M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

«Erabat gutxietsita dago gure lana, eta gehiago baloratu beharko litzateke"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mar. 8a, 05:59

Gustukoa du zaintza, lana Ana Etxezarretak, eta Uzturre zentroan egiten du lan; kexu agertu da oso langile gutxi aritzen direlako lanean, eta greba feministarekin bat egitea ezinezkoa zaiela azaldu du.

Ana Etxezarretak (Tolosa, 1969) urteak daramatza adinekoak zaintzen, eta betidanik gustatu izan zaio egiten duen lana. Greba feministari begira, ordea, argi hitz egin du: «Minimoetan gaude. Lana egitea tokatzen zaienentzat ezinezkoa da, ezin ditugu langileak murriztu».

Uzturre zentroko langilea zara. Zein da zuen egunerokoa?

07:30ean sartzen gara, eta aitona-amonak garbitu, jantzi eta gosaltzeko prestatzen ditugu. Gosaria eman, eta bakoitzari dagozkion sendagaiak ematen dizkiogu. Beraiek egin ezin dituzten gauza horiek guk egiten ditugu. Hamar orduko ordutegia dugu, eta astelehenetik igandera egiten dugu lan. Aste oso batez lan egiten dugu, eta hurrengoan jai.

Zazpi egun jarraian?

Guk onartu dugun ordutegia da, ez da enpresak inposatu diguna. Aukera eman ziguten, eta baiezkoa atera zen. Hala ere, ez da ordutegi batere egokia. Gogorra da. Zazpi egunetan hamar orduz lan egitea, oso gogorra egiten da, eta oso gaizki bukatzen dugu astea.

Lanak egiteko zer moduz moldatzen zarete?

Gaizki. Oso langile gutxi gaude. Aldundiak horrela jarrita ditu ehunekoak, eta ez ditu aldatu nahi, edo ez du asmorik azaltzen aldatzeko. Egia esan, oso eskasa da. Orain ditugun aitona-amonak ez dira orain urte batzuetakoak bezalakoak. Urte gehiago betetzen dituzte, eta zaintza handiagoa behar dute. Horrek esan nahi du, zaintza lanetarako pertsona gehiago behar direla, eta ez gaude nahikoa. Oso gutxi gaudela esango nuke.

Nik zainketa aringarrien solairuan egiten dut lan. Suposatzen da, behar handiak dituzten pertsonak daudela. 17 pertsona ditugu, eta bi langile bakarrik gaude. Goizean, ordu eta erdiz edo bi orduz, hirugarren pertsona bat sartzen da. Bestela egun guztirako, bi pertsona gaude.

Eta laguntza behar dutenean, zer?

Itxaron egin behar dute, ezin da besterik egin. Oso gaizki gabiltza, eta kexatzen gara, baina, lehen esan moduan, ratioak jarrita daude, eta ez dago aldatzeko asmorik. Senideek ikusten dute nola ibiltzen garen, eta beraiei ere esaten diegu kexatzeko; indarra egiteko beraiek ere. Baina beldurra edo izaten dute, eta ez dira ausartzen.

Guztira, zenbat langile zaudete?

80 bat izango gara, eta zentroan 180 bat aitona-amona daude. Eguneko zentroaz gain, solairuak ditugu eta, horrez gain, behar bereziak dituztenak.

Horietatik zenbat zarete emakumezkoak?

Zaintzaile bezala bi gizon daude. Bestela, administrazioan gizonezko bat dago, eta mantentze lanetarako beste bat. Beste guztiak emakumeak gara. Lehen bost gizonezko zeuden, eta orain bira murriztu da.

Gustuko lana duzu?

Bai. Asko gustatzen zait. Betidanik. Askotan entzun behar izan dut: «Lana zer egiten duzu, ipurdiak garbitzen?». Eta ez zait batere gustatzen. Hori eta beste gauza batzuk egiten ditugu. Nik uste dut gure aitona-amonak ez direla bakarrik ipurdiak garbitzeko. Askoz gehiago dira. Beraien bizitzetako azken urteetan ahalik eta ondoena bizitzea merezi dute.

Errealitate gordinak bizitzea tokatuko zaizue.

Bai. Ikaragarri.

Bakardadea dago?

Bai, handia. Behar gehiago dituzte, eta ezin dizkiegu eman. Ez gara iristen denengana.

Eskertzen dute zuen lana?

Denetik dago. Batzuek bai, eta beste batzuek ez. Gure lana dela, eta obligazio moduan bizi dute. Neskameak garela pentsatzen dute. Eta beste askok eskertu egiten dizute. Denetarik dago.

Zuen eguneroko borroka, lan erraza da?

Ez da lan erraza. Bakoitzak du bere izaera, bere gaixotasuna, ... Eta ez da erraza. Moldatu egin behar izaten dugu, eta asko aguantatu behar izaten dugu. Baina, ondo ez daudelako daude zentroan, eta horrek ulertzen laguntzen zaitu. Zerbait esaten badizute, edo jotzen bazaituzte, badakizu ez dela beraiek nahi duelako. Ez daude ondo, eta gaitzak ere gauza horiek ekartzen ditu.

Pazientzia beharko da.

Bai. Erantzun txarrak, jotzea, ... Dena ulertu egin behar da, eta hori eramaten jakin egin behar da.

Familiekin zer moduzko harremana duzue?

