Tolosaldeko alkateek agerraldia egin dute herritarrei Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazitako Partaidetzako Aurrekontuak ekimenean parte hartzeko. Ekimen honen bidez herritarrekin biltzen ari dira, eta helburua herritarren proposamenak jasotzea da 2015. urteko aurrekontuaren 500.000 euro zertan inbertitu nahi duten jakiteko. Bilerez gain, hala ere, internetez ere egin ahal dira ekarpenak, eta baita etxez etxe banatzen ari diren eskuorrien bidez ere.
Tolosan maiatzaren 20an bilduko dira, 19:00etan, udaletxean, eta Villabonan maiatzaren 22an, 18:30ean, Mintzolan. Azken bilera honetara Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo herritarrak ere deitu dituzte.
2013ko esperientzia pilotua
Tolosaldeko alkateek azaldu dutenez, Foru Aldundiak Partaidetzako Aurrekontuak ekimenaren esperientzia pilotua iaz egin zuen. Urola Erdian egin zuten, eskualde horretako bost udalerrien laguntza izan zutelarik. Elhuyar aholkularitza taldeak gidatu zuen prozesua.
Herritarren erantzuna "oso ona" izan zela esan dute alkateek; "ehundik gora proposamen bildu ziren, herri guztietan osatu ziren partaidetzako tailerrak eta bertan landutako proposamenak batzarretan eztabaidatu eta aukeratu ziren".
Urola Erdiko herritarrek zazpi proposamen aukeratu zituzten 500.000 euro horiek inbertitzeko. Horiek aurten gauzatzen ari dira eta, horretarako, Urola Erdiko proiektu horien jarraipen batzordeak osatu dituzte.