Ines Del Rioren epaia antzeko kasu guztietara aplikatu beharko litzatekeela dio Auzitegi Nazionalak

Tolosaldeko Ataria 2013ko urriaren 28a

Juan Manuel Piriz askatzeko autoan, epaitegiak argudiatu du Estrasburgoren ebazpenak Ines del Rio preso ohiaren kasutik haragoko eragina duela. Horrela balitz, Pello Odriozolak aske geratu beharko luke.

Gaur zortzi aditzera eman zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren ebazpena. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoa, berriz, ostiralean bildu zen, Estrasburgok 197/2006 doktrinaren aurkako epaia emanda, helegitea jarrita duten presoen kasuekin nola jokatu aztertzeko.

Osoko bilkura horren ostean, Juan Manuel Piriz aske uztea erabaki zuten. Hamahiru epailetik hamabik eman zuten erabaki horren aldeko bozka. Del Rioren inguruko ebazpena, beraren kasutik haratago ere aplikatu beharko litzatekeela dio Auzitegi Nazionalak idatzitako autoak.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, 197/2006 doktrinaren eta Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren arteko "bateraezintasuna" agerian utzi duela dio. Epai hori ez betetzeak "nazioarteko betebehar juridikoak urratzea" eta "Europatik eta bere zibilizazioko zentzutik aldentzea" eragingo lukeela dio, gainera.

Epai hori gainerako presoetan ere aplikatuko balute, Pello Odriozola tolosarra aske gera daiteke.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!