Ibarguren Lasa familia zazpi senidez osatua da, eta Pepi Ibarguren (Ikaztegieta, 1959) da amarekin ia ordurik gehien pasa dituenetakoa. Amari hanka moztearekin batera, etxean zaintzaile bat kontratatzeko erabakia hartu zuten familian. Hondurasko emakume bat kontratatu zuten eta, ama duela 3 urte hil izanagatik, gaur-gaurkoz, oraindik ere, harreman oso ona mantentzen dute zaintzailearekin.
Zuen kasuan, ama zaintzeko noiz iritsi zen zaintzaile baten beharra?
Aste baten barruan, amari hanka moztu behar izan zioten. Ez genuen horrelakorik espero eta, hanka gangrenatu zitzaiolako, astebeteko epean erabaki behar izan genuen guztia. Bost urte lehenago ultzera bat izan zuen, eta gero gaiztotu egin zitzaion.
Ama bakarrik bizi zen.
Bai. Independentea zen guztiz. Ez zuen inoren beharrik.
Nola hartu zenuten zaintzaile bat hartzeko erabakia?
Bera ospitalean egon zen garaian, hasierako egunetan, pastilen ondorioz, ez zen bere buruaren jabe. Kordea itzuli zitzaionean, berak segituan galdetu zigun: «Zer egiteko asmoa duzue nirekin?».
Zazpi senide gara eta, momentu hura iristerako, aldez aurretik hitz egin genuen gure artean. Garbi esan genion: «Ama, zu etxera; etxea jada prest dago zu hartzeko». Gurpildun aulkian itzuli zen etxera, eta gauza batzuk kendu egin behar izan genituen etxetik. Ohe egokitu bat jarri eta, beste egokitzapen txiki batzuekin, prest jarri genuen guztia. Guztiok ados jarri ginen, ama etxera ekartzeko.
Erraza izan zen zaintzailea bilatzea?
Bai, etxera etortzerako hitz eginda geunden, aldez aurretik herrian lanean aritua zen emakume atzerritar batekin, Norarekin. Berak segituan esan zigun ez zuela guretzat karga bat izan nahi, baizik eta lagundu egin nahi zigula.
Zuen kasuan ere, zaintza lanetarako atzerritar bat hartu zenuten. Nola hartu zuen amak?
Oso gustura. Bera oso gustura egon zen Norarekin, eta Nora gure amarekin ere bai. Gaixo ona izan zen ama. Burua argi izan zuen denbora guztian, eta estimu handia hartu zion Norari. Nahiz eta hanka bakarra izan, beti lagundu egiten zion zaintzaileari, berak bizkarra mindu ez zezan. Harreman ona egin zuten. Era berean, amak argi esan zigun, asteburuetan, bere seme-alabekin egon nahiko zukeela.
Asteburuetan, beraz, seme-alabok arduratzen zineten ama zaintzeaz?
Bai. Asteburuetan, txandaz txanda egiten genituen, larunbatak eta igandeak. Horrela, Norari jai ematen genion. Sei ahizpa gara, eta anaia bat. Nire anaiak, ordea, dutxatu, pijama aldatu eta horrelakoak ez zituen egiten. Amari igurtzi eta muxuak eman bai, baina, lan horiek egitea, Maribi koinatari egokitu zitzaion, anaiaren partez.
Kasu horretan ere, orduan, emakumeak hartu behar izan zuen ardura hori.
Bai, horrela da. Koinata bera prest azaldu zen lan horiek egiteko. Gure aldetik ez zen arazorik izango nahi ez bazuen ere, baina beti prestutasuna azaldu izan zuen gurekin bat egiteko.
Kontratuarekin hartu zenuten zaintzailea?
Zazpi hilabetean, paperik gabe zegoenez, ezin izan genion kontraturik egin. Ez zen erraza izan, baina paperak lortzen lagundu genion. Eta gero kontratua egin genion.
Amak oso garbi zuen, besteok kobratzen genuen moduan kobratu behar zuela Norak ere. Aparteko orduak kobratu behar zituela, eta opor egunak ere izan behar zituela. Oso lan gogorra egiten dute zaintzaileek, eta oso baldintza gogorretan bizi dira. Noraren kasuan, hiru urte zeramatzan, Hondurasera, bere seme-alabengana eta familiarengana joan gabe. Irabazten duten ia soldata guztia bidaltzen dute hara, eta familia osoa hemen irabazitakoarekin bizi da Hondurasen. Psikologikoki oso gogorra izan behar du.
Esperientzia ona izan da?
Guretzat oso ona, eta baita amarentzat berarentzat ere. Oso-oso gustura egon zen. Igande iluntzetan, Nora etxera etortzen zenean, amari aurpegia aldatzen zitzaion. Nahiz eta bere seme-alabekin egon, Norak gehiago lasaitzen zuen. Gure aldean goxoagoak dira, mimosoagoak eta lasaiagoak. Eta gaixoak hori behar du, mimoak eta pazientzia.
Beraz, asteburuetan jai egiten zuen langileak.
Bai, larunbat goizetik igandeko gaueko hamabiak bitartean. Baina zubi askotan jai ematen genion, eta Bilbon geratzen zen lagunekin. Edo beste edozer behar bazuen ere, gu laguntzeko prest geunden. Ikastaroak egin zituen gurekin egon zen bi urte eta erdian; edo medikutara joan behar bazuen ere, erraztasunak ematen genizkion.
Kasu hauetarako diru laguntzarik bada?
Bai, bai. Hanka moztean udaletxeko gizarte zerbitzuetara joan ginen, eta bertatik bideratu zuten: ohea, gurpildun aulkia,... Eta, behin langilea kontratuarekin jartzean ere, Gipuzkoako Foru Aldunditik laguntzak jaso genituen. Laguntzak, egon badaude.
Euskal Herriko mugimendu feministak iaz eta aurten ere greba deitu du. Baduzu horren berririk?
Ez naiz gehiegi enteratu, baina iaz bezala, aurten ere, Tolosaldean egingo diren mobilizazioetara joango naiz. Eta emakumeen alde hasi diren borroka hauekin erabat ados nago.