Tolosaldeko Emakumeen Mundu Martxak antolatuta, emakumeek libre sentitu nahi dutela aldarrikatu dute gaur Tolosan egin den manifestazioan. ELA, LAB, EHNE, Ikasle Abertzaleak eta Bilgune Feminista izan dira antolatzaileak, eta Triangulotik abiatu da, indarkeria sexista gaitzesteko martxa.
Batetik, azken hilabeteotan Tolosan gertatu diren eraso sexistak aipatu eta salatu dituzte, eta era berean, indarkeria sexistak eraildako emakumeak ere gogora ekarri dituzte manifestazioko adierazpenean. Bide honetan, "eraso hauen aurrean herritarrek mobilizazioetan emandako erantzuna txalotu" nahi izan dute.
"Emakumeek, emakume izate hutsagatik, egunero-egunero kalera irtetean hainbat indarkeria motari aurre egin behar" izaten dietela nabarmendu dute, eta emakumearen gorputza objektu moduan erabilia izan dela gizarte ia esparru guztietan. "Gure gorputzak gure territorio dira: gure mapa, gure boterea, gure identitatea, gure plazera, gure historia", aldarriakatu dute.
Horregatik, argi azaldu dute "nazka-nazka eginda" daudela ausart sentitzeagatik, eta libre sentitu nahi dutela: "Aske sentitu nahi dugu gure gorputzekin eta geure bizitzekin zer egin nahi dugun erabakitzeko. Gaur hemen gogoa ditugu euren borondatearen aurka egon ezin duten emakume horiek, badakigulako borroka feministak libre egingo gaituela".