T3T eta T2T mendi lasterketak 2018

T3T eta T2T 2018: azken ostikoak Erroizpen

Ataria 2018ko ekainaren 17a

Bi lasterketetako azken tontorra zela kontuan hartuta, neke aurpegia zen nagusi lasterkarien aurpegietan Erroizpeko gainean. 

Goizean, behe lainoak hartuta zeukan Erroizpeko gaina ere. Hala ere, umorez hartu eta animo oihuak eginez goiza pasatzera joan da jendea. Aurreikusitako denboran iritsi dira lehen lasterkariak mendi gainera, 11:15ean.  Pixkanaka, eguzkia ere indartzen joan da eta orduan eta jende gehiago iritsi da Erroizpera. Batzuk oihuak egin dituzte, besteak txaloak jotzeaz eta olatua egiteaz arduratu dira, eta bazen zintzarria eraman eta lasterkariak aurretik pasa ostean astintzen zuenik.

Tontorretan azkena dela kontuan hartuta, mota guztietako aurpegi eta keinuak ikusi ahal izan dira. Batzuk, pozez zoratzen azken aldapa igo eta gainerako ibilbide guztia behera egin behar zutelako; eta behera gehiago sufritzen dutenak, berriz, burumakur. 

Aurten, ezin izan dute anoa gunea Erroizpeko puntan jarri, bidean lokatz asko zegoen eta ibilgailuek ezin izan dute goraino igo. Beraz, gaina pasa eta berrehun metro beherago jarri behar izan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!