Europako Hauteskundeak

Inaki Irazabalbeitia: "Egunerokotasuneko arazoekin zikindu behar dira eskuak Europan"

Europako hauteskundeak 2014ko mai. 19a, 09:56

Igandean izango dira Europako Parlamentuko hauteskundeak, eta herritarrek aukeratzen dituzten europarlamentariak bost urtez egongo dira Bruselan. Atariak bertan egiten duten lana gertuagotik ezagutu nahi izan du, eta horretarako Inaki Irazabalbeitia eta Olga Perez elkarrizketatu ditu. Irazabalbeitia europarlamentari egon da azken urtean Bruselan, Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioko ordezkari bezala, eta horretaz gain Tolosako zinegotzi ere bada Aralar alderditik. Urte honetan lanean Olga Perez tolosarra izan du ondoan, aholkulari bezala.

Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira igandean, eta herritarrek bost urterako europarlamentariak aukeratu ahal izango dituzte. Baina zein da europarlamentari baten jarduna? Bere lanera gerturatu asmoz azken urtean Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioko ordezkari izan den Inaki Irazabalbeitia Tolosako Udaleko zinegotziarekin eta bere aholkulari Olga Perez tolosarrarekin bildu da Ataria.

Azken urtea Bruselan eman duzue, Europako Legebiltzarrean, lehenik eta behin egingo al duzue balorazio bat?

Inaki Irazabalbeitia: Taldean oso gustura gaude egindako lanarekin, taldelan bat izan da. Azken finean, nik aurpegia jarri dut, nik hitz egin dut osoko bilkurako gelan, ni joan naiz batzordetara... baina taldelana izan da. Elkarlan oso polita lortu dugu. Orain gutxi europarlamentarien parte hartzea kontuan hartuta sailkapen moduko bat egin dute eta urtebeteko epean erditik gora nago, eta euskal jatorrikoen artean lehenengo izango nintzateke. Beraz, pozik nago egindako lanarekin.

Olga Perez: Azken urteetan irakasle aritu naiz, eta hau erabateko aldaketa izan da. Hasieran ikara pixka batekin hasi nintzen, ez nekien zer zen han lan egitea, Inaki ere ez nuen ezagutzen. Baina azkenean oso harreman ona izan dugu eta hori oso garrantzitsua da, oso harreman estua behar duzu lana ondo egiteko. Oso balorazio ona egiten dut, asko ikasi dut, bai Inakirengatik, eta baita han ezagutu ditudan pertsona askorengatik ere. Gustatuko litzaidake ikasten jarraitzea.

Jarraitzeko gogoa duzu, beraz.

O. P.: Noski, horrenbeste ikasi eta gero jarraituko nuke. Eta egia esan bertan eskertzen dute aholkulariak esperientzia izatea, eta hori ikusita hitz egiten ari naiz, eta ea geratzeko aukera dudan.

I. I. : Ez dut aukerarik izan, baina errepikatuko nuke, zalantza gabe. Uztailaren 1ean bukatuko da gure jarduna, eta 26an berriz ere joango gara bertara azken kontuak egitea etorriko direnei harrera egitera...

Zer egin duzue urte honetan Bruselan?

I. I. : Lan asko egin dugu, eta horren seinale da beste europarlamentariek nire lana estimatzen dutela eta errespetu hori irabazi dudala. Hori beste eurodiputaturen bati zurekin batera konferentziaren bat antolatzeko eskatzen diozunean nabaritzen da. Maiatzean, adibidez, 'Emakume ekintzailetasuna krisi garaian' konferentzia antolatu nuen Herbereetako Marije Cornelissen eurodiputatu berdearekin batera, eta hori ez da lortzen errespetu hori lortu ez baduzu. Eta hau aipatzen dut honen harira Tolosaldeko emakume mordo bat joan zelako Bruselara Women Sarearen inguruan.

 Hemengo gaiak hara eramateko aukera ere izan duzue, hortaz.

