laurdena soilik falta zait etxe guztia ordaintzeko. Eta diru hori lortu egingo dut, bai ala bai.
Barne langileak baloratuta daudela uste duzue?
A.A.: Nagusien araberakoa dela esango nuke. Nekatuta zaudela ikusten zaituztenean atsedena ematen dizutenik ere bada. Ez da, ordea, nire kasua.
D.U.: Niri uzten didate, eta baloratua sentitzen naiz. Batzuei logelara sartzen ere ez diete uzten, eta hori ez da pertsona baloratzea. Zeren, atseden hartzea momentu batean eskubide bat da.
A.A.: Beste etxe batean gertatu zitzaidan, emakumeak beti bere aldamenean egotea nahi izaten zuela. Telebista ere berarekin ikusi behar izaten nuen, eta gainera, euskaraz. Aldatzeko eskatu nion behin eta honela erantzun zidan: «Hemen nik agintzen dut, eta horretarako ordaintzen dizut». Eta adibidez, beste etxe batean oso-oso ondo tratatu ninduten. Hilabetea bukatzeko 10 egunen faltan hil zen emakumea, eta haren familiak hilabete osoko soldata, opor guztiak, eta aparteko diru bat ere eman zidan. Guztira, 2.800 euro. 500 euro niretzako gorde, eta beste guztia nire familiari bidali nion. Zortea izan nuen, eta segituan aurkitu nuen beste lan bat.
Zer da gogorrena zuen lanean?
A.A.: Hogeita lau ordu irautea. Horretan zauden arte ez dakizu nolakoa den lan hau. Errazena da bisitan joatea, 10 minutuz egotea eta alde egitea. Askorekin gertatzen zait hori. Eta beste kontua da Nikaraguako jendeak pentsatzen duela Espainiara lan bila etorri garelako aberatsak garela.
D.U.: Nikaraguan jendea oso okertuta dago. Hona etortzen direnak segituan konturatzen dira zein den benetako errealitatea.