Gipuzkoako Aldundia, aurrekontuak

Tolosaldeko herritarrek 500.000 euro zertan inbertitu nahi dituzten erabaki dezakete

Ataria 2014ko mai. 7a, 15:44

Gipuzkoako Foru Aldundiak Partaidetzarako Aurrekontuen ekimena abiarazi du herritarrek 2 milioi euro zertan inbertitu nahi duten proposatu dezaten. Hiru eskualdetan hasiko dira, Tolosaldean, Oarsoaldean eta Urola Erdian, eta bakoitzean 500.000 euro zertan inbertitu erabaki beharko dute. Hiru modu daude ekarpenak egiteko; internet bidez, etxeetara bidaliko dituzten eskuorrien bidez, edo partaidetzarako tailerretan. Tailer horietako lehena herenegun izan zen, hain justu, Lizartzan, atzo, Bidania-Goiatzen izan ziren, eta gaur Anoetaren txanda da, 18:30ean da hitzordua, udaletxean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetzazko Aurrekontuen ekimenaren barruan herritarrek 2 milioi euro zertara bideratu nahi dituzten proposatu ahal izango dute. Foru Aldundiko arduradunek bilerak egingo dituzte herriz herri iritziak biltzeko, eta lehenengoak Tolosaldeko, Oarsoaldeko eta Urola Erdiko biztanleak izango dira. Maiatzaren 18a arte izango dute Tolosaldeko bizilagunek proposamenak egiteko epea. Bidasoaldekoek, ostera, ekainaren 8a arteko epea izango dute. “Parte hartze prozesuan aurrerapauso kuantitatiboa eta kualitatiboa eman dugu. Herritarrek, proposatzeaz gain, erabakitzeko ahalmena ere izango dute”, nabarmendu du Helena Francok, Ogasun diputatuak.

Guztira, 2 milioi euro jarriko ditu Foru Aldundiak Gipuzkoako 228.204 herritarren esku, eskualde bakoitzerako 500.000 euro. Partaidetzazko Aurrekontuen ekimenak Gipuzkoako lau eskualde, 39 udalerri eta herrialde horren biztanleriaren herena hartuko du. Diru kopuru hori foru aurrekontuetatik aterako da. Hala, herritarrek, parte hartze prozesu baten bidez, aukeratzen dituzten egitasmoak 2015eko foru aurrekontu orokorrean txertatuko dira.

Helena Franco Ogasun diputatuak nabarmendu duenez, “hau ez da prozesu kontsultibo hutsa, proposamen horien artean zeintzuk gauzatuko diren erabakitzeko ahalmena ere badutelako herritarrek. Eta ezaugarri horrengatik da berritzailea Partaidetzazko Aurrekontuen ekimena, gestio publikoaren zati bat herritarren esku uzten duelako”.

Horrekin lotuta, Helenak gogorarazi duenez, “Partaidetzazko Aurrekontuak ez dira Foru Aldundiko ekimena soilik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi guztien sustengua ere badutelako”. Eta “horrek bermatzen du herritarrek erabakitzen dituzten proiektuak aurrekontuen proiektura sartuko direla zuzenean, eta, beraz, erakundeek haien erabakia errespetatuko dutela”.

Nola egin ekarpenak

Herritarrek ekarpenak egiteko hiru bide dituzte: Internet bidez, etxeko postontzietara iritsiko zaien eskuorrien bidez, edo partaidetzarako tailerretara joanda.

1. Interneten, www.aurrekontuahobetzen.net webgunean. Behin erregistratuta, nahi adina proposamen egin daitezke.  Webguneak ekimena zertan den azaltzen du, eta parte hartze prozesua gertutik jarraitzeko aukera ere eskaintzen du: bileren agenda eta, bilerak egiten direnean, dokumentazioa ere eskura egongo da. Halaber, proposamenen bilketa eta horien aukeraketak egiten direnean, lehenetsitako proposamenen zerrendak ere argitaratuko dira. Boletinean izena emanez gero, zure e-postan jasoko duzu prozesuari buruzko informazioa (bileren deialdiak, gai-ordena, aukeratutako proposamenen zerrendak…).

2. Etxeko postontzietara bidali diren eskuorrien bidez. Eskuorri horiek formulario bat atxikita daukate. Bertan proposamenak idatzi eta herri guztietan ezarriko diren bilketa puntuetan utzi daitezke. Bilketa puntu horietan kartelak egongo dira eta ondoan, eskuorriak. Herritarren bati etxera ez bazaio eskuorria iritsi, han egin ditzake proposamenak.

3. Partaidetzazko tailerretara joanda. Herriz herri deituta dauden tailerretan ere proposamenak egin daitezke. Parte hartze prozesuaren nondin norakoak ere azalduko dira bertan. Bilera horietan, eskualde bakoitzeko talde sustatzailean parte hartzeko izena eman dezakete herritarrek. Tailerrak maiatzean izango dira. Orotara, 27 tailer egingo dira, 12 eskualdeko batzar, eta 10 bat tailer sektorial.

 
 

Tailerren datak

  • Anoeta: maiatzak 8, 18:30ean, udaletxean.
  • Ibarra: maiatzak 13, 18:30ean, udaletxean.
  • Alegia: maiatzak 14, 18:30ean, udaletxean.
  • Tolosa: maiatzak 20, 19:00etan, udaletxean.
  • Amasa-Villabona: maiatzak 22, 18:30ean, Mintzolan.


Bigarren fasea

Maiatza eta ekaina bitartean proposamenak eztabaidatuko dituzte eskualdeetako batzarretan, eta herritarrek lehentasunezko 20 bat proposamen aukeratuko dituzte.

Hirugarren fasea

Ekaina eta iraila artean lehenetsitako proposamenak Foru Aldundiko teknikarien eskutan jarriko dira. Haiek azterketa ekonomikoa eta juridikoa egingo dute, egitasmoak bideragarriak diren ala ez argitzeko eta bakoitzak zenbat kostatuko duen zehazteko.

Laugarren fasea

Iraila eta urria bitarte bideragarriak diren egitasmo horiek, bakoitzak bere kostua zehaztuta, eskualdeetako batzarretan eztabaidatuko dira eta bertan, azkenik, 500.000 euro horiekin zer egin erabakiko dute herritarrek. Behin betiko zerrenda hori 2015eko Foru Aldundiko aurrekontuetan txertatuko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!