 I. I. : Hainbat gaietan izan dugu aukera Euskal Herriko egoera azaltzeko, eta ez bakarrik gatazkaren alderditik. Noski landu dugula presoen egoera, erabakitze eskubidea, armen gaia... Honen inguruan interbentzioak izan ditugu plenarioetan, baina baita bestelako egunerokoan eragiten diguten gaiak ere; esaterako Erronkari jatorri izendapenean ekoizpen-prozesu tradizionalak defendatzeko egindako lana, Barakaldoko Oiola urtegiko urek duten kutsatze arazoa, Castejongo zentral termikoa, Esako luiziak, Paroteko egoera... Europara joaterakoan, nire ustez, hau da eman behar den pentsaera; goazen gauza handiei buruz hitz egitera, bai, baina gauza txikiei buruz ere hitz egin behar da. Egunerokotasuneko arazoekin zikindu behar dira eskuak, jendeari zuzenean eragiten dien arazoak eman behar ditugu Europara. Beste adibide bat da, denboraleak egon zirenean asteburua pasata, berehala, astelehenean, Izaskun Bilbao (EAJ) eta biok komisarioaren alboko batekin hitz egitera joan ginen diru laguntzen inguruan.

 

Europako Legebiltzarra uste baino gertuagoko tresna da.

I. I. : Beti esaten da erabakien %70 dagoela Europan, eta jendeak hori ikusita uste du hori goi mailako politika dela, baina ez da hori bakarrik. Esaterako bertan hartutako erabaki bat medio, 2015eko abendutik aurrera telefono mugikorretan roaming-ik ez da ordaindu beharko Iparraldera pasatzerakoan. Arazo zehatzak lantzen dira bertan, eta horregatik uste dut, jendeak maiatzaren 25ean bere buruari kalte egingo diola ez bada bozkatzera joaten. Europako Parlamentua da europarrok Europako arkitektura instituzional horretan aukeratu dezakegun bakarra, beste biak Kontseilua eta Batzordea dira; lehenengoa Estatuen kluba da, eta bertan estatu buruak eta ministroak biltzen dira bakarrik, eta bigarrengoan Kontseiluan erabakitzen diren lerro estrategikoak indarrean jartzen ditu. Eta azken hau, ez dugu zuzenean erabakitzen. Troikaren politikari kritikak Legebiltzarrak bakarrik egin dizkio. Esaterako Badakigu Kontseiluaren kolorea urdina dela, indar kontserbadoreak dira gehien, baina ezkerreko progresistak eta ekologistak indartu nahi baditugu, garrantzitsua da bozka ematea.

Gizartean Europa urruti ikusten dela dirudi, hala ere. Adibidez, Legebiltzarrak oso jarrera gogorra azaldu zuen etxe kaleratzeen inguruan, baina ondoren, Espainiar Estatuak ez zion kasurik egin.

I. I.: Uste okerra dago orokorrean. Estatuek ez dute nahi dutena egin, oraintxe izan dugu opor fiskalen isunaren arazoa, egia da iruzur egiten dutela, tranpak... eta Espainiako Gobernua errekorra du horretan, ingurugiro gainetan, esaterako, Europak jarritako arauak gutxien betetzen dituen estatua da eta isun mordoa jaso ditu horregatik. Egia da bi gauzak ezin direla banatu; alegia, Europako Legebiltzarreko lana eta Estatuan egin beharrekoa ezin dira bereizi. Ez da lan isolatu bat, eta guk horretan eragin behar dugu.

 Uste baino mugimendu gehiago dago beraz, Europan.

 I. I.: Plenarioan gaudenean egunero izaten ditugu bozketak, eta egunero 30 bat gai desberdin lantzen ditugu. Egia da gai guztiak ezin ditugula irakurri eta landu, ez gara iristen, eta bakoitzak sakontasunez bere alorreko gaiak lantzen ditu. Besteak lantzeko talde politikoetan badauzkagu aholkulariak alorren arabera, eta badaukagu alor bakoitzean arduradun den konfiantzazko eurodiputatu bat eta bozka iristen denean baditugu bozka zerrendak puntu bakoitzean zer bozkatu behar den jakiteko.

