'Ab Alio' (Zinemira Kimuak)

Jon Miranda Labaien 2017ko ira. 17a, 10:59

Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute Zinemira. Donostia Zinemaldiko programazioaren barruan mundu mailan estreinatzen diren eta gutxienez %20 euskal ekoizpena duten film luze guztiak Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehiatuko dira.

Nori eman epaimahai batek erabakiko du Itxaro Borda lehendakariak, Miren Arzalluz eta Joserra Senperenak osatutakoa, eta saridunak 20.000 euro gordin irabaziko ditu filmaren ekoizleentzat. Irailaren 26a izango da euskal zinemaren eguna jaialdian.

Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle elkarteek Zinemira Saria emango diote Julia Juanizi bere ibilbidea saritzeko.

Zinemira sailaren barruan, Kimuak katalogoko film laburren aukeraketa ere izango da Zinemaldian. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, eta helburua urteko film labur nabarmenenak zabaltzea izaten da.

Zinemira - Kimuak sailean lehiatuko da Ab Alio film laburra, bederatzi minutuko iraupena duena. Iñigo Royo tolosarrak zuzendu du Iñigo Fernandez Ostolazarekin batera. Augusto Monterrosoren aipu bati helduta osatu dute pelikula esperimentala: «Hiru gai daude: amodioa, heriotza eta euliak».

Iñigo Royo. 'Ab Alio' filmeko zuzendaria

 

Bere argazki lanengatik da ezaguna Iñigo Royo (Tolosa, 1962), baina bidea egina du baita ere ikus-entzunezko munduan. Kimuak programarako hautatu dute Ab Alio bere film laburra eta programa horren barruan egingo duen ibilbideak hasiera izango du Donostia Zinemaldian.

Zein ibilbide izan duzu zuk orain arte ikus-entzunezkoen munduan?

Urteetan aritu izan naiz jolasean zine munduarekin. Egiazki argazkilaria naiz, baina txikitan zinemagile izan nahi nuen. 90ko hamarkadan hainbat film labur egin nituen, horietako bat, Requiem, antzinako Cafe Iruñean grabatu nuen, Mario Benedettiren ipuin batean oinarritua. Gero dokumentalen munduan murgildu izan naiz, Tolosaren 750 urteurrenaren harira 70 urtetik gorako eskualdeko 20 lagun elkarrizketatu genituen Esperientziak lanean.

Non du sorburua Ab alio film laburrak?

Iaz Gasteizko Artium museoan El hombre que rie izeneko erakusketa jarri nuen. Gai nagusia elkarrekin daramagun bizitza burrunbatsu honek gugan sortzen duen irria da. Erakusketa zabala izan zen eta piezetako batean 70 bideo bildu nituen. Santi Erasok proposatutako ideia izan zen: Artiumeko kolekzio iraunkorreko piezetako batean oinarritutako zerbait egiteko iradoki zidan. Nik gustuko dudan artista batek, Ignasi Aballík Listados izeneko lana du ikusgai Gasteizen eta hor du abiapuntua nire proiektuak.

Zer esan nahi du Ab Aliok?

Alde batetik badu Aballíren abizenarekin hoskidetasuna eta latinerako esapide bat da, gauza bat bestearen ondorio dela adierazi nahi du. Nire bideo hauek, artista katalanaren segida direnez egokia iruditu zitzaidan izena. Gainera, entzungarria da eta esateko erraza.

Eta zer dira Ab Alioak?

Gustatzen zait esatea niretzat ez hiltzeko aitzakia direla. Bukaerarik ez duen proiektu bat izatea nahi nuen. Aballíren obran oinarritzen dira ab alioak eta horrekin hasten dira beti bideoak. Artista honek hitzen sailkapenak osatzen ditu egunkarietatik hartutako txatalekin eta hori abiapuntutzat hartuta osatzen ditu zerrendak. Hori abiapuntutzat hartuta ohiko bizitzako kontuak hartu ditut, umorez beti ere. Gogoeta asko sartzen dira hor, oso ildo ezberdinetakoak baina aldi berean bizi dugun mundu aldrebres honen berri ematen digute. Absurdotik eta tragikomediatik badute pieza hauek.

Zinemaldian aurkeztuko duzun film laburrean 70 pieza horiek jaso dituzu?

Kimuak programan sartzeko aukera ikusi nuen eta aitzakia egokia iruditu zitzaidan film labur bat egiteko. Nik ez dut, dagoeneko, zine zuzendari bokaziorik baina 70 pieza horietako hiru hartu, egokitu, gorputz pixka bat eman eta bederatzi minutuko lan bat egin zitekeela ikusi nuen. Lan hori Iñigo Fernandez Ostolazarekin batera egin nuen.

Espero al zenuen aukeratuen artean egotea zeure film laburra.

Ez, inondik ere ez. Ez da ohiko film labur bat. Librea da, ero xamarra. Ez zait esperimentala dela esatea gustatzen, baina bai bide ematen diola zine munduak ematen dituen beste hainbat aukerei. Ez dut dirurik gastatu egiteko, oso xumea da eta espero ez nuen arren programa horren barruan aukeratu dute.

Kimuak programak ere badu bere txokoa Zinemaldiko Zinemira sailean.

Bai, Kimuak programak urtebeteko ibilbidea du eta orain abiatuko du. Zinemiraren barruan, sesio itxi batean erakutsiko dira aurten egin den film laburren aukera, produktore eta banatzaileek ikus dezaten. Aurkeztutakoa gustatzen bazaie, pelikula hauentzako emanaldiak lotuko dira.

Oraindik ere ab alio gehiago egiteko asmoa duzu?

Bai, amaiezina da lan hori. Kimuaken barruan hautatu den bederatzi minutuko pelikulak, Augusto Monterrosoren aipu bat du oinarri, «Hiru gai daude: amodioa, heriotza eta euliak». Horrekin nabil bueltaka eta hori islatu nahi izaten dut bideoetan. Ironia, mingostasuna eta gauza txikietan bilatutako poesia jaso nahi dut, pretentsio handirik gabe.

Erlazionatuak

Tolosaldeko izarrak zinemaldian

Jon Miranda Labaien 2017 ira 17 Tolosaldea

'Dantza' (Glocal in Progress)

Jon Miranda Labaien 2017 ira 17 Alkiza

'Handia' (Sail Ofiziala)

Jon Miranda Labaien 2017 ira 17 Tolosaldea

'OperaciĆ³n Concha' (Belodromoa)

Jon Miranda Labaien 2017 ira 17 Alkiza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!