Txantxoen eta talai dantzarien jaia

asierimaz 2014ko ots. 26a, 09:34

Inauterietan Amezketan eta Abaltzisketan neguaren amaiera eta udaberriaren etorrera ospatzen dute, dantzan. Talai dantzariak eta txantxoak baserriz-baserri eta etxez etxe herria zeharkatzen dute, naturaren albistea bizilagunei emateko. Lurraren berpiztea gorputzaren berpizte bilakatzen da. Janak eta edanak oinak dantzan jartzen ditu, eta makilek, eskuak astintzen dituzte.

Xabier Artola abaltzisketarrak 14 urte egin ditu txantxoekin dantzan. Aurten, ordea, belaunaldi berriei lekua utzi eta erretiroa hartuko du. «Egun oso polita izaten da. Umore ona, dantza egiten duzu, jana, edana... guztioi gustatzen zaizkigun gauzak egiten ditugu. Baina kontuan hartu behar da azken 14 urteetan Tolosako inauterien igandea ez dudala ezagutu, beraz, alde horretatik gustura utziko dut». Goizean goiz elkartu eta udaletxean janzten dira Abaltzisketako txantxoak. Entsegu pare bat egin, eta zortzi dantzariek herriari itzulia emateko bideari ekiten diote, soinu jolea eta bi mozorroturekin batera. Aurretik doan mozorrotuak dantza egin behar duten lekuetan erratza pasatzen du, eta atzekoak, dirua biltzen du. Dena ez da dirua izaten ordea, Xabier Artolak dioen bezala: «Pastak, hamaiketakoa, kafea edo parrillan egindako saiheskia. Giro hotza izaten da normalean, eta benetan eskertzen da ematen digutena». 10:30ak inguruan berriro plazara itzultzen dira, hamaiketakoa egin eta mezetatik ateratzen diren herritarren aurrean dantza egitera.

Esanahiari dagokionez, talai dantzarien antzeko mezua zabaltzen dute herriko etxeetan txantxoek. Baina gauza guztien gainetik, usadio festa bilakatu da, eta horri heldu nahi diote, belaunaldi berrien laguntzarekin. Bi dantzen arteko desberdintasunak aurkitzen hasita, nabarmena jantzien artekoa da. Horrez gain, kanta bera izanagatik, erritmoa desberdina dela dio Artolak.

Artola batetik bestera jauzi eginez, Jokin aipatu behar da. Amezketarrak urteak daramatza talai dantzari bezala. Xabier lehengusuaren aukera, erretiroa, oraindik ez du gertu ikusten amezketarrak. Hilabete lehenago hitz egiten dute talai dantzariek, inauteriak gainean direla eta prestatzen hasi beharra dagoela elkarri esateko. Deialdia herrian zabaltzen dute, ondoren. Abaltzisketan ez bezala, talai dantzariek ez dute kopuru finko bat, hau da, nahi duena irten daitekeela dantzan. Horretarako erraztasun guztiak jartzen dituzte amezketarrek, eta egunean bertan plazan agertu nahi duenak, dantzarako aukera izango du. Entsegurik onena bidean egiten dena dela dio Jokin Artolak: «08:00etan elkartzen gara plazan, eta norbaitek dantza ez baldin badaki, momentuan erakusten zaio, ez baita batere zaila. Ondoren, dantza egin ahala hobetzen joaten gara». Goizeko ordu txikietan kafea, anixa edo pastak ematera gonbidatu ditu Artolak herritarrak, eurek uko ez baitiote egingo ekarpen horri.

Igandean eta astelehenean ateratzen dira talai dantzariak Amezketan. Ohituraren inguruan, kontakizun desberdinak entzun ditu Jokin Artolak. Horien artean otsoak uxatzeko makilak astintzen zituzten artzainena dago.

Amezketatik Urretxura

Urretxuko Lurra dantza taldeak urtero herri txikietako inauteriak omentzen ditu, eta aurten Amezketako talai dantzariz aterako dira. Martxoaren 1ean, larunbatean, herriko baserri eta etxeak igaroko dituzte Amezketako tradizioa erakutsiz. Puske biltze honetan, bizilagunei talai dantzaren nondik norakoak azalduko dizkie.

 

EGITARAUA

AMEZKETA

  • MARTXOAK 2, IGANDEA: 08:00. Plazan elkartu eta talde bat Ugartera joango da, bestea, San Martin inguruko baserrietara. Ondoren, Zubillaga auzoan elkartuko dira.
  • MARTXOAK 3, ASTELEHENA: 08:00. Plazan elkartu eta batzuk Bedaio inguruko baserrietara joango dira, besteak falta diren baserrietara.


ABALTZISKETA

  • MARTXOAK 2, IGANDEA: 07:00. Udaletxean jantzi eta baserriz baserri herri guztia zeharkatzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!