Tolosaldeko 28 herrietatik 27tan irabazi du EH Bilduk. Albiztur izan da EH Bilduk irabazi ez duen herri bakarra; EAJk 49 boto jaso zituen, eta EH Bilduk 35. Abstentzioari dagokionez, jaitsi egin da, herritarren %6 gehiago joan da bozkatzera aurten.
Gainontzean hausteskunde eguna arazorik gabe joan zen atzokoan. Aipatzeko kontu bakarra Gaztelun izan zen; hauteslekuko atea iltzeekin eta kolarekin itxi zuten ezezagunek Herrizaingo sailak esan duenez. Sarrailagile bati deitu zioten, eta atera ireki.
Erreakzioak
Ibai Iriarte (EHBildu): «Gure buruari jarritako helburuak bete ditugu. Batetik, Europar Batasunerako eserleku bat lortu izana eta Josu Juaristi bertan egoteak euskal herritarron hitza Europan egotea eta subironista ezkertiarren hitza bertan egotea ahalbidetuko du. Horrek ezkerreko politika egitea eta Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa bertan adieraztea, eta irtenbideak planteatzea ahalbidetzen digu. Testuinguru lokalago bati begiratuta oso emaitza onak dira. Tolosan lehen indarra gara, parte hartze eskas honekin. Bestalde, eskualdean ere EHBildu da nagusi, eta baita Donostian eta Gipuzkoan ere. Hego Euskal Herriko lehen indarra izateak adierazten digu EHBildu Koalizioaren ideia gorpuzten eta indartzen doala, eta neoliberalismoari eta eskuineko agenda honi alternatiba eskaintzen diogun bakarrak garela. Jada ez gara ideiei buruz hitz egiten, udalgintzan adibidez, azkeneko legealditik hiru urte pasa dira eta emaitza hauek gure bidean indartzen gaituzte.»
Jokin Azkue (EAJ): «Azken hauteskundeetan gertatzen ari den moduan bi bloke abertzaleek biltzen dituzte boto gehien; kasu honetan, Bildu gehiago atera ditu, eta gero EAJ. Oso atzera geratzen dira beste zenbait alderdi. Nik esango nuke eskualdean eta bereziki Tolosan bi multzo handi daudela; eta bata bestearekiko aldea ere ez dela hain handia, Bilduk dituenak baino %10 gutxiago ditu EAJk. Zeren, gainera, kontuan hartu behar da EHBildu deitzen den horretan aurreko udal hauteskundeetan Bildu eta Aralar bananduta zihoazela. Abstentzioari dagokionez, askotan oso europarrak garela esan arren oro har jendeak oso urruneko kontu bat bezala ikusten duela. Administrazioa zenbat eta gertuagokoa izan partaidetza handiagoa izaten da. Nik ez dakit zer egin beharko den Europa herrietara gerturatzeko baino hor eginbehar handia dugu. Hemen hartzen diren erabaki askok Europako erabakienk baldintzatutakoak dira. Horregatik, komunikazioan zeregin handia dago.»
Antton Karrera (IU): «Hauteskunde hauetan gauza bat geratu da argi. Batetik, Franko hil zenetik gobernatu duten bi alderdiek inoiz izan duten porrotik handiena izan dutela. Bestetik, guk barne mailan arazoak izan ditugu eta egoera oso latza pasa dugu, baina hori jada aldatu da eta emaitzetan eragina du, %5etik gorako saltoa eman dugu Hego Euskal Herriko lurralde guztietan. Bestalde, ikusten dugu Podemosek izugarrizko gorakada izan duela, eta guk beraiekin harreman ona dugunez, akordioak egiteko aukera ere badugu. Eskualdeari dagokionez, erabakitzeko eskubidea defenditzen dutenek (eta guk ere defenditzen dugu) gehiengo nabaria atera dute eta alde horretatik ere postura horiek ere indartuta atera dira. Eta Gipuzkoan egon den borroka horretan argi geratu da Bilduk irabazi duela. Hau ez da ezer berria, lehen zegoenaren baieztapena da. Gu pozik gaude, emaitza onak atera ditugu, eta politikan lana egiteko aukera ederra dugu.»
Jose Ignazio Asensio (PSE-EE): "Batetik, Europako hauteskundeetan parte hartzea txikia izaten da eta igandean ere txikia izan zen. Bestetik, jendeak askotan hauteskunde hauek zigor botoa emateko erabiltzen ditu, eta hauteskunde hauetan ere gauza bera gertatu da. Gure aldetik, emaitzak txarrak izan dira, eta alderdi sozialista bezala pentsatu egin beharko dugu zergatik gertatu den hau eta nolabaiteko erabakiak hartu beharko ditugu. Egoera aztertu egin behar da eta ikusi egin beharko dugu zer erabaki hartu".
Pello Atxukarro (PP): «Hauteskundeetan argi ikusten da bai alderdi popularrak eta baita sozialistak ere jendearen kexa jaso dugula. Guk batez ere abstentzioaren aldetik eta PSEek badirudi ez abstentzioarekin bakarrik, beste alderdietara ere joan zaizkielako botoak. Gure boto emaileak desmotibatuta daude. Egoera buelta ematen ari den arren, herritarrek ez dute hori nabaritu eta zuten itxaropena ez denez bete desmotibazioa eragin du. Horregatik, gure kasuan, abstentzioan galdu dira boto asko. Bestetik, Podemosen fenomenoa dago. Honek erakusten du egoera honetan sistemaren aurkako protesta orokor bat dagoela. M15 mugimendua finkatu egin da eta horrek eragin du honen gorakada. Egoera soziala kritikoa da eta hauen protesta sistemaren kontra denez, hauek jaso dute protesta horren botoa. Hau batez ere hauteskunde europarretan gertatzen da. Hau protesta orokor horretatik ulertu behar da. Guk ez dugu ilusio hori sortu.»