Tolosaldea Arraun Klubak 2008. urtean egin zuen itsasorako jauzia, lehen aldiz. Traineru propioa osatu zuen, Tolosaldea izendatuz. Ondorengo lau denboralditan, 2009tik 2013ra, Getaria-Tolosa izena hartu zuen, Getariarekin elkarlanerako hitzarmena lortu ostean.
Lau denboraldi horietan emaitza bikainak lortu zituzten elkarrekin: Bandera ugari lortzeaz gain, Gipuzkoako txapeldun izan ziren birritan, eta Euskadiko txapeldun 4 aldiz. Gainera, Emakumezkoen Traineru Ligako lehen irabazleak izan ziren 2011n. Kontxako Bandera ere eskura izan zuten bi urtez jarraian, 2010ean eta 2011n, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. 2013an hitzarmenaren amaiera iragarri zuten ezustean, eta ordutik Tolosaldeak ez du traineru propiorik izan.
Beste talde batzuen ontzietan lehiatu behar izan dute ordutik eskualdeko arraunlariek: San Juanekin, Zumaiarekin, Hernanirekin, Oriorekin... Bien bitartean, TAK-ek batelekin jarraitu du lanean Oria ibaiaren ertzean. 100 arraunlari inguruko taldea osatu du urtero, eta haiekin egindako lanak fruituak eman ditu, itsasora itzuliko baita TAK.
Etxeko taldea
Kantauri itsasoan aritzeko taldea osatu du aurten eskualdeko arraun taldeak. Zarauzko arraun taldearekin sinatu du hitzarmena, eta hori dela eta, Aiako uretan entrenatuko du taldeak, kostaldeko klubak utzitako traineruari esker. Taldea, baina, Tolosaldeko arraunlari eta teknikariek osatuko dute bere osotasunean. Talde berria maiatzean aurkeztuko dute ofizialki.
Lehenago, hilabete honetan bertan, batel denboraldiari emango diote hasiera eskualdeko arraunlari gazteek. Horregatik, taldearen aurkezpen orokorra egingo dute igande honetan bertan, Euskal Herria plazan. Ondoren, 11:00etatik aurrera, probak egingo dituzte Oria ibaian.