John Malkovichek zuzenduko duen Epaimahai Ofizialak baloratu eta sarituko ditu filmok. Horrekin batera, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, emakumezko eta gizonezko aktore onenen Zilarrezko Maskorrak, argazki onenaren epaimahaiaren saria eta gidoi onenarena ere banatuko dira.
Aitor Arregi eta Jon Garañok zuzendu dute Handia filma eta Sail Ofizialean lehiatuko den Euskal Herriko film bakarra izango da 2014an Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filma lehiatu zen sail berean. Joseba Usabiaga tolosarrak jokatzen du Martin Elizegiren papera eta lehen gerra karlistan borrokatu ondoren Altzora itzuli eta anaia Migel Joakin Eneko Sagardoi ohikoa baino askoz ere handiagoa topatuko du. Pelikulak, Europan zehar egindako bidaia kontatzen du, jendeak munduko gizon handiena ikusteko ordaindu egiten zuelako. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua.
Lierni Izagirre. 'Handia' filmeko atrezzo arduraduna
Azkeneko 18 urteak Altzon daramatza Lierni Izagirrek (Tolosa, 1969). Aurretik 80 egunean eta Loreak filmetan hartu du parte attrezzo arduradun gisa Handia zuzentzen duen talde berarekin.
Nola sortu zitzaizun aukera Altzoko erraldoiaren inguruko pelikulan parte hartzeko?
Mikel Serrano arte zuzendariarekin dut nik harremana eta berekin egin izan dut lana film batean baino gehiagotan. Hainbat proiektu garatu ditugu, dagoeneko, elkarrekin.
Baliabideetan saltoa egon dela esango zenuke?
Nik, zehatz, ezin dezaket filmak izan duen aurrekontuaz hitz egin, baina esan dezaket, esku artean izan ditugun baliabideak kontuan hartuta, emaitza izugarria dela, pelikulatzarra atera zaigu.
Euskarazko zinemagintza horrela lan egitera ohituta dago?
Bai, argi dago, hau ez da yanquilandia. Baina gure tamainako herri batentzat, lorpen handia da. Pelikulak badu magia eta borobilduta dago. Argazki zuzendariak, argiztapenekoak, artekoak, aktoreenak... bakoitzak bere aldetik sentsibilitate handia dute eta elkarrekin aritzean oraindik ere gehiago nabarmentzen da hori. Benetan, handia da pelikula.
Zuk zein parte duzu filma honetan?
Girotze lana egitea tokatu zait eta horren barruan denetarik egin behar izan dut. Dekoratuak osatu, dauden espazioak egokitu eta Altzoko Handia bizi izan zen garaietara moldatu behar izan dugu ingurunea.
Zenbateko taldea osatu duzue?
Talde zabala izan da kasu honetan. Dekoratu batzuk sortu egin behar izan ditugu eta hortaz arotzak, pintoreak, dekorazio laguntzailea... aritu dira lanean. Beti justu ibiltzen gara eta eskertuko genuke jende gehiago, baina dagoenarekin moldatzen gara.
Lokalizazioak badute zerikusia zuen lanean?
Bai, lokalizatzaile bat aritzen da tokiak aukeratzen. Berekin batera, arlo-buru bakoitza aritzen da lanean hautatutako tokiak egokiak diren edo ez erabakitzen. Guri, gero, espazio horiek garaira egokitzea tokatzen zaigu, edo ez badaude, sortzea. Lana erraztu edo zaildu egiten zaigu lokalizazioaren arabera.
Besteak beste, Altzon eta Tolosan ere egin dituzue grabazioak.
Saiatzen gara, harriz egindako bideak erabiltzen eta garai horretan egindako eraikinen inguruan grabatzen. Hala ere, toki guztietan egin behar izaten da zerbait.
XIX. mendean dago kokatuta filma. Horrek zailtasun gehiago dakar?
Garai bakoitzak badu bere zailtasuna. XIX. mendean kokatuta egoteak erronka bat suposatu du dekoratzaileentzat eta asko ikasi dugu. Sinesgarriak egin behar dira sortzen diren dekoratuak eta askotan jendea ez da jabetzen propio egindakoak direla. Hori ondo egindako lanaren seinale da.
Altzoko herritarra izanik, zer suposatu du zuretzat Handia filmak?
Orain, udal ordezkari ere banaiz, beraz barru barrutik bizi izan dut. Herri osoa hunkituta dago eta datorren urteko urteurrenari begira gogoz gaude. Nik esango nuke, Altzoko herriarentzat Handia pelikula opari polita izan dela eta zortekoak garela. Oso pozik gaude altzotar denak.