«Kendu daitezke, baina ez egun batetik bestera»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 1a, 13:16

Uste oker asko dago tatuajeen inguruan, eta horietako bat da tatuajeak kentzea oso mingarria dela eta baita oso garestia ere. Donostiako Gros auzoko Destattooate zentroko Ana Hernandez Perezek dio tatuaje guztiak kendu daitezkeela eta geroz eta bezero gehiago dituztela, «batez ere, cover bat egin nahi dutenak etortzen dira, hau da, tatuaje zahar baten gainean beste bat egin nahi dutenak».

Tatuajeak kendu daitezke, beraz.

Noski. Markarik ez geratzeko, garrantzitsuena laser egoki bat aukeratzea da. Ez da ez orbainik, ezta markarik geratzen.

Eta zenbat sesio behar dira tatuaje bat kentzeko?

Hori tamainaren, lekuaren, koloreen eta tatuajeak dituen urteen araberakoa izan ohi da. Kontuan hartu behar da tatuajea nork egin duen, profesional batek edo ez alegia, eta zein tinta erabili duen. Sistema linfatikoak ere badu zerikusirik, azken finean sistema linfatikoa baita, tatuajea kenduko duena.

Eta zein kolore dira kentzeko zailenak?

Beltzak dira hobekien kentzen direnak, eta badira kolore batzuk zailagoak direnak, berde argia eta limoi-horia, esaterako.

Zer da bezeroei gomendatzen diezuna?

Batez ere, pazientzia eduki behar dutela esaten diet. Urteetan izan duten tatuaje bat ezin da egun batetik bestera kendu, denbora behar da. Posible da, baina denbora behar da. Sesioak ez dira guztientzat berdinak. Badaude hiruzpalau sesioekin erabat kendu dutenak eta beste batzuek 9 behar dituzte.

Mingarria al da?

Ez bereziki. Egitea bezain mingarria. Nire bezero gehienek ez dute inongo arazorik izaten. Hala ere, Emla krema ematea ere badago, zonaldea lokartzen du, eta mina ekidin, baina ez da ohikoena.

Ba al dago profil jakin bat zure bezeroen artean?

Denetatik dago. Datorren urtean ezkonduko den bikote bat dugu adibidez, biek aurreko bikotearen izena tatuatu baitzuten. Horrelako asko etortzen dira. Badira ere tatuaje tribalak kentzera etortzen direnak, orain ez baitago modan. Beste batzuk ez ziren tatuatzaile oso profesionaletara joan, eta egindakoak kendu nahi dituzte. Erdia baino gehiago, hala ere, berriz ere tatuatzeko etortzen dira hona; cover bat egin nahi dute, hau da, tatuaje berri bat egin zaharraren gainean, eta lehenik kendu egin nahi dute.

Berriz ere tatuatu al da leku berean, beraz.

Denbora utzi behar da, gutxienez hilabete bat, ezin da berehala tatuatu, baina bai, posible da.

Eta garestia al da?

Tatuajearen neurriaren arabera. Ni beti saioko 50 euroko gutxieneko prezioarekin hasten naiz, tatuaje txikientzako balio duena. Handixeagoak badira 80 eta 90 euro inguru balio du saio bakoitzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!