Herrira-ren aurkako operazioak eskualdeko bi herritarren auziperatzea utzi zuen: Jesus Mari Aldunberri eta Jon Mintegiaga. Azken honek azaroaren 5ean joan beharko du Espainiako Auzitegi Nazionalera. Elkartasuna antolatzeko autobusa aterako dute Ibarratik eta eskualdeko herritar guztiak gonbidatu dituzte bidaia honetara. Bestalde, Ines del Rioren inguruan, Europako giza eskubideen epaitegiak epaia eman zuen astelehenean. Honek Pello Odriozolaren kasuan eragina izan beharko luke, doktrina bera aplikatua baitzioten tolosarrari.
Ainhoa Baglieto, Pello Odriozolaren abokatua
«Gaur bertan jakingo dugu zein den euren jarrera»
Pello Odriozola tolosarraren abokatua Ainhoa Baglieto zarauztarra da. Europako giza eskubideen epaitegiak Ines del Rio tafallarraren aldeko epaia eman ostean, komunikabideekin hartu eman handia izaten ari da Baglieto, eta «gainezka» dabiltza dio. Hala eta guztiz ere, Tolosaldeko Ataria-rekin hitz egiteko tarte bat hartu du abokatuak.
Sartu al duzue Pello Odriozola tolosarra aske uzteko eskatuz helegitea?
Espainiako Auzitegi Nazionalean hiru jadanik sartuak zeuden, eta asteleheneko epaiaren ondoren beste 53 sartu ziren, tartean, Pello Odriozolarena.
Zer eskatu duzue helegitean?
Beraiei aplikatzen zaien doktrinaren baliogabetasuna, eta ondorioz, beraien kondenaren amaiera eta kaleratzea.
Zein da helegite horren bidea?
Gure aldetik egin beharrekoa egin dugu. Orain fiskaltzari bidaliko diote eta ondoren epaitegiak erabkiko du. Kasu honetan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko plenoa bilduko da. Ez dakigu zenbat denboraz hitz egiten ari garen.
Zenbat euskal presori eragiten die Ines del Rioren inguruko epaiak?
80 ingururi. Hauetako batzuri kondena bete ondoren aplikatu zien doktrina, eta beste batzuri bete aurretik.
Estrasburgoko epaiaren ondoren, zer gertatu beharko luke?
Juridikoki, kondena betea duten guztiak aske gelditu beharko lirateke. Besteei, aplikazioa kendu beharko lieke. Beste gauza bat da zenbat oztopo jarriko dituzten. Gaur bertan bi kasu aztertu behar dituzte, eta hor ikusiko dugu euren jarrera nondik joango den.
Azken ostirala
Gaur, urriak 25
Aduna. 20:00etan.
Alegia. 19:30ean.
Altzo. 20:00etan.
Amezketa. 19:30ean.
Anoeta. 19:30ean.
Asteasu. 19:00etan.
Berrobi. 19:30ean.
Berastegi. 19:30ean.
Bidania-Goiatz. 19:00etan, frontoi aurreko plazan.
Ibarra. 19:30ean
herriaren sarreran.
Ikaztegieta. 20:30ean.
Irura. 19:30ean.
Gaztelu. 19:30ean.
Leaburu. 20:15ean.
Lizartza. 20:00ean.
Tolosa. 19:30ean.
Amasa- Villabona. 20:00ean
Eliza parean.
Zizurkil. 20:00ean.