M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

"Emakumeok ezin dugu beti musu truk lan egin"

Irati Saizar Artola 2019ko mar. 8a, 05:59

Gogoko du egiten duen lana, eta gogoko du jendea zaintzea. Argi du, ordea, egiten duen hori lana dela, gizatasunez egiten dela eta, horrek, aitortza merezi duela.

Jendaurreko lana utzi, eta zaintza lanetan denbora darama Lurdes Saizarrek (Berastegi, 1958). Haurrak zaindu zituen hasieran, eta duela sei urte hasi zen helduak zaintzen. Leitza zuen bizileku duela hiru urtera arte eta, egun, Berastegin bizi da, bere jaiotetxean. Otsaila amaieratik bere etxean egiten du lan; osaba bat hartu du, eta hortik jasotzen du soldata.

Noiz hasi zinen zaintza lanetan?

Urte luzez jendaurrean egin izan dut lan, eta duela sei urte inguru hasi nintzen pertsona zaharrak zaintzen. Baina lehenagotik ere egin izan dut zaintzan lan, haurrak zaintzen. Hamabi urterekin Berastegiko eskola garbitzen hasi nintzen, eta hamalau urtez geroztiko jendaurrean egin dut lan, dendetan. Nekatu eta erre egin nintzen, ordea, eta etxe ondoan haurrak zaintzen hasi nintzen. Bederatzi urtez aritu nintzen lan horretan.

Eta, haurrak zaintzetik, helduak zaintzera pasatu zinen.

Bai, sei urte izango dira dagoeneko. Beti, ordea, kontratupean egin dut lan. Nire opor, gizarte segurantza eta eskubide guzti-guztiekin.

Erraza da zaintza lanetan kontratu bidez aritzea?

Nik beti exijitu izan dut lan kontratua eta, egia esan, ez dut inoiz arazorik izan. Nik beti sartu izan ditut nire zortzi orduak. Eta, ordutegi aldetik, beharren arabera moldatu izan naiz, goizean gehiago eta arratsaldez gutxiago eginez, edo alderantziz; beharrak eskatzen zuen moduan. Argi izan dut kontraturik gabe ez nuela lanik egin nahi, aitortza behar dugu emakumeok.

Malgutasuna eskatzen duen lana da?

Baietz esango nuke. Leitzan zaindu nuen gizonak alzheimerra zeukan eta, nik nire zortzi orduak egiten nituenean, emaztearekin bakarrik geratzen zen. Behin, ordea, emaztea operatu egin zuten, eta lau hilabetez barneko langilea izan nintzen haien etxean. Orduan, pertsona bat zaintzetik bi zaintzera pasatu nintzen, eta soldata ere bikoitza jasotzen nuen.

Atseden ordu eta egunak eta behar bezala errespetatzen zenituen?

Bai, bai, guztiak behar bezala errespetatzen nituen. Gero, gizona hil egin zen, eta emakumea lau orduz zaintzen hasi nintzen. Orduan, aldameneko etxebizitzan bizi ziren ume batzuk beste lau orduz zaintzeko aprobetxatu nuen. Leitzan bizi izan naizenean, beti etxeetan ibili izan naiz lanean, era batera edo bestera nire zortzi orduak betetzen. Gero, Berastegira etorri nintzen bizitzera eta, orduan pentsatu nuen, Tolosa ingurura joan beharko nuela lanera.

Eta herrian bertan suertatu zaizu lana.

Bai, hala da. Joan den udan Ategi tabernan egin nuen lan. Eta, orain, nire osabarekin hasi naiz lanean. 86 urte ditu eta, orain arte, udalak Gaztainondon dituen tutoretzapeko etxebizitzetan bizi zen. Hark galdetu zidan, bera zaintzen lan egin nahi ote nuen. Lan aukera bat ikusi nuen, eta horri heldu diot. Nire etxera etorri da bizitzera, eta nik nire etxetik zainduko dut.

Ez zen erabaki erraza izango.

Erretiroa lortzeko bost urtez lan egitea tokatzen zait. Beste leku batera lanera joan beharrean, nire etxean bertan lan egitea aukera bat zela ikusi nuen. Osaba etxean hartu dut, baina nire eskubide guztiekin ari naiz lanean. Soldata bat daukat, nire gizarte segurantzarekin, nire ordainsariekin eta nire jai egunekin. Azken finean, kanpoan egingo nukeen lana, etxean egiten dut. 24 orduz dago nire etxean, hori ere horrela da, baina dena baloratuta dago. Zaintza lanak hala behar du izan.

Eta, jubilatzean, zer egingo duzu?

Nik lan hau bost urterako hartu dut. Jubilatzean ikusi egin behar, bai ni nola dagoen, bai osaba nola egongo den.

Zure egoera berean dagoenik izango da.

Bai, eta horixe aldarrikatu nahi dut. Etxeetan ni bezalako emakume asko eta asko daude, dela osaba edo izeba zaintzen, dela gurasoak zaintzen. Zaintza hori, ordea, ez dago lan bezala onartuta. Baina egiten duguna lana da. Emakumeok ezin dugu beti musu truk lan egin.

Familiakoa izateak, izango du onuratik ere.

Bai, azken finean, osaba-iloba izatearen maitasuna hor dago. Lan honetan, azkenean, gizatasun asko dago, eta gizatasunez egiten da lan. Familiakoa izanagatik, baloratuta sentitzea garrantzitsua da, zeren, asko ez daude hala.

Lana gustatzea ere garrantzitsua izango da.

Horregatik egiten dut nik, gustatzen zaidalako. Hutsune asko betetzen dizkit, bete egiten nau. Beti pertsona zaharrez inguratuta egon izan naiz, eta oso maitatua sentitu izan naiz jende helduarekin. Azken batean, nik aukeratu dut honetan lan egitea.

Erlazionatuak

Zaintza denen lana dela ikustarazteko

Eneritz Maiz-Irati Saizar 2019 mar 08 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!