«Bezeroarekin hitz egin behar da eta argi badauka zer egin nahi duen, aurrera»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 1a, 12:03

Marraztea maite du Ander Ortiz de Muruak (Amasa-Villabona, 1980). 8 urterekin hasi zen marrazten. Madrilen ikasi eta duela urtebete inguru hasi zen tatuatzen. Oraindik ez du leku finkorik eta tarteka Madrilera joaten da tatuajeak egitera. Urtarrilerako edo estudioa irekitzeko asmoa du, dena den. Villabonan irekiko du eta tatuaje estudio bat baino gehiago izango da, marrazkien inguruko bilgune bat izango baita. Mikropigmentazioa ere landuko du bertan.

Madrilen aritu zinen tatuajeak egiteko ikasketak egiten. Zer ikasten da?

Gauza asko hartu behar dira kontuan. Eskatutakoa marraztu edo irudikatu behar dugu azalean, eta azala bizirik dago eta nola tratatu behar den ikasi behar da. Teknikak ikasten ditugu, pausoz pausoz tatuaje bat nola egiten den, diseinuak... jendeak nahi duen hori azalean irudikatzen irakasten digute. Bezeroarekin hitz egitea ezinbestekoa dela nabarmentzen digute. Zerbait pertsonala da eta betirako dira, beraz gauzak argi eduki behar dira.

Betirako dira, baina modaren menpe daude ere...

Eskolan modetan ez erortzeko esaten ziguten, harago begiratzeko. 90eko hamarkadan tribalak egiten ziren asko, tatuaje oso beltzak, eta hori pasa da. Garai horretan tatuaje bat egiten zuenak erakutsi nahi zuen eta orain gertatzen ari dena da, tribalak zituen jende hori guztia etorri eta horiek kendu edo estali nahi dituztela. Nire kasuan gauza pertsonalizatuak egiten ditut, bizitzako pasarte edo momentu jakin batzuk irudikatzen saiatzen naiz. Zaila da, baina ateratzen da.

Zuk ez duzu eskatutakoa besterik gabe egiten.

Beraien bizimoduan tatuajea sartua dute jada eta gustuko dute mundu hau. Bezeroarekin hitz egin behar da eta berak argi badauka zer egin nahi duen, aurrera. Egia da hainbat gomendio eman behar direla; koloreak erabili ala ez, tatuajeak zahartzean zer gertatzen den ere azaltzen diet... Hemendik hamar urtera aukeratutako koloreen arabera, tatuajeak bilakaera bat edukiko du, eta horren berri ematea ere oso garrantzitsua da. Informazioa ematea oso garrantzitsua da.

Estudioz estudio zabiltza lanean.

Hainbat estudiotan nabil, tartean Madrilen, baina urtarrilean Villabonan estudioa irekitzeko asmoa daukat. Ez da estudio bat bakarrik izango, hala ere, nik ez baitut bakarrik tatuajea lantzen. Marrazkiak, erakusketak... ere lantzen ditut eta hori guztia bilduko dut estudioan. Artea, tatuajea eta mikropigmentazioa landuko ditugu. Mikropigmentazioa Madrilen lantzen dut eta hona ekarri nahi dut. Berezia da oso onkologiarekin harremana baitu. Bularra kendu dieten horiei titiburua berregiteko, orbainak hobetzeko edo ildaskak zuzentzeko balio du. Aurpegian ere egingo dugu mikropigmentazioa, betileak ere galtzen dituzte minbiziaren kontrako prozesuaren barruan eta hori ere egingo dugu. Ez da tatuajeak bezala, pribatuagoa da, beste adar bat da.

Marrazkigilea zarela diozu, tatuatzaile izatearen gainetik.

Niretzako garrantzitsuena marraztea da, non eta nola baino garrantzitsuagoa. Orain esaterako, egurrean boligrafoz egindako marrazkiak egiten ari naiz. Eskaera asko ditut Madrilen. Han jarri nuen erakusketa eta handik ateratzen ari zaizkit lanak. Tatuajeen munduan han lan gehiago dut hemen baino.

Eta zein desberdintasun dago paperean edo bestelako euskarri batean margotzearen eta tatuatzearen artean?

Oso desberdina da. Azala bizirik dago eta ikusi behar da bezeroa ondo dagoen, sufritzen ari den ala ez... Azalaren arabera aldatu egiten da lan egiteko modua. Azala zaindu behar da, ezin duzu nahi beste tatuatu, eta hori ez dizu pertsonak esaten, azalak esaten dizu. Gure lana hori ere bada, azalari erreparatu eta zaintzea.

Tatuatzeko ereduak erabiltzen dituzu, edo zuzenean aritzen zara azalean?

Segun eta zein tatuaje mota den eredua erabiltzen dut ala ez. Normalean eredua jartzen da azkarrago egin ahal izateko. Eredua oinarria da, baina hortik abiatzen zara lantzen jarraitzeko. Badaude tatuajeak gorputzaren arabera egiten direnak. Daukazun muskulaturaren arabera aldatzen direnak. Niri maori eta Polinesiako tatuajeetan asko gustatzen zait marrazkia besoan tratatzea, muskulaturaren arabera marrazkia markatzeko. Errotulagailuarekin besoan bertan markatzen dut marrazkia.

Nolako tatuajeak eskatzen dizkizute?

Denetarik dago. Mikrotatuak daude orain modan, oso txikiak eta koloreekin. Baina badaude ere tatuaje handiak nahi dituztenak. Tatuaje hauek dantza egiten dute azalean, toki batean hasi eta beste batzean bukatzen dira. Tatuaje batetik beste bat sortzea ere maite du jendeak, dena lotuz, beso osoa edo bizkar guztia hartuz.

Beste tatuaje bat egiteko aurretik daukatena kentzen dutenak ugaritzen ari dira.

Tatuatzea maite duenak, aurkituko du tokiren bat, cover asko egiten dira, modan zeuden horiek kentzeko, aldatzeko... eta lan hori bereziagoa da. Tapatzea ez da edozer gauza gainean jartzea, azpian dagoena kontuan hartu behar da. Egia da badaudela tatuatzaileak cover-ak koloreekin egiten dituztenak. Horiek hasieran tapatzen dute azpikoa, hasieran, baina gerora koloreak itzali egiten dira, eguzkiak ematen badio itzaltzen da gehiago, eta orduan azpikoa ikusten da. Hemendik 10 urtera etorriko den gauza da cover-aren, cover-ak egingo direla. Nik beti aholkatzen dut tapatu nahi duzun hori ikusi, horrekin lan egitea, eta tapatzeko beltza erabiltzea, koloreak ez baitu luzera tapatzen. Beste aukera bat da bost urtero kolorea ematera joatea, berritzen joatea. Bestela laserra pasata pixka bat itzali eta beste bat egiteko aukera ere hor dago.

Erlazionatuak

Azalaren mintzoa

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 urr 01 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!