Azalaren mintzoa

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 1a, 09:06

Zaila da tatuajeen inguruan hitz egiteko ikuspuntu berriren bat topatzea. Ehunka dira tatuajeen inguruan idatzi diren artikulu eta erreportajeak. Argi dago jada ez direla pertsona edo bizimodu jakin batzuekin soilik lotzen. Ezin multzo jakin eta itxi batera kateatu tatuajeak dituztenak.

Asko dira tatuaje txiki batekin hasi eta orain gorputzeko atal guztietan tatuatu direnak, baina are gehiago dira bizitzako une jakin batean betirako iltzatu nahi duten hori, azalean marraztu dutenak. Marraztu edo idatzi, hori ere topatuko dugulako Euskal Herriko kaleetan, esaldi, izen edo esamolde bat gorputzean idatzi nahi izan dituztenak.

Gizakia betidanik tatuatu izan dela esan daiteke, hala ere. Chileko Txintxorroen momia batean tatuajeak aurkitu zituzten. Kristo aurreko 2.000 urteko momia bat da eta goiko ezpainaren goialdean bibote fin bat du tatuatuta. Zonalde horretan tatuatzeko materiala ere aurkitu dute. …tztal alpeetan 57 tatuaje dituen momia bat ere aurkitu zuten. Uste da momiak 5.200 urte dituela.

Ezagunagoak dira dena den, Polinesiako gerlari tatuatuak. Maoriek guduetarako apaintzen omen zuten azala; arerioak ikaratzen omen zituzten horrela. Eta bide batez, informazioa ere ematen zuten tatuajeen bidez; adina, estatusa, jatorria...

Munduko ia leku guztietan egin izan dira tatuajeak, artelan zaharrak dira, eta gaur egun oso zabaldua dago. Charles Darwinen esaldi ezagun bat da horren adierazle: Ez dago herrialde bakar bat ere, iparraldeko lurburuko eskualdeetatik hasi eta hegoaldeko Zeelanda Berria bitarte, non bertako aborigenek ez duten tatuajerik.

Estiloak

Hainbat estilo daude. Asko. Urte hauetan tradicional izenekoak sona lortu du. 1900 urte inguruan AEBetako marinelek egindakoetan oinarritzen dira tradicional eskolako tatuajeak. Aingurak, itsasargiak eta orokorrean itsasoarekin zerikusia duten marrazkiak dira nagusi. Tradizionaletik new tracional estiloa ere ekarri du, aurrekoen molde gaurkotua.

Dotwork estiloan ez dira koloreak erabiltzen. Tradicional eta new tradicional estiloetatik eratorritakoa da, eta puntuak marraztuz egiten dira. Badira ere graffitiei lotutako stencil izenekoak, eta gaur egur, sona lortu dute ere pintzelarekin egindako arrastoak gogora ekartzen dituzten brush izenekoak ere. Modetatik harago, argazki edo irudi jakin baten erreprodukzio hutsak direnak ere badaude, errealistak.

Aipatutakoak ez dira guztiak eta zaila da gainera, tatuaje guztiak talde bakar batzuetan biltzea, tatuatzailearen trebetasunak ere berebiziko garrantzia baitu gainera.

Aukeratze prozesu bat dago beraz, tatuaje bakoitzaren atzean. Non egin, nolakoa egin, zein tamaina aukeratu, zer egin... baina horrek badu bueltarik, gaur egun, tatuajeak kentzeko modua badago eta. Garrantzitsuagoa da tatuajea egiteko garaian tatuatzeko denda edo estudioa ondo aukeratzea. Gurean ez da arazorik izaten, orokorrean behintzat, tatuatzeko lekuek araudi zorrotza bete behar baitute. Baina hori ere hartu behar da kontuan. Tatuatzean esterilizatutako materiala erabili behar da, behin bakarrik erabili daitekeen materiala behar du izan. Epidermisera pasatzen da tinta, orratzaren bidez, dermisean geratuz. Horregatik da garrantzitsua infekzioak ekiditea. Egia da ere pertsona bakar batzuek alergia dietela tatuajeak egiteko erabiltzen diren tintei, baina posible da tatuajea egingo duten lekuan erabiliko dituzten produktuen lagin txiki bat jartzea azalean, egun batzuk pasatzen uztea eta ikustea ea arazorik sortu duen ala ez.

Tatuatzearena modan dagoela diote askok. Kontraesana dirudi, modak iritsi bezala joaten baitira, tatuajeak ez bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!