Gipuzkoako Aldundia, aurrekontuak

Foru Aldundia hasi da herritarrekin biltzen 500.000 euroak zertara bideratu erabakitzeko

Ataria 2014ko mai. 12a, 13:15

Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak hasi dira jada herriz herriko bilerak egiten Tolosaldeko herritarrek 500.000 euro zertan inbertitu nahi dituzten jakiteko. Atzo Ibarran izan ziren Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Leaburu eta Ibarra bertako herritarrak bilduz. Alegian gaur bilduko dira, 18:30ean udaletxean, eta Tolosan maiatzaren 20an, 19:00etan, udaletxean. Villabonaren txanda hilaren 22an izango da, 18:30ean Mintzolan.

Pasa den astean hasi zituzten bilerak, eta Lizartza, Bidania-Goiatz eta Anoeta izan ziren lehen herriak. Bilera horietan aipatu herrietako bizilagunez gain Orexa, Albiztur, Hernialde eta Irurako herritarrekin bildu ziren. Eta bertan ekarpen asko bildu zituzten.

Lizartza eta Orexako tailerrean 10 pertsona elkartu ziren, eta hasieran 51 proposamen egin bazituzten ere, azkenean 11 adostu zituzten.

Bidania-Goiatz eta Albizturgo tailerrean 9 pertsona izan ziren, eta hasieran 28 proposamen atera baziren ere, 6 garatu zituzten.

Anoeta, Hernialde eta Irurako bileran 5 lagunek hartu zuten parte, 10 ideia atera ziren eta 9 adostu.

Datozen bileretan ere orain artekoetan bezala, ekarpen asko bildu nahi dituzte, eta horregatik herritarrei gerturatzeko eta proposamenak egiteko deia egin diete.

 

 
 

Lizartza-Orexako proposamenak:

  • Ingurumena:
    • Energia iturri berriztagarriak sortzeko azpiegiturak martxan jartzea
    • Mendien baliabideak mantendu eta egokitzea. Garbiketak, landaketak, bideak,…
    • Baso eta mendien zaintza eta ezagutza. Egoera zaintzea eta markatzea.
  • Mugikortasuna:
    • Tolosa-Lizartza-Orexa bidegorria
    • Errepide sare orokorrean herri txikien seinalizazioa

  • Gizarte politika:
    • Eguneko zentroa Lizartza-Orexa-Leaburu-Gaztelu
    • Euskararen diagnosia Lizartzan
    • Oroimen historikoaren sustapena
    • Oroimen historikoa: Historia ezagutu, aztertu eta zabaldu. Digitalizazioa

  • Kultura:
    • Kultur instalazioak erabilera anitzerako egokitzapena

Bidania-Goiatz eta Albizturgo proposamenak:

  • Mugikortasuna:
    • Tolosa eta Bidania-Goiatz arteko errepidea konpondu

  • Ingurumena:
    • Albiztur eta Bidania-Goitz lotzen dituzten herri bideak eta mendi sail publikoak garbitu
  • Jarduera ekonomikoak:
    • Bidania-Goiatz eta Albizturgo turismo arloa landu

  • Gizarte politika:
    • Adineko pertsonentzako zerbitzuak hobetu

Anoeta-Hernialde-Irurako proposamenak:

  • Mugikortasuna:
    • Hernialdeko bidegurutzean semaforoa jartzea, zebra bidearekin
    • Tolosatik Anoetara bidegorria egitea, ondo argiztatuta
    • Herrien arteko argiztapena hobetzea
    • Larramendi auzotik Belate auzora zubia egitea
  • Ingurumena:
    • Ibaiak eta errekak garbitu eta dragatzea
  • Jarduera ekonomikoak:
    • Nekazaritza sustatzea. Gazteak nekazaritzara bideratzeko baliabideak jartzea (erabilerarik gabeko lurrak...)

  • Gizarte politika:
    • Euskara sustatzeko ekintzak martxan jarri (Ataria proiektua sustatu, euskararen erabilera sustatzeko plana martxan jarri, ez dakitenak euskara ikasteko baliabideak jarri)
    • Parekidetasunaren prebentzioa LH2-LH6 tartean landu (eskualdeko ikastetxeetan)
    • Arrisku sozialetarako prebentzioa LH2-LH6 tartean landu (eskualdeko ikastetxeetan)

Ekaina bitarte proposamenak bilduko dituzte, eta ondoren, iraila arte, lehenetsitako proposamenak Foru Aldundiko teknikarien eskutan jarriko dituzte hauen azterketa ekonomiko eta juridikoa egiteko, egitasmoak bideragarriak diren ala ez argitzeko eta bakoitzak zenbat kostatuko duen zehazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!