Goizeko lehen ordutik hasi da giroa Uzturren, eta altxatzea kosta bazaio ere, giro ederra izan da gerora. Aralarko Adiskideak elkarteko kideek hamaiketakoa prestatu dute gurutzera joan diren guztientzat eta horrek ere lagundu du, lehen orduan bereziki.
Uzturretik igarotzen goiztiarrenak T2Tko korrikalariak izan dira. 09:30ean zuten irteera, eta hura zuten igo beharreko lehen tontorra. Tantaka tantaka joan dira iristen. Are bananduago iritsi dira Uzturrera T3Tko parte hartzaileak, horietako asko, sufrimendu aurpegiekin. Baina egina zuten ibilbidearen erdia baino gehiago.
Irudi bitxi bat ere izan da Uzturreko puntan: Ane Iturria gaztea, 16 urtez azpiko Espainiako Kopako lasterketa guztiak irabazi dituen tolosarra, aitaren zain zegoen bertan. Jexux gurutzera iritsi denean, biek elkarrekin egin dute aurrera.