"Sekulako umorea dudala esaten didate, baina hori da ateratzen zaidana"

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ots. 25a, 16:38

Izakun Larrañagak hamaika eta bat mozorro ditu etxean, eta berak eginak dira gehienak
80 inauteritik gora daramatza soinean Izaskun Larrañagak (Tolosa, 1929). Adinak ez dio umorerik kendu, ordea, eta gaztetan bezain arin ditu oinak, txarangen atzetik saltoka nahiz konpartsan dantzan aritzeko. Urte erdia Alacant inguruan pasatzen badu ere, inauterietan ez du sekula hutsik egiten, eta aurtengoetarako ere prest dago.

Urte asko daramatzazu inauteriak ospatzen. Nola aldatu dira zu gazteagoa zinenetik hona?
Asko aldatu dira, noski. Lehen frontoira dantzatzera ere ezin izaten genuen joan, dena debekatuta izaten baikenuen. Txarra zela eta txarra zela, bekatua zen dena. Orain, berriz, gehiegi.

Eta nola ospatzen zenituzten, bada, zuek?
Eskolara mojekin joaten nintzen, Jesuitinetara, eta han egoten ginen. Zezen plazatik bueltan jendea txarangekin nola jaisten zen ikusten genuen leihotik eta patiotik.

Mozorrorik-eta ez zen izango orduan.
Ez, gerora mozorrotu izan naiz, alabekin eta bilobekin. Kuadrillan ateratzen gara eta oso ondo pasatzen dugu.

Hilabete asko pasatzen dituzu Alacant aldean, baina hala ere beti etortzen zara. Hutsik ez duzu egiten, beraz?
Ez, ez. Aurten zalantzatan ibili gara, batek hankean min duela, besteak ez dakit zer... Atera edo ez atera pentsatzen aritu gara, baina, azkenean, nola edo hala aterako garela erabaki dugu. Bazkaltzera elkartera joango gara eta zerbait egingo dugu.

Egun garrantzitsuak dira inauteriak zuretzat?
Bai, bai, inauteriak niretzat bai, oso ondo pasatzen dut.



Dantzan ere aritzen zara.
Noski, eta sueltoan ere, jarriko bagina, berdin-berdin oraindik ere. Gaztetan Villabonako lehiaketa irabazitakoa naiz, sueltoan. Azpeitiko mutil batek eta Itsasondoko neska batek irabazten zituzten, orduan, lehiaketa guztiak. Joaquin Tapiak esan zidan harekin dantzan ateratzeko, eta ezetz esaten nion hasieran, baina egunero-egunero esaten zidanez, amore eman eta baiezkoa eman behar izan nion. Bere aitak zapatak konpontzen zituen eta han egiten genituen entseguak; lehen saria irabazi genuen, pentsa!

Dantza gustoko baldin baduzu, txarangak ere bai, ezta?
Bai, bai, segituan jartzen naute saltoka. Sekulako umorea dudala esaten didate, baina hori da ateratzen zaidana.

Lehen jende gehiago joaten al zen txarangen atzetik?
Lehen zezenak bukatu ondoren, kalejira oso-osoa amaitu arte haien atzetik joaten ginen, eta gauerako etxera joaten ginen. Ni ere etxera etortzen naiz orain, noski, baina gazteek gauean ere jarraitu egiten dute.

Eta zer iruditzen zaizu karroza batzuen bolumenarekin gertatzen dena?
Batzuek musika oso-oso altu eramaten dute egia esan, eta elkarrekin hitz egiteko ere nahiko lan izaten dugu. Baina beraiei hori gustatzen baldin bazaie, tira. Uzten baldin badiete, bakoitzak berea egin behar.

Inauterietan mozorrotzeko ohiturak ere aldatzen joango ziren, ezta?
Tolosa Kantarirekin ateratzen naiz, eta kaldereroz jantzita atera ginen azkenekoan. Mozorrotuta joateko esan zigutenean, askok eta askok ez zutela nahi zioten, baina nik esan nien, etxeko gona bat hartu, lau trapu gainean jarri eta listo nagoela!

Norberak etxean dituen jantziekin mozorrotzea gustatzen zaizu, beraz.
Bai, nola-hala mozorroak osatzea polita da.

Aurtengoa prest al duzu?
Egia esan, ez dakit ondoegi. Lehengoan hizketan aritu ginen, eta badakit txorakeriak egiteko helburuz irtengo garela, baina jantzia zehazki zein den, ez dakit. Gainontzeko egunetarako baditut txilabak nahiz hainbat gauza eta etxean ez gara geratuko beraz, asmatuko dugu zerbait.

Hainbeste inauteri bizi izanda, anekdotarik ere izango duzu ezta?
Anekdotak? Asko gertatzen dira, beti, inauterietan. Begira, jende askok esan ohi dit: «Zein gustuko dituzun inauteriak!». Nire jaioteguna martxoaren 1a da eta, aurten ere, larunbatean urteak bete eta Zaldunita egunean ospatuko ditut. Behin, ordea, Ostegun Gizen egunean bete nituen urteak, eta bat nigana etorri eta barrezka zoriondu ninduen. Nik ere barrez eskerrak eman nizkionean, ordea, zera galdetu zidan: «Ez al zara haserretu?». Eta nik: «Zergatik haserretuko naiz, bada?». Halaxe esan zidan berak orduan: «Ez, gizentxoa zaudenez...». Hitzik gabe geratu zen, ordea, nire urtebetetze eguna zela eta eskerrak horregatik eman nizkiola argitu nionean.

Egun bat bereziki gustuko al duzu inauterietan?
Egunak denak. Zezenak oso politak izaten dira eta beti joaten naiz.

Eta zein dira inauterietako zure abesti kuttunak?
Ez dakit... Polvo y Pajako Viva el anis oso gustuko dut, eta Pintxanakoa ere bai. Baina denak ditut kuttunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!