Pello Odriozola aske geratzeko bidea ireki da

Tolosaldeko Ataria 2013ko urr. 21a, 13:50
Tolosako Trianguloa plazan 197/2006 doktrinaren aurkako elkarretaratzea.
Estrasburgok ebatzi du Ines Del Rio espetxean legez kanpo dagoela 2008tik. Beraz, Espainiaren helegitea atzera bota du, eta 197/2006 doktrina ezarri zaion moduan giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi du.

Areto Nagusiko hamabi epaileek ebatzi dute 197/2006 doktrinak atzeraeragintasun printzipioarekin egiten duela talka, eta Ines del Rioren kasuan giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi du. Sala Txikiak iazko uztailean ebatzi zuen printzipioi horren kontrakoa dela doktrina, zigorra gerora gehitu zaielako. Europako Giza Eskubideen Itunaren 5. eta 7. artikuluak urratzen dituela esan zuen: askatasunerako eskubidea eta segurtasun juridikorakoa. Doktrina hori ezarri zaion beste 59 presori eragiten dio, besteak beste, Pello Odriozola tolosarrari.

Bere erabakiarekin mugarri bat ezarri dezake Estrasburgok Espainiaren espetxe politikan, baina Del Rioren kasua beste presoentzat ere baliogarria aztertu behar den. Parot doktrina izenarekin ere ezagun den arau hori 2006an ezarri zuen Espainiak, 197/2006 sententzia oinarri hartuta. Espainiako 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoek gehienez 30 urte egin zitzaketen ordura arte kartzelan, legez. Muga horri Zigor Kode hark ahalbidetzen zituen espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia 2006ra arte.

Urte horretan, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak hori aldatu zuen: presoei zigorra arintzeko neurriak jasotako zigor bakoitzari ezartzeko agindu zuen, eta ez, ordura arte bezala, espetxean pasa beharreko gehienezko urte kopuruari. Aldaketa jada zigorra ezarrita zuten presoei ezarri zien, irteera eguna atzeratuz. Ines del Riok 2008ko uztailaren 5ean behar zuen aske, baina doktrina ezarrita preso jarraitzen du.

Hirurogei preso inguru

Del Rio bezala daude beste 59 preso inguru. Espetxealdia egun batetik bestera luzatuta ikusi zuten. Doktrina ezarrita duten presoek bataz beste 25 urte daramatzate espetxean. Gaur Estrasburgok hartu duen erabakiarekin aske geratuko dira. Estrasburgoren epaia bete beharrekoa da Espainiarentzat, eta egin ezean, zigortzeko ahalmena du Estrasburgok. Auzitegi Nazionala izango da presoak aske utzi beharko dituena.

Bi bide har ditzake horretarako Auzitegi Nazionalak: erabakia ofizioz gauzatu eta presoak zuzenean askatzea, edo preso horien abokatuek eskaerak egin arte urratsik ez egitea. Oso litekeena da azken bide horri heltzea. Kasu horretan, berehala egingo lituzkete eskaerak abokatuek, eta gero, auzitegiak plenoan erabaki beharko luke zer egin.

Europa Press agentziak iturri judizialak aipatuta gaur argitaratu duenez, Auzitegi Nazionalak banan-banan aztertuko ditu helegiteak. Horrek, zerbait atzeratuko luke preso batzuen kaleratzea. Astero biltzen da plenoa, baina gerta daiteke bilera bakoitzean bost edo hamar bat presoren egoerak besterik ezin dituztela aztertu esatea. Kasu horretan, astero joango litzateke erabakiak hartzen, eta pixkanaka, multzoka askatuko lituzkete presoak.

Giza Eskubideen Itunaren kontrakoa

Estrasburgo iazko uztailean agertu zen doktrinaren kontra. Espainiak helegitea aurkeztu zuen, ordea, eta aurten martxoan hori erabakitzeko auzi-saioa izan zen Estrasburgon. Espainiako Barne eta Justizia ministroek 13:00etan agerraldia iragarri dute erabakia baloratzeko. Martxoan "ingeniaritza juridikoa" egiteko aukera aipatu zuen Fernandez Diez Barne ministroak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!