'Operación Concha' (Belodromoa)

Jon Miranda Labaien 2017ko ira. 17a, 21:25

Donostia Zinemaldiak agertoki asko izango ditu egunotan: Victoria Eugenia eta Principal antzokiak, Antiguo Berri, Trueba eta Principe zine aretoak, Kursaalekoak, Tabakalera... Hala ere, filmak 400 metroko koadroko pantaila erraldoian ikusteko aukera ere ematen du jaialdiak.

Hiru mila lagunentzako egokitzen dute Belodromoa eta haurrei zuzendutako emanaldiak egiten ditu goizero bertan. Ikastetxeekin hitzartutako programa esklusibo baten bitartez, zinemaz gozatzeko aukera eskaintzen zaie ikasleei, euskaraz eta pantaila erraldoian.

Jaialdiaren azken egunean egiten den klausurako gala eta Sail Ofizialaren eta Perlak sailaren klausurarena, Belodromoan egiten dira.

Bi film estreinatuko dira aurten Belodromoan. Borja Cobeaga zinemagileak aurkeztuko du Fe de etarras eta Patxo Telleria eta Antonio Cuadrik idatzi duten eta azken honek zuzendu duen Operación Concha ikusi ahal izango da Zinemaldian.

Eskrupulurik gabeko enpresari bat da Operación Concha filmaren protagonista; ekoiztetxe baten burua da, eta etsi-etsian, dirurik gabe, Marcosek eta bere taldeak plan bat antolatuko dute inbertitzaile milioidun bati iruzur egiteko. Hain zuzen, Donostia Zinemaldiaren esparruan hasiko da iruzurra eta bertan ez da ezer dirudiena izango.

Zinemaldian girotutako pelikula Zinemaldian estreinatuko da zine aroetan ibilbidea egin aurretik. «Komedia dibertigarritzat» hartu dute egileek filma.

 

Barbara Goenaga. 'Operación Concha' filmeko aktorea


Helena Tabernaren La buena nueva eta Ben Sharrocken Pikadero filmak aurkezten egon izan da Donostia Zinemaldian Barbara Goenaga (Alkiza, 1983). Aurten, Operacion Concha filmean parte hartzen duenez, Belodromoko ekitaldian parte hartuko du.

Zer paper antzezten duzu Operación Concha filmean?

Zinemaren atzeko mundu ilun hori azaltzen du pelikulak eta produktoreen tranpei buruz hitz egiten du. Nire pertsonaia Nekane da, bizirauten dakien pin-up eta txoni antzeko bat. Pelikula batean makillatzaile lanetan hasten da eta konturatzen da ezer ez dela dirudiena. Itxuraz, izaera gogorrena duena da bera, itxiena, baina gero konturatzen zara logika handia duela eta bihotz handiko neska dela. Tatuaiak eta piercingak daramatza eta polita izan zen niretzat transformazio hori bizitzea.

Patxo Telleriak idatzi eta Antonio Cuadrik zuzendu dute filma. Aurretik beraiekin lan egindakoa zara?

Bai lan egindakoa naiz Patxorekin, Bypass filmean, Sara Cozar eta Gorka Otxoarekin batera. Gidoilari aparta da eta bere lanak izugarri gustatzen zaizkit. Antonio Cuadrirekin ez nuen sekula lan egin orain arte. Bere pelikulak ikusita neuzkan eta banekien Cuentame como pasó telesaila zuzendu zuela. Orain zuzendari gisa ezagutu dut eta komedian oso zorrotza da. Badaki zer nahi duen eta lortzen du bere helburua.

Noiz grabatu zenuten?

Otsaila eta martxoa artean grabatu genuen. Zati bat hemen Donostian eta beste bat Kanariar irletan egin genuen.

Zinemaldian girotutako filma eta Zinemaldian estreinatuko da.

Oso garrantzitsua da edozeinentzat hemen estreinatu ahal izatea eta gainera Belodromoan aurkeztu ahal izatea ohorea da, hainbeste jenderen aurrean. Polita da. Dena ondo badoa han egongo gara.

Gustuko duzu jaialdia?

Filmak aurkeztea garrantzitsua da eta polita da. Baina, berez, niri pelikulak ikustea gustatzean zait. Goizean goiz zinemara joan eta ohikoan hemen ikusi ezin izaten diren pelikulak ikusteko aprobetxatzen dut. Giro ederra egoten da jaialdian.

Erlazionatuak

Tolosaldeko izarrak zinemaldian

Jon Miranda Labaien 2017 ira 17 Tolosaldea

'Ab Alio' (Zinemira Kimuak)

Jon Miranda Labaien 2017 ira 17 Tolosa

'Dantza' (Glocal in Progress)

Jon Miranda Labaien 2017 ira 17 Alkiza

'Handia' (Sail Ofiziala)

Jon Miranda Labaien 2017 ira 17 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!