Tolosa Europara eramaten ere saiatu zara.

I. I. : Europako Parlamentuan gauza asko egiteko aukera dago, erakusketak, konferentziak.. Tolosak badu zer erakutsia, ikuspegi askotatik, eta horietako bat da TOPIC. Eta horregatik erabaki genuen erakusketa bat antolatzea, jendeak TOPIC zer den ikusi dezan. Oso ondo hartu zuten, han askotan kutsu oso politikoko erakusketak antolatzen dira, edo oso folklorikokoak... Eta TOPICek jarritakoa oso bestelakoa izan zen. Euskal Herriko beste irudi bat erakusteko modua dela ere iruditzen zait.

O. P.: Bost urtetan izandako erakusketarik atseginena izan zela esan ziguten. Eskertu ziguten. Zorte handia izan genuen gainera, Legebiltzarreko lekurik onena egokitu baitziguten, harrera. Denak pasatzen dira bertatik.

 

 

Inakik orain arte, aholkularien figura nabarmendu du. Zein izan da zure jarduna?

O.P.: Asko aldatzen da lana aholkulari batetik bestera, zeinentzako egiten duzun lan oso garrantzitsua da. Inakik deitu zitenean ez nekien zein zen aholkulari baten lana, eta interneten sartu nintzen ikusteko, eta denetatik ikusten zen; batzuk diputatuaren e-mail kontua eramaten dute, edo traje bat behar dutenean bila joaten dira, edo apartamentua bilatu... Baina beste batzuk batzordeak eramaten dituzte. Nire kasuan Inakik bere kontu guztiak eramaten dituenez, administrazio lan asko egiten aritu naiz, eta bileretan egon, harremanak egin... Leku horietan oso garrantzitsua da jendea ezagutzea, hori mundu handi bat da, eta oso garrantzitsua da jakitea gauza bakoitza hitz egiteko norengana jo behar duzun, bueltaka ez ibiltzeko.

 

Inakik deituta hasi zinen, beraz.

 O. P.: Europarlamentari bakoitzak aukeratzen du bere aholkularia, eta niri Inakik deitu ninduen. Inaki ere ordezkatu izan dut toki batzuetan. Lana ere aldatzen da daukazun ekipoaren arabera. Bulego batzuetan atea ireki eta lau pertsona zeuden lanean, eta gurean gu bakarrik geunden. Eta horregatik guri denetatik egitea egokitu zaigu.

 I. I.: Nik neuk bi pertsona nituen laguntzeko, Olga eta Argitxu Etxandi, eta oso lan ona egin dute. Olgak gauza asko egin ditu; ni ordezkatu batzuetan, batzorde batzuetan egon, harreman sarea osatu, konferentzia batzuetan egon, bilerak eskatzen zituztenean gurekin eta ezin nintzenean egon bera egon da, harrera egin die bertara joandako bisita askori... denetatik egin du. Argitxu Etxandi ere han zegoen, baina bere master tesina egiten zegoen, eta beste gauza batzuetan egon da.

 

Politikarien eta aholkularien lana batera doazela esan daiteke?

 O. P. : Kasu batzuetan bai, gurean esaterako. Baina egia da beste batzuetan ezetz, eta distantzia hori ikusi egiten da, gainera. Hori pertsonen araberakoa da. Gu ekipo bat izan gara, konfiantza behar da Inakik eman ziten, eta nik hartu egin nuen.

 I. I. : Eskerrak Olgaren profilarekin asmatu genuela, eta eskerrak Argitxuren eta Olgaren lanari. Oso harreman ona izan dugu, eta elkarlana oso aberasgarria izan da. Nik todoterreno bat behar nuen, eta Olga horrelakoa da. Bere ibilbidea ikusita banekien posible zela.

 

Europako Legebiltzareko burokrazia korapilatsua dela dirudi, horrela al da?

