Zain dagoenaren itxaropena

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 18a, 21:03
Txetxe Goenaga, Koldo Maiz, Inazio Agirre eta Jesus Mari Agirre, Lizardin. ITZEA URKIZU
Lizardiko kideek bost urte daramatzate jada, Pello Odriozolari 197/2006 doktrina ezarri zaiola salatzen.

Astelehenean ezagutaraziko du, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, 197/2006 doktrina buruzko azken ebazpena. Egiazki Estrasburgok Ines Del Rio presoaren egoera epaituko duen arren, Euskal Herrian doktrina horren pean dauden gainerako 70 presoei ere eragingo die erabakiak, eta horietako bat izango da Pello Odriozola tolosarra.
2008ko uztailaren 2an bete zuen, Odriozolak, zigor osoa; doktrina aplikatuta, ordea, hamar urtez luzatu zioten espetxeko egonaldia, eta orduan jaio zen Pello Lizardira! izeneko egitasmoa.
Bat etorri dira Koldo Maiz, Txetxe Goenaga, Inazio Agirre eta Jesus Mari Agirre, Odriozola lagunaren izaera maitagarria nabarmentzerakoan; eta egia behar du izan, hari buruz galdetu eta irribarreak erraz sortzen baitzaizkie aurpegian. Lagunak eta Lizardi elkarteko kideak dira guztiak, eta ia 26 urteren ondoren ere, bizirik dago Odriozolarekin duten harremana: «Elkartean oso integratuta zegoen, eta orain ere, fisikoki hemen ez dagoen arren, afari guztietan mahaian egoten da, ez da hutsune bat», diote.
2008an, hogei urteko zigorra bete eta kartzelatik ateratzekoa zen Pello Odriozola, baina beste hainbat presori bezala, 197/2006 doktrina aplikatu eta 2018ra arte luzatu zioten egonaldia. Lizardiko kideek «oso-oso gaizki» hartu zuten erabakia, baina espero zutela ere azaldu dute: «Aurreko zenbait kasu ezagututa, denok espero genuen halako zerbait, eta zoritxarrez hala gertatu zen», dio Goenagak.
Zain dagoenaren lekutik, egutegian gurutze gehiago egitea ekarri zuen doktrina aplikatzeak, Koldo Maizek azaldu bezala: «Hasieran, zigorraren urte guztiak bete baino lehenago aterako zela pentsatzen genuen, egun jakin batzuek betetakoan kaleratzen baitzituzten batzuk. Garai hartako politikagintzarekin, ordea, zail ikusten genuen hori, eta zigor osoa betetzera iritsi zen. Oraindik ere beldur horrekin gaude orain, zenbat denboraz jarraituko duen pentsatuz. Ea Estrasburgok zer dion».
Doktrina aplikatu izanak Pello Odriozola bera ez zuen ezustean harrapatu; «burua txarrenean jarrita zuela uste dut, badaezpada ere», dio Goenagak. Honen harira, izaera sendoak espetxean asko lagundu diola nabarmendu dute: «Horretan inbidia sortzeko modukoa da, ikaragarria baita duen indar psikologikoa. Burua bere lekuan oso ondo izaten du beti. Bereak ere pasako zituen, noski. Nik aspaldi ez dut ikusi, ez didatelako baimenik ematen, baina lehen bisitan joaten ginen bakoitzean, berak ematen zizkigun animoak eta indarrak barrutik, alderantziz izan beharrean».

