Zabalduz doa Altzoko Handia gehiago ezagutzeko eskaintza

Imanol Garcia Landa 2018ko mar. 18a, 14:38

Altzoko Handiaren inguruko baliabideen aurkezpen ofiziala egin dute gaur Altzon: ikus-entzunezkoa, interpretazio zentroa, eta Segoretxe taberna-jatetxea, bere informazio puntu eta herriko produktuen dendarekin.

Jende ugari izan da gaur Altzon inaugurazio ekitaldia jarraituz. Herritarrez gain, hainbat erakundeetako ordezkariak izan dira. Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiak azkenaldian sortu duen ikusminari erantzuteko zein herrian bertan berari buruz gehiago ezagutzeko, martxan jarri diren baliabideak erakutsi dira. Joseba Elduaien Altzoko alkateak baliabideen berri eman duenean, azaldu du ez dela "milaka biztanle dituen herri edo hiri batean aurki dezakegun turismo bulego bat. Ez dugu nahi izan Altzorentzat arrotza izan zitekeen gune bat egin, baizik eta herritarrek berea sentitzen duten gune bat". Elduaienek gaineratu duenez, "gu geu gara herriaren enbaxadore onenak. Gurera bezalako herri batera egokitutako turismo bulego bat izango da, non herritarrek nahiz bisitariek aukera izango duten Altzoko Handiaz zein bere inguruan sorturikoaz informazioa jasotzeko".

Baliabideak turismo planaren barruan garatu dira eta horretarako aldunditik jasotako laguntza eskertu du alkateak. Ekitaldian Denis Itxaso Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua izan da, eta Altzoko udal taldea zoriondu du egindako lanarengatik. "Altzoko Handiaren istorioa ez da bakarrik altzotarrena izan, gipuzkoar eta euskal herritar guztiok hazi gara eskolan istorio hori ezagutuaz", azaldu du Itxasok. "Handia pelikulak berriz berreskuratu du istorio hori, eta gainera produkzioaren aldetik eta zinemaren aldetik aurrerapausoa izan da euskal zinemarentzat". Bestalde, Itxasok nabarmendu du turistak Gipuzkoako barnealdera erakartzeko beharra, eta "horrelako harrabotsa sortu duen pertsonaia batek hemen bere jaioterrian leku bat izan behar zuen".

Lurdes Murua zinegotziak aurkeztu du Gure Haundie izeneko ikus-entzunezkoa, Eriz Zapirainek egina  Koldo Izagirreren gidoiarekin. Euskaraz gain beste lau hizkuntzetan izango da entzungai: gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta katalanez. "Adin guztietako herritarren parte hartzearekin egin dugu ikus-entzunezkoa, eta benetan polita da”, esan du Muruak, eta gogora ekarri du baliabide horrek herriko hurrengo belaunaldiek zein kanpotik etorriko diren bisitariek Altzoko Handia hobeto ezagutzeko aukera emango diela.

Interpretazio zentroa ikusteko aukera izan da ondoren. Jaime Garcesek, Basoko Altzariak-eko proiektu taldeko kideak, egin ditu aurkezpen lanak. Leku berezia du bertan Iñaki Moyuak egindako Altzoko Handiaren irudiak, berezko tamainan, dotore geratu dena Fermin Teruelek atondutako jantziekin. Garcesek azaldu duenez, "lehenengo gauza izan zen Iñaki Moyuari galdetzea ea berak irudia egiterik zuen, eta baiezkoa jasotzerakoan, hori elementu nagusi moduan jarri dugu". Horrekin batera, jaka eta abarkak, pelikularako egindako zenbait elementu, eta operarako erabilitako zenbait txotxongilo jarri dira. "Ez da museo moduan jarri, baizik erakustoki moduan. Horri misterio puntu bat ematea otu zitzaigun, eta Altzoko Handia ikusteko zulo batzuetatik begiratu behar da", azaldu du Garcesek.

Ekitaldiarekin bukatzeko, Segoretxe taberna-jatetxera joan dira, eta mokadutxoa hartuz ikusi ahal izan dute eraikinaren eraberritzea, eta baita informazio puntua zein herriko produktuekin jarritako denda. Altzoko Udaletik azaldu dutenez, aurrera begira prozesu parte hartzaile bat jarriko dute martxan herrian, gaur aurkeztutako baliabide hauek nola garatuko diren hausnartzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!