O. P. : Hori horrela da, oso astuna da. Eta harritzekoa da parlamentuan zenbat jende dagoen paperak egiteko bakarrik. Prozesua arindu egin beharko litzateke, eta askotan pentsatzen genuen ez zela bide logikoa jarraitzen. Horregatik oso garrantzitsua da jendea ezagutzea, horrela bidea arindu baitaiteke. Egia esan harea joaterakoan ez nuela espero horrela izatea, baina segituan konturatu nintzen jendearekin harremanak egitea ezinbestekoa zela, lana arindu behar zela nolabait. Nire pertsonalitatea ere horrelakoa da, hala ere, lagunak egitearena, eta hori baliatu dut. Gure bulegoa beti egon da irekita, eta bisita guztiak hartu ditugu, eta hori ere beste batzuk asko zailtzen dute.

Nolakoa izan da zuen egunerokotasuna?

 O. P. : Nik aste guztia ematen dut han, han bizi naiz. Guri Legebiltzarrak ez dizkigu bidaiak ordaintzen, europarlamentariei berriz bai. Nik aukera gehiago izan dut han jendea ezagutzeko eta abar. Baina egia esan lan asko izan dut, eta ez dut gehiegi aprobetxatu.

I.I.: Guri bidaiak ordaintzen dizkigute, eta horregatik egoten nintzen lau egunez han, astelehenetik ostegunera, eta ostiralak Tolosan, udaleko gauzak egiteko baliatu ditut. Hotelean bizi izan naiz. Legebiltzarreko jarduna asteka banatzen da, oso sistema kuriosoa da. Eta ez oso eraginkorra, nire ustez. Aste bat lan batzordeak biltzeko izaten da, beste bat herrira itzuli eta boto emaileekin hitz egiteko, beste bat osoko bilkurena da, eta azkena talde bilerena.

O. P. : Egun normal batean 08:00etan sartzen ginen legebiltzarrean, eta batzorde, hitzorduak... izaten genuen. Guk hitzordu guztiak hartzen genituen, eta beraz bilera asko izaten genituen. Bazkaltzeko ordu erdi edo hartzen genuen, eta atera 20:00ak aldera ateratzen ginen. Ni han bizitzen nintzenez, denbora pixka bat bat gehiago izan dut hura ezagutzeko, baina ez pentsa, lana izan da batez ere egin duguna. Brusela eta Brujas ezagutu ditut, lagun pare bat egin, eta listo. Guk ez genuen hura ezagutzen laguntzeko inor, beraz, zerotik hasita lan asko egin behar izan dugu martxa hartzeko, gogorra izan da. Oso bizia izan da.

 

 

Gizartean dagoen beste irudipen bat soldatarena da, aberastu egiten omen zarete.

 I.I.: Parlamentari batek baliabide ekonomiko handia du, baina nik uste beharrezkoa dela. Beste gauza bat da nola erabiltzen dituen baliabide horiek. Hau da, guk badugu gastu orokorrak ordaintzeko 4.200 euroko poltsa; telefonorako, hemen bulego bat ireki behar bada harremanetarako hori ordaintzeko, txostenak ordaintzeko, jendea Bruselara eramateko, konferentziak ordaintzeko... Baina egia da batzuk diru hau poltsikora sartzen dutela, baina hori ez da gure kasua. Dena gastatu dugu. Gero badugu soldata, eta hor ere badago aldea alderdiari zer ematen dioten batzuk eta besteek. 6.200 euroko soldata dugu, baina batetik, 12 ordainsari dira, eta bestetik, gizarte segurantza ordaindu behar da, nire kasuan 950 euro. Alderdiari ere ematen diot kopurua, eta hori guztia kenduta nik ez dut irabazten Tolosako udaletxeko goi mailako langileek irabazten dutena baino askoz gehiago.

O. P.: Ni ez naiz aberastu behintzat. Konpromiso maila oso garrantzitsua da, eta honetan ere ikusten da bakoitzak zer egiten duen. Lan aldatik, diru aldetik.. alderdi guztietatik ikusi behar da parlamentari bakoitzaren konpromisoa. Zenbat lan nahi duen egin eta zertan erabiliko duen dirua. Lehen oso kontrol gutxi zegoen diruaren inguruan, baina gaur egun ez da horrela.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!