Udalaren nahia jaiaren eta legearen arteko oreka aurkitzea da, eta horregatik bilera egin zuten herritarrekin pasa den otsailaren 5ean. Bertan, udal ordezkariek (zerbitzuetako ingeniaria, udaltzainburua, festetako zinegotzia eta festetako teknikaria) egungo egoeraren eta bete beharreko neurrien inguruko informazioa luzatu zieten herritarrei. Eta bertan hitz egindakoa aztertuta udalak zezen plazako hondarrera sartzen den jende kopurua zenbatzeko kontrol sistema egokia jartzea erabaki du.
Hala, iazko moduan sarrera ate handitik egingo da, eta -zenbaketaren arabera- gehienezko aforoa osatu aurretik, zezen plazako ateak itxi egingo dira. Honako neurria kontuan hartuta, udalak herritarrei eskatzen die, arduraz jokatzeko eta lasaitasunez sartzeko hondarrera, inongo iskanbila, ezbehar edota arazorik sortu ez dadin.
Azken hamarkadan, Joko eta Ikuskizunen eskuduntza Jaurlaritzako Barne sailaren eskua dagoenetik, aforoaren inguruko araudiak eta legeak zurrunagoak dira eta ikuskizunen jarraipena gero eta hurbilagotik egiten dute. Hori dela eta, udalak bere eskuetan dagoen guztia egingo du legea eta ikuskizunaren arteko oreka aurkitzeko.
Sarrerak ostegunetik aurrera salgai
Ostegunean, hilaren 20an, jarriko dira salgai interneten zezen plazako ikuskizunetarako sarrerak. Iaz irekitako bideari jarraituz, zezen plazako ikuskizunetarako sarrerak Leidor aretoko leihatiletan nahiz internetez erosi ahal izango dira. Baina oraingo honetan, sarreren erdiak salduko dira internetez, www.bibe.me webgunean eta beste erdiak Leidorren. Horrenbestez, internetez erosi nahi dutenek ostegunean, 9:00etatik aurrera izango dute horretarako aukera eta otsailaren 23a (igandea) bitartean egongo dira eskuragarri, agortu arte.
Beste erdiak berriz, Leidorreko leihatilan gaur zortzi, otsailaren 24tik aurrera, 16:00etatik 20:00etara, otsailaren 26a bitartean salduko dira, agortu arte.
Gainera, aipatu, Leidorreko salmenta puntua indartu egingo dela. Hala, sei salmenta puntu edo lehiatila jarriko dira. Prozesua arintzeko helburuz, era honetara, aurreko urteetako arazoak ekidin nahi dira, hau da, izugarrizko itxaron ilarak sortzea. Honekin batera, erosle bakoitzak eskuratu ditzakeen sarrera kopurua ere murriztea erabaki da. Eta aurten, bakoitzak, gehienez 10 sarrera erosi ahal izango ditu.
Oier Iribarri elkartasun keinua
Aurten zezen plazako ikuskizunetarako sarrerak iaz baino euro bat gehiago ordaindu beharko dira. Horrenbestez, ohiko sarreren prezioa hiru eurotakoa izango da eta 16 urtez azpikoena bi euro. Baina euro hori helburu zehatz batetarako erabiliko da, Oier Iribarren, Sanfilippo gaitza duen haurrari laguntzeko. Aipatu gainera, biltzen den diru kopuruaren beste horrenbesteko bat Udalak jarriko duela. Hau da, saltzen diren sarrera kopurua bezain beste diru jarriko du Udalak Oier Iribarren emateko. Gaztetxoarena ertzeko kasuetako bat da, eta udalak bere ekarpentxoa egin nahi du, eskualdekoari eta bere senideei laguntzeko.