Astero ostera hastera
«Ia-ia zain geunden, Pellorekin noiz elkartuko. Eta halako kolpea jaso genuen kanpoan geundenok... Bat-bateko erantzuna izan zen egitasmoarena, zerbait egin behar genuela sentitzen genuelako; jendeari adierazi behar genion gauzak nola zeuden»; dio Inazio Agirrek.
197/2006 doktrinaren berri izatearekin batera jaio zen, beraz, Pello Lizardira! egitasmoa, elkarteko balkoian kartel bat jarriz: «Doktrinaren eraginak ondo irudikatzeko, Pellok bere kondena bete ondoren, espetxean zenbat egun gehiago zeramatzan kontatzeko kartel bat jarri genuen Lizardiko balkoian».
Honek Ertzaintzaren jakinarazpen bat ekarri zion elkarteari, balkoitik kartela kentzen ez bazuten Auzitegi Nazionalera jo zezaketela ohartaraziz. Lizardik jarritako errekurtsoa, ordea, onartu egin zuen epaitegiak, eta beren alde atera ziren.
Bitarte horretan, auziak nora joko zuen ez zekitenez, Pello Lizardira! lelopean pankarta bat egin eta udaletxe aurrean jartzen hasi ziren, astero-astero. Plaza Zaharra izan zen aldarrikapena kaleratzeko lehen lekua, eta gero Trianguloa plazara pasa zuten elkarretaratzea. Gaur egun, hileko lehen osteguna izaten da, Pello Odriozolaren egoera salatzeko mobilizazioa: «Batzuetan jende gehiago elkartzen gara, eta beste batzuetan gutxiago, baina hori da gure ibilbidea. Norberak bere egunerokoa du, eta hilero ezin da jende kopuru bera elkartu», diote lagunek.
Odriozolaren lau lagunek nahiz Lizardi elkarteak, aldarrikapenekin jarraitzeko asmoa du, Pello Odriozolaren egoerak berdin jarraitzen badu. Onartzen dute, «kosta egiten da» halako egitasmoak mantentzea, baina ahal duten bitartean Odriozolaren eskubideen alde ariko direla diote.
Izan ere, Pello Odriozola tolosarra aipatzen duten arren, «giza eskubide guztien aldeko defentsa da hau», diote: «Guk Pello aipatzen dugu, gurea delako, eta hemengoa delako. Baina finean, hemen dagoena Pelloren moduan dauden beste guztien arazoa ere bada; Euskal Herriko arazoa da konpondu behar dena. Hau arazo orokor baten barruan sartu behar da, eta giza eskubide guztien defentsa da egin nahi duguna».

«Beren eskuetan gaude»
«Guk urte asko ditugu jada, eta Espainiarekin oso eskarmentu txarrak izan ditugu. Berengandik ezin dugu ezer espero, eta beraz, guk egiten ez badugu, ez dugu ezer lortuko». Odriozolaren aldeko defentsa horretan, beraz, oinak lurrean dituzte lau lagunek.
Hala ere, Estrasburgora begira daude: «Gauza bat da juridikoki zer gertatzen den, eta beste gauza bat, politikoki zer egiten duten. Espainia behartuta dago Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak esandakoa betetzera, baina politikoki luzatu egin dezake hori guztia», dio Inazio Agirrek.
Epaia 197/2006 doktrina deusezteko agindua izanda ere, kasuz kasu erabaki desberdinak hartuko dituztela uste dute Odriozolaren lagunek: «Justiziak horretarako eta gehiagorako epea ematen die, eta erabat kontu politikoa denez, politikoki konpondu behar da», dio Goenagak. Hari berari jarraituz, «erabaki bakoitza momentu horretako egoeraren araberakoa» izango dela uste du Koldo Maizek: «Legeak betetzen dituztela erakusteko ere interesatzen zaie zerbait egitea, eta gero, izango dute agian, pertsonaren eta eremuaren arabera, erabaki aldaketarik. Beren eskuetan gaude, baina itxaropena ere badugu».
Pello Odriozola bera ere, «beti txarrena entzuteko prest» izan dela nabarmendu dute lau lagunek: «Bera oso jantzia da politikoki, eta askotan esaten zuen euskaldunok gaizki tratatu izan gaituztela beti, hauekin irtenbiderik ez dugula. Azken finean, denon giza eskubideez ari gara, eta berak oso ondo zekien doktrina aplikatu ziotenean, eta baita orain ere, aurrean zein dituen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!