Lehen aldapa horretan hasi da ebakitzen taldea. Oier Ariznabarreta garaileak hasieratik hartu du lasterketa burua, eta hasieran konpainia izan badu ere, bakarrik iritsi da Herniora.
Goibel zegoen Tolosa goizeko lehen orduan, Kuadrilla Egunak utzitako aje apur batekin ere bai, baina Aitor Elduaien bikain aritu da giroa berotuz, hizlari lanetan.
Jende ugari gerturatu da irteera puntu horretara, eta lasterketa hasi baino 20 segundo lehenago hasi dira ikusleak korrikalariak txalotzen. Lasterkari batzuk ere txaloak itzuli dizkiete. Ohi moduan, Montezkue auzoko lehen aldapa horretan ere ikusle ugari izan dira.