Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei zuzenduta dago Glocal in Progress; bertan, postprodukzio-fasean dauden hiru film luze aurkeztuko dira, filmak amaitzen eta nazioartean zabaltzen lagundu dezakeen talde baten aurrean. Talde horretan, produktoreak, banatzaileak, salmenta-agenteak eta programatzaileak egongo dira, besteak beste.
Helburua da Europako hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatuta dauden produkzioak ezagutzera ematea, kolaborazioak erraztea, koprodukzioak sustatzea eta film horiek hedatzen laguntzea da. Lehen aldi honetan, eslovenieraz, errumanieraz eta euskaraz aurkeztuko dira lanak.
Euskal dantzen sinbolo eta metaforak oinarri hartuta, sormenezko pelikula libre bat da Telmo Esnalek zuzendu duen Dantza. Bizitzaren zikloaren istorioa eta gizakiaren eboluzioa erakusten duen fikziozko film musikal bat. Film honetan, dantzen bitartez gai unibertsal asko jorratzen dira; besteak beste, bizirautea, sinesmena, festa, maitasuna eta heriotzaren kontrako etengabeko borroka. Aldi berean, abestiez, keinuez eta erritmoaz lagunduta narrazio sinple baina argia osatzen da.
Koldobika Jauregi. 'Dantza' filmaren atrezzo eta jantzien arduraduna
Lehen lana du zinema munduan Koldobika Jauregik (Alkiza, 1959) eta pelikula egiteko ideia bururatu zitzaienean Telmo Esnal lankide eta lagunari, edertasunean murgildutako filma batean baino ez zuela parte hartuko jarri zion baldintza gisa. Emaitza, aurki izango da ikusgai.
Non duen sorburua pelikula honek?
Telmo eta biok lagunak gara. Urte berri on amona bukatzen ari zela, pelikula bat egitekotan dantzaren inguruan egingo nukeela esan nion, modu zabalean ulertuta, euskal estetikaren ikuspegitik. Berehala heldu zion erronkari, Telmo dantzaria zelako gaztetan eta dantza utzi zuelako Madrilen zinema egiteko. Bi pasioak uztartzen zaizkio, beraz. Bestalde, nik Juan Antonio Urbeltzekin ere topo egin izan dut maiz eta dantzen sinbolismoaz, jatorriaz askotan hitz egin izan dit. Horrelaxe hasi ginen abentura honetan.
Proiektu luzea izan da eta orain post produkzio fasean dago filma.
Duela bospasei urte hasi ginen. Diru laguntza bat lortu genuen gidoia egiteko eta Almute dantza grabatu genuen Igartubeiti baserrian, gero sarean zintzilikatu genuena. Ez genuen pentsatzen hainbeste kostatuko zitzaigunik pelikula hau aurrera eramatea bana horrela izaten dira gauzak.
Non dago kokatuta filma?
Ez dago inon kokatuta geografikoki. Oinarritzen da munduko dantza guztietan, hor dutela abiapuntua euskal dantzek ere. Dantzak bere biluztasunean ikusi ahal dira, 25 edo 26 dira guztira. Nire lana amesten hastea izan zen. Agertoki bezala balio zezaketen tokien bila aritu ginen, paisaia naturalen bila, ia dena kanpoan egina baitago. Adibidez, Albizturren ere grabatu genituen dantza horietako batzuk. Betiko topikoetatik ihes egiten saiatu gara eta ez genituen betiko tokiak erakutsi nahi. Pelikula eder bat egitea zen gure asmoa. Dekoratua bezala, ezer gutxi behar izan dugu beraz, baina ezpata dantzetan erabiltzen diren ezpatak, aitzurrak... material hori guztia propio prestatuta dago filma honetarako.
Zure lana jantziena eta attrezzoarena izan da.
Arropak, makillajea, orrazkerak... horiek denak nire esku geratu dira. Bost urte hauetan denbora izan dut moda, jostunen eta estetikaren mundu horretan barneratzeko. Klabeak nireganatu ditut. Tradizioan zer dagoen, hemen eta nazioartean, eta zer dagoen modan ikusi ahal izan dut. Eraginak leku askotatik datoz Japonetik edo Indiatik adibidez, eta arropetan ere keinuren bat badago Balentziagara.
Zein irizpide erabili dituzu arropak aukeratzeko?
Dantzariak gustura sentitzea. Arropak ez zuten enbarazu bat izan behar dantzarako. Arina eta gorputzean notatuko ez zutena. Hurrengo irizpidea zen kamerak sartu behar zuela tartean eta horretarako behar zen espazio bat irudiak hartu ahal izateko. Horrek baldintzatu du arroparen forma, baita erabili dugun oihalak ere. Iturri askotatik edan dugu horretarako. Gure dantzak gureak dira, gure nortasunaren kode batzuekin osatuta daude, baina unibertsalak dira. Eta puntu hori erakutsi nahi genuen. Dantza gustatzen zaion pertsona batek gozatuko du filmaz.
Eta narrazio bat badago, hari bati segitzen al dio pelikulak?
Bai, badago eboluzio bat. Historia bat dago pelikulan, ez da dokumental bat. Nik esango nuke bizitzaren ziklo bat kontatzen dela bertan. Hasiera eta bukaera du filmak eta tartean gauza asko kontatzen dira. Eta guztia hitzik gabe, bisuala da eta dantzaren lengoaia baliatuta egiten da kontakizuna.
Dantzari askok hartu dute parte?
Bai, eta izugarrizko maila duten dantzariak topatu ditugu. 250 dantzari inguru dira, 9 urtetik 89 urte bitartekoak. Zoragarriak. Erronka handia izan dute. Gauzak sinesgarri egin behar izan ditugu. Dantzan oinarritutako pelikula eder bat egitea izan da helburua.
Zure azkeneko lanek era badute zerikusia lanketa honekin?
Pelikularako erabili diren dekoratu batzuk burdin forjatuarekin egin dira. Horrek nire lanera ekarri du eragina eta sistema hori erabili dut nire zenbait eskulturetan. Nire lanean arrasto bat utzi du horrek, baina baita ere arropak egiteko moduak, kolore aukeraketak...
Zinema munduan parte hartzen duzun lehen aldia da?
Bai. Ez dakit azkenekoa izango ote den (barrez). Mundu hau piramidala dela konturatu naiz eta dena da artifiziala, orain egin eta bihar botatzekoa. Nik ideia osoak behar izaten ditut, ikusten dena bezain inportantea da niretzat ikusten ez dena. Eta hori transmititzen saiatu naiz. Tranpa asko egon daiteke, baina detaileak ere azkeneraino zaindu behar dira. Bost milimetro dituen torloju batek, izugarrizko dimentsioa hartu baitezake gero pantailan. Edertasun puntu hori zaindu nahi izanez gero, lan egin behar da gogor. Konturatu naiz, zinemako jendearengan horrek nekea sortzen duela, hilabeteko errodajetara ohituta daude eta eskakizun handia da guk eskatu duguna filma honetan.