T3T eta T2T mendi lasterketak 2018

Oier Ariznabarretak eta Maite Maiorak irabazi dute T3T-n

Ataria 2018ko eka. 17a, 18:46

T2T-n Iñaki Olano eta Oihana Kortazar izan dira helmugan lehenak.

Izarrak izan diren arren, lasterketa herrikoiaren kutsua izan dute Tolosaldeko 3 Tontorrak eta Tolosaldeko 2 Tontorrek mendi lasterketek. Azken honetan, parte hartzaileen gehiengo nabarmena eskualdekoa zen. Hala eta guztiz ere, Oihana Kortazar eta Maite Maiora podiumaren gorenean dituen lasterketa batek punta puntakoa izan beharra dauka, zalantzarik gabe. Gizonezkoetan Oier Ariznabarreta durangarra eta Iñaki Olano altzotarra nagusitu dira. Hauek ere txapela kentzeko lasterketa egin dute, goi mailako mendi lasterkariak direla erakutsiz.

Eguna bustia izan da lehen orduetan. Iragarpen batzuk aurkakoa zioten arren. 09:00etan T3T-koek hartu dute irteera, txalo zaparrada jasoz. Mendi maratoia Hernio aldera abiatu da. Oier Ariznabarretak hasieratik utzi nahi izan ditu gauzak argi. Erritmo bizi batekin jarri da lasterketaren buruan. Hasierako maldetan inguruan lagunak izan baldin baditu ere, Hernioko tarteko helmugara bakar bakarrik agertu da. Bere denbora: 1:05:59. Ez da markarik izan, baina 200 euroko saria durangarrarentzat joan da. Ondorengo edizioetan kontuan hartzekoa: marka hobetzen duenak 100 euro gehiago jasoko ditu. Lehen tontorrean ezustekoa Iker Karrerak eman du. Ordura arteko erreferentzietan ez zen bere izenik aipatzen, baina laino artetik amezketarra agertu da bigarren postuan Hernion. "Baina hau ez da bere distantzia eta", pentsatu dute askok. Ez, beldurgarria ematen duen arren, 42 kilometroko mendi lasterketa laburregia da Iker Karrerarentzat.  Tartea, ordea, handia zen. Ariznabarretak Karrerari ia bost minutu ateratzen zizkion bigarrenari. Garaipena eskuan zuela iragartzeko goizegi zen arren, durangarra beste abiadura batean zihoan.

20 korrikalari eskas paseak zirenean iritsi da Maite Maiora Herniora. Mendarokoa mundu mailako lasterkaria da; pentsa, webgune bat eta guzti dauka! Hori bai, horrenbeste lasterketa eta lorpenek ez diote oraindik web orria amaitzen utzi euskaldunari.

Maiora Herniora oso sendo iritsi da, txalo eta oihuen artean. Ia zazpi minutuko aldea ateratzen zion bigarrenari tontorrean. Bigarrena, helmugan bezala, Maite Etxezarreta izan da. Lehen postua nahiko argi baldin bazen ere, irteeratik esan daiteke, bigarren posturako lehia polita eduko dute Etxezarretak eta Amaia Amantegik, lasterketaren lehen zatian.

Bigarren tontorretik aurrera tarteak egonkortu edo pixka bat zabaltzen joan dira. Podiuma finkatuta geratu da Uzturren; emakumeetan. Gorabeherak gizonezkoen lasterketan etorri dira, hirugarren posturako lehian.

Hirugarren posturako lehia

Uzturren Igor Amantegi izan da hirugarren. Bi minuturen bueltan, ordea, beste hiru aurkari zituen: Martin Diez, Gotzon Zukaika eta Iñigo Arantzamendi. Goar Lopetegik, iaz hirugarren amaitu zuenak, podiuma ez zuen urruti bigarren tontorrean, baina ibartarra ia lau minutura zegoen, zazpigarren Uzturren. Elduainerako tartean Gotzon Zukaika izan da txakalaldia izan eta lehen hiru postuetako lehiatik at geratu dena. Igor Amantegi bera ere ez da fin ibili jaitsiera horretan, eta aurkariak gainera etorri zaizkio. Amantegi bera, Iñigo Arantzamendi eta Martin Diez elkarrekin pasa dira Elduaindik. Erroizpeko tontorra zuten aurretik, lasterketako azkena; podiuma erabaki behar zuena. Esan beharra dago, lehen bi postuak Ariznabarreta eta Karrerarenak zirela ordurako. Nahiz eta azken zatian T3T-ren irabazleak asko sufritu.

Hirugarren postuaren lehiara itzulita, Elduaingo hirukoa Erroizpe gainean biko bilakatu da. Amantegik ordura arte erakutsitako bilakaerarekin jarraitu du: goitik behera eginaz. Goar Lopetegi bera bost segundora gerturatu zaio. Horrek, bi postu utzi ditu airean: hirugarrena eta bosgarrena.

Azken zati ikusgarria egin duena podiumera igo den Iñigo Arantzamendi izan da. Erroizpetik helmugara Oier Ariznabarretak 30 minutu pasa baldin baditu, Ondarrukoak 24 behar izan ditu. Iker Karrera berari lau minutu jan dizkio azken jaitsiera horretan Arantzamendik, podiumaren hirugarren postua lortuz. Goar Lopetegi izan da Erroizpetik helmugarako tartean bigarrena, 26 minutuko denborarekin. Horri esker bosgarren postuan amaitu du ibartarrak.

SAILKAPENAK ETA DENBORAK

T3T (42,7 kilometro)

1. Oier Ariznabarreta      4.18.49

1. Maite Maiora              5.01.17

2. Iker Karrera              4.27.32  (+0.08.43)

2. Maite Etxezarreta      5.17.40  (+0.16.23)

3. Iñigo Arantzamendi   4.29.38  (+0.10.49)

3. Amaia Amantegi        5.27.11  (+0.25.54)

Tolosaldeko lehenak

Uxue Etxebeste alkizarra (4.) eta Iker Karrera amezketarra (2.)

23 urtez azpikoak

Martin Diez eta Aiora Garaialde

Beteranoak (45 urtetik gorakoak)

Elixabete Ursua eta Ruben Epelde

Hernioko tarteko helmuga

Maite Maiora eta Oier Ariznabarreta

 

T2T (24,5 kilometro)

1. Iñaki Olano

1. Oihana Kortazar

2. Borja Zubizarreta

2. Tanit Perez De Lezeta

3. Jon Aizpuru

3. Maialen Gurrutxaga

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!