Denetarik dago. Aldea dago, ordea, gutxi edo asko joaten direnen artean. Senidea asko joaten bada, oso harreman ona izaten dugu, eta gutxiago joaten badira, bada, gutxiago sortzen da. Askok beraien erruduntasuna ere izaten dute; ez dira ondo sentitzen zentrora eraman dituztelako, eta horrek askotan gure lanean eragiten du. Gehiago exijitzen digute. Aldiz, normalean asko joaten direnek ulertzen dute gure lana. Ulertzen dute zein zailtasun ditugun, ulertzen dute gutxi gaudela eta, asko, laguntzen saiatzen dira. Horiekin oso harreman ona izaten dugu. Kalean ikustean ere egoten gara, eta horiekin harreman polita sortzen da.

Etxeko moduan dituzue, beraz.

Denetarik dago. Badira zortzi urte daramatzatenak, eta izan ditugu 20 urtez egon direnak ere, eta urte asko dira. Egunero-egunero elkarrekin egoten gara, eta estimua hartzen diezu. Beraien bizitza nolakoa izan den ezagutzen duzu, eta ulertu egiten dituzu.

Nahiz eta langileak izan, zailena, heriotza izango da.

Bai. Egunero gaude elkarrekin, eta pena izaten dugu. Baina etxera joan, eta ahazten saiatu behar dugu, bestela, bizimodu normal bat izatea zaila da. Ez badugu tarte bat jartzen, askotan, gaizki pasatzen dugu. Harremana egiten duzu, eta pena ematen dizu. Neure burua ere ikusten dut. Urteak harrapatzen baditut, beraiek bezala egongo naizela pentsatzen dut. Eta, behin adin batera iritsita, zer pentsatua ematen dizu. Nik beti eskatzen dut, aldundietako jendea-eta gehiagotan etortzeko.

Zergatik?

Lehen emakumeek etxeetan doan egiten zuten lan bat da hau. Orain, etxeetan egiten da, baina baita etxetik kanpo ere. Eta lan baldintza kaskarrak ditugu, eta beharrak handiagoak dira: soldata, langileen ehunekoak, ... Guk ere egin behar dugu indar pixka bat, baina agintariek ez dute ikusi nahi zer dagoen. Nik beti eskatzen diet etortzeko. Asko hitz egiten dute, eta dena ondo eramatea nahi dute, baina, jende gutxirekin, esaten duten hori guztia ondo egitea zaila da. Pertsonekin ari gara lanean, eta pertsonek gauza asko behar dituzte. Ez da, bakarrik, garbitu eta jana ematea, baizik eta, beraiekin egontea, eta maitasuna ematea. Eta hamar orduko lanarekin ere ez gara iristen. Familia ere oso garrantzitsua da. Ez da nahikoa adinekoa zentrora eramatearekin. Joan egin behar dute bisitan, ahalik eta gehien. Gure aitona-amonentzako oso garrantzitsua da beraien familia. Zenbat eta gehiago joan, askoz hobeto egoten dira.

Euskal Herriko mugimendu feministak greba deitu du. Zentrora iritsi da mezua?

Zerbait iritsi da, baina gutxi. Horrelakoetan, ordea, beti esaten dugu, ez dela egun bateko kontua. Urte guztian jorratu behar da, eta egunero.

Greba egiteko aukerarik izango duzue?

Zaila izango da, eta ez dut uste posible izango denik. Guztiok emakumeak gara eta, lehen esan bezala, hain langile gutxi gaude, ezinezkoa dela. Greba egiteko, langile minimo batzuk eskatzen dizkigute, eta gu minimoetan gaude. Aukera gutxi dauzkagu. Lana egitea tokatzen zaienentzat ezinezkoa da, ezin ditugu langileak murriztu. Borroka handia daukagu, eta nagusiek ez dute ulertzen. Zarata ateratzen saiatuko gara, baina egunero egin beharra daukagu.

Zaintza erdigunean jarri dute.

Gure kasuan, ama garenok, oso ordutegi txarra daukagu. Etxeko kontuak ondo eramateko zailtasun handiak izaten ditugu, batik bat, goiz eta arratsalde lan egiten dugunean. Haur txikiak dituztenei erraztasunak emanagatik, eta murrizpena hartzeko arazorik ez izan arren, hala ere, ez du konpontzen arazoa eta kosta egiten da kontziliazioa aurrera eramatea. Erabat gutxietsita dago gure lana, eta emakumeon lana gehiago baloratu beharko litzateke.

Zein langile mota zaudete?

Denetarik gaude, baina gazte asko sartu da. Eta helduagoak ere badaude, eta lan oso gogorra da. Pisua erabili beharra daukagu, eta oso nekatuta bukatzen dugu. Gazteek ere hori esaten dute, eta batzuk, dagoeneko, ez dabiltza bizkarretik oso ondo. Fisikoki oso lan gogorra da, eta psikologikoki ere eragina dauka. Baina hori ez dute ikusi nahi, eta horretarako etorri egin behar dute, denborarekin, eta ikusi, eskatzen duguna ez dela eskatzeagatik, baizik eta, aitona-amonentzako eta guretzako hobea delako.

Erlazionatuak

Zaintza denen lana dela ikustarazteko

Eneritz Maiz-Irati Saizar 2019 mar 08 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!