«Hau ez da moda, gaizki ikustetik ondo ikustera pasa da, beti egin dira tatuajeak»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 1a, 10:45

22 urte dira Ruben Suarez Gutierrez (Leon, Gaztela eta Leon, 1973) tatuatzen hasi zela. Lehenengo bere jaioterrian, Leonen, eta duela 15 urtetik Tolosan, Tatto Laxmi estudioan. Ez dago bakarrik, dena den, tatuatzen hasi nahi dutenei bidea irekitzen lagundu nahi die eta Bittor eta Josuk ere ordu batzuk ematen dituzte estudioan tatuatzen.

Zer da tatuajearen mundua zuretzat?

Marrazkien mundutik eman nuen tatuajeen mundurako saltoa. Pixkana sartu nintzen; ikastaroak egin nituen eta horietako batean ikastaroa eskaintzen zuenak, Leongo Metal Tattoko Oskar Panerok, nigan zerbait ikusiko zuen edo, eta bere estudioan hasi nintzen berarekin lanean. Lanean eta ikasten, bertan asko ikasi bainuen.

Leondik etorri zinen Tolosara, zaila izan al zen hemen tatuajeen mundua sartzea?

Gipuzkoara iristerakoan ez nuen inor ezagutzen eta beraz, hasiera guztiak bezala, hori ere zaila izan zen. Estudioari ospea emateko modu bakarra lana egitea izan da. Hasieran dendara sartu eta lan guztiak ikusgai nituen, gaur egun hori aldatu da, eta orain, sare sozialen bidez eta, egiten duguna erakusteko beste bide batzuk ditugu.

Zein izan da tatuajeen bilakaera urte hauetan?

Bilakaera handia egon da. Hasieran gauza oso txikiak egiten nituen, jendeak ezkutuan eraman nahi zituen. Gaur egun tatuajeak onartuta daudela esan daiteke eta orokorrean ez direla ezkutatzen, kontrakoa, erakutsi nahi dira. Hau guztia kultura bat da eta onartuta dagoen kultura bat dela esango nuke.

Zein bezero mota dituzu?

Denetatik. 35 urtetik gorakoak izaten dira gehiago eta argi dute zer nahi duten. Tatuajeen kultura gehiago du jendeak eta jada informazioa dute; zer nahi duten, zein estilotan...

Tatuajeak egiteak bere denbora eskatzen du, denbora horretan bezeroarekin sortuko da nolabaiteko lotura.

Bezeroek euren bizitzako pasarteak kontatzen dizkigute horren gainean zerbait tatuatzeko, eta bai, sortzen da nolabaiteko lotura. Pentsa bizkar osoa tatuatu nahi duen norbait, gutxienez zortzi hilabetetan ikusiko duzu hamabost egunez behin, beraz, lotura hori sortzen da.

Informazio guztia eskuragarri duzu, garrantzitsua da zuretzat, ezta?

Informazio asko ematen dugu eta jarraipena egitea ere gustatzen zaigu, ikusteko dena ondo doala, nola sendatu zaion... Bezeroak eskatzen duen informazio guztia ematen dugu eta baita eskatzen ez duena ere. Estudioak oro har, oso leku seguruak dira, araudi zorrotza betetzen dugu. Eta horren berri ere ematen dugu. Tatuajeen mundua jada ez da mundu ilun eta malapartatu batekin lotzen, zorionez. Informazioa eman behar dugu gure lanbidea hau baita; beste edozein lanbiderekin alderatu nahi dugu, parean jarri. Gu geu gara araudi zorrotzak eduki nahi ditugunak, dena segurua dela eta lana ondo egin nahi dugula adierazteko.

Tatuajeak modan daudela esango al zenuke?

Modan badaude beti egon dira modan. Hau ez da moda... gaizki ikustetik, ondo ikustera pasa da, besterik ez, beti egin dira tatuajeak. Gurean egia da, atzetik goaz. AEBetan urteak dira tatuatzen dutela, amona asko daude goitik behera tatuatua, hemen hasi besterik ez gara egin.

Lana duzue urte askotarako orduan.

Ingurura begiratu, gehienak txuri daude, oraindik tatuatzeko jende asko dago. Hemen ez dago Ingalaterran edo AEBtan dagoen kultura, zabaltzen ari da, geroz eta gehiago dira tatuatu nahi dutenak, baina atzetik goaz, pixkana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!