Europako Hauteskundeak

Lan mahaia osatzeko eskatu du Rebeka Uberak Tolosan

Europako hauteskundeak 2014ko mai. 21a, 13:54

EH Bilduko legebiltzarkidea Tolosan izan da, Asuncion Klinika publifikatzeko eskatu eta horretarako lan egingo duen mahai bat eratzea eskatzeko. Eskualdeko hautetsien babesa izan du agerraldian.

EH Bilduko legebiltzarkide den Rebeka Uberak agerraldia egin du gaur goizean Asuncion Klinikaren aurrean eskualdeko beste hainbat ordezkarirekin batera. Besteak beste, eskualdeko osasun zerbitzua publifikatzeko lan egingo duen lan mahai bat eratzea eskatu du Uberak, EAJren gestioa kritikatzearekin batera. 

Interes pribatuak "pertsonen aurretik lehenesten" dituela adierazi du parlamentariak: "Zilegi da enpresa pribatuak irabaziak, etekin ekonomikoa, helburu izatea. Baina ez da zilegi administrazio publikoak enpresa pribatu bati negozioa bermatzea, interes orokorraren gainetik enpresa pribatu baten interesak jartzeko".

Urkulluren gobernuak Tolosaldeko Osasun Sistema Publiko desegin eta enplegu publikoa desmantelatzeko asmoa duela salatu du EH Bilduko ordezkariak. Horretarako, osasun saila Asuncion klinika kudeatzen duen enpresarekin, Invizarekin, duen hitzarmena baliatzen ari dela ohartarazi dute. "Hitzarmen hori ez zen egin klinikak zituen gabeziak estaltzeko. Osasun zerbitzu publikoan ematen ziren zerbitzuak hitzartu ostean, sistema pribatuko zerbitzua mantendu eta sistema publikokoa kentzen da helburua" esan du. Izan ere, EH Bilduk, erakunde publiko baten lehentasuna "zerbitzu publikoak zaintzea, mantentzea eta bermatzea" dela defenditu du, "herritar guztiei kalitatezko estaldura eskaintzeko".

Uberaren esanetan, kalitatezko osasun babesa "unibertsala eta ekitatiboa" da. Hori dela eta, Tolosaldeko herritarrek ere gainontzekoen eskubide berberak dituztela adierazi du legebiltzarkideak.

Horretarako, EH Biludko hautetsiek eta Tolosaldeko beste udal hautetsiekin batera defendatzen duten lan mahaia sortzea "beharrezkoa" dela esan du Uberak. "Ez da aparteko eskakizun bat. Elkarlanerako, hitz egiteko, adostasunak bilatzeko... balio du mahai horrek". Lan mahai horren helburu bakarra "pertsonak" izan beharko luketela azpimarratu du. Zentzu horretan EAJri mezua bidali dio: "Ez al du esaten EAJk akordioak eta Pertsonak dituztela helburu? Aukera paregabea dute". "Mahaiaren bueltan zain" geratzen direla esanaz amaitu du Rebeka Uberak agerraldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!