Igor Agirre 'Topi': "Gorputzak irauten duen bitarte, jaian egotea gustatzen zait"

asierimaz 2014ko ots. 26a, 09:46
'Topi' hiru urte zituela
Tolosar peto-petoa da Igor Agirre (Tolosa, 1993). Inauteriak entzun eta odola dantzan jartzen zaion horietakoa. Mozorroak maite ditu, baina baita txaranga ere.

Zer da inauterizale izatea?
Tolosar ona izatea da. Gure herrian festa giro gehien dagoen egunez disfrutatzen jakitea.

Tolosar txarrek zer egiten dute, bada?
Esaten dutenez kanpora joaten dira. Nik horietakorik ez dut ezagutzen, nire inguruko guztiak hemen gelditzen baitira. Inauterizalez inguratua bizi naiz, poz-pozik.

Noiz sumatu zenuen zure bihotz barru-barruan inauterizaletasuna sortu zela?
Inauteri grinarekin txikitatik jaiotzen gara. Nire guresoek txikitatik sartu zidaten festa honekiko zaletasuna, eta mozorroen magia.

Ez al dira San Joanak Tolosako jai nagusiak? Tolosaren izaera benetan erakusten dutenak?
Gaur santuen izenarekin gogoratzen ditugun jai horiek, San Joanak adibidez, inauterien antzera beste ohitura batzuetatik datoz. Giroari erreparatzen badiogu, inauteriak dira Tolosako jai nagusiak. Erlijioak erabaki du San Joanak festa nagusi bezala ospatzea Tolosan.

Inauterietara itzuliz, mozorroak prest al dituzu?
Egun guztietako mozorroak ez dauzkat finkatuta, azken orduko aldaketak ohikoak izaten dira gure etxean.  

Zein da gehien gustatzen zaizun eguna?
Denek dute beren xarma. Hala ere, Ostegun Gizenarekin eta Asteartitarekin geratzen naiz.

Zergatik?
Ostegun Gizena inauterietako eromena hasten delako, eta Asteartita gure herriko kaleetan herrikoen arteko giroa berriz ere nabari delako, beste egunetan ez bezala.


Kanpotik etortzen direnek, beraz, giroa hozten dute.Badira bazterrak nahastera etortzen direnak, nahiz eta herriko batzuk ere antzera ibiltzen diren. Bestalde, kanpotik etortzen diren hainbat, herriko bilakatzen dira egun hauetan. Denentzat dago tokia egun hauetan.

Goiza, arratsaldea edo gaua?
Egunero eta hirurak. Gorputzak irauten duen bitarte jaian egotea gustatzen zait.  

Orain arteko inauterietatik gogoratzeko momentu bat.

Aurreko urteko Asteartitan, nire aitaz eta Txirritaz mozorrotu ginenekoa. Ederki pasa genuen kaleetan barrena txistua jotzen.

Orain arteko inauterietatik ahazteko momentu bat.
Bonberenea txarangarekin jotzen ari ginen Astelenita gauekoa; gazte bat agertu eta harategiko labana atera zuenekoa. Duela hiru edo lau urte izan zen hori.

Txarangarekin ere ateratzen zara, beraz?
Bai, inauterietan egunero ibiltzen naiz txarangarekin. Ez Tolosako inauterietan bakarrik, beste herrietako jaiak alaitzera ere joaten naiz.  

Zein txarangarekin ateratzen zara?
Bonberenearekin, Polvo y Pajarekin, eta Jainekin txarangarekin.

Inauterizalea izateko, txaranga zalea izan behar al da?
Ez zaizu zertan txaranga gustatu behar, baina inauterien parte garrantzitsu bat direla argi dago.

Errespetatuak al zarete?
Urtetik urtera gutxiago. Jendeak askotan ez du erreparatzen afizioz aparte batzurentzat ogibide ere badela musika jotzea.

Konpartsen eta karrozen zarataren inguruko polemika hortik sortu al da?
Txarangekiko errespetu faltatik haratago doa polemika hau. Konpartsek eta karrozek beraien artean ere arazo bat dute, ez baitiote ondokoari ere prestatua lasai erakusten uzten. Udalak neurri gogorragoak hartu beharko lituzke arau hauste hauen aurrean.


Inauteriak herritarrek antolatzen dituztela esan izan da, bakoitzak bere festa kalera ematen duela, erakundeetatik aparte. Kritikek, aldiz, beti udala sartzen dute tartean.
Kritikarako ohitura handia dugu herri honetan, hala ere, udalak erantzukizun bat duela uste dut. Beraiek ematen dizkiete diru laguntzak taldeei eta argi dago diru publiko hori ezin daitekela erabili herritarren festa ondatzeko. Udalak, karrozetan parte hartzen dutenen adinako erantzukizuna du.

Ondorioz, inauterien arrakastan ere badu bere meritua Tolosako Udalak.
Neurri batean badu bere meritua festak gauzatzeko ematen dituen diru laguntzengatik. Tolosako inauterien maila handitzea ekarri dute laguntza hauek, baina ez nago ziur horrek giroa bera ez ote duen aldatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!