Tolosako Zubiberria

«EAJ aldebakartasunez, isilpean eta herritarroi bizkarra emanaz aritu da; hori da errealitatea»

Ataria 2023ko mar. 29a, 18:00

Zubiberriaren aferan, autokritika egin beharrean, EAJk EH Bilduren aurka jo izana onartezina dela esan du Andu Martinez De Rituertok; jarrera hori ulertzea ere kosta egiten zaiola onartu du EH Bilduren udal taldeko kideak: «Autokritika egiteko erabateko gaitasun falta adierazteaz gain, erabat tokiz kanpo daude EAJk Tolosako EH Bilduren udal taldeari egin dizkigun akusazioak. Gezurra eta difamazio hutsa dira. Jarrera erabat onartezina da».

Tolosako EH Bilduk, «EAJk Zubi Berriaren eraisketaren inguruan hartutako jarrera» salatu du: «Harridura osoz irakurri dugu EAJk Zubiberriaren inguruan egin dituen azken adierazpenak». Andu Martinez De Rituertok, hainbat galdera luzatu ditu ondoren:

  • Nola da posible 2021az geroztik Ura-ren teknikariekin etengabeko hartu emana izan ondoren, eta proiektuari alegazioak egiteko epea amaitu ondoren, orain zubiaren estetikaz arduratzea?
  • Ura-ren teknikariek adierazi zuten bezala, aurkeztutako hiru aukeren artean, udal gobernuak baten alde egin zuen. Orduan ez al zitzaien burutik pasa estetikari buruz zerbait esatea?
  • Bestalde, nola da posible orain konturatzea Zumarditxikiko obra eta zubikoa ezin direla aldi berean egin? Zertan aritu dira azken bi urteetan?

EH Bilduko udal taldearentzat guzti hau «erabat ulergaitza» da.

«Mingarria» eta «tristezia»

Andu Martinez De Rituertoren esanetan, eurek ez zuten inongo informaziorik jaso, baina horrez gain, euren aurkako akusazioak entzun behar izan dituzte: «Mingarriena dena den, herritarrei zein EH Bilduri inongo informazioa ez digutela eman eta gainera elektoralistak, arduragabeak, interes falta izatea, lana egiteko gogorik ez izatea, elkarlanerako jarrera falta eta benetako kezkarik ez dugula esatea izan da».

EH Bilduko udal taldearentzat erabat «onartezinak eta salagarriak» dira adierazpen horiek. Martinez De Rituertok gogoratu duenez, euren agerpen publiko bakarrean, «gardentasun falta» aipatu zuten, ez besterik: «Inongo momentuan ez genuen neurria zalantzan jarri, esku-hartze guztiz teknikoa baita. Gure kritika bakarra gardentasun faltari egin genion». Oraingoan ere horretan sakondu nahi izan dute: «Ura agentziak orain dela 7 urte egindako dokumentuan Tolosan uholde arriskua gutxitzeko balizko neurriak jaso zituen, tartean Zubi Berriaren eraisketa. Nola da posible udal gobernuak informazio hori herritarrekin partekatzeko inongo esfortzua egin ez izana?».

EH Bilduren esanetan gauzak ez dira zuzen egin, baina ez orain, azken urteetan baizik. Horrelako aferak beste era batera kudeatu beharraz hitz egin du Andu Martinez De Rituertok: «2016ean informazio hori herritarrokin partekatu izan balute, ez ginateke oraingo egoeran egongo. Denbora soberan izango genuke proposamenak lasaitasunez aztertzeko eta herritarron kezkak zein proposamenak mahai gainean jartzeko eta zeinek daki, agian zubia eraistea ez den soluzioren bat topatu ahal izango genuke».

EH Bilduko udal taldetik esan dutenez, Zubi Berriaren eraisketaren asmo irmoen berri 2021az geroztik zuen Tolosako udal gobernuak. Horrez gain, beti ere EH Bilduren esanetan, udalak proiektuaren jarraipena egin du Ura agentziarekin izan dituen hartu eman zuzenekin. Andu Martinez De Rituertok ondorengo galderak egin ditu jarraian: «Zergatik ez dute gaia publiko egin? Zergatik ez da espedienterik ireki udalean? Zergatik ez da gaia tratatu inongo bilera politikoan, maila informatiboan bada ere?».

Informazio eza aipatuz, EH Bilduk ondorengo hausnarketa plazaratu du: «Proposamenik ez egitea egozten digu EAJk, zein proposamen egin genezakeen ezertxo ere ez bagenekien?».

Zubi Berriaren eraisketa iragarri ondoren, prentsan, Lurralde Batzordean proiektuari aipamen labur bat egin zitzaiola aipatu dute EH Bildutik. Bertan egindako galderak gogoratu dituzte jarraian:

  • Noiztik zuen udal gobernuak honen berri?
  • Nola da posible horrelako garrantzia duen proiektu bat horrela iragartzea?
  • Zergatik ez da lehenago eman honen berri?

Andu Martinez De Rituertok jakinarazi duenez, Gasteizko legebiltzarrean ere galdezka aritu da EH Bildu. Jarraian bertan aurkeztutakoak:

  • Noiz erabaki da Tolosako Zubi Berria ordezkatu behar dela?
  • Nork erabaki du?
  • Erabakia hartzeko Tolosako eragile politiko edo sozialekin harremanaren bat eduki al da?
  • Halako tamainako erabaki baten berri ez al zaio lehenik eta behin Tolosako Udalbatzari eman behar?
  • Proiektuak zer portzentajean jaitsiko du uholde-arriskua?
  • Proiektuaren kostu/onura erlazioak merezi ote du?
  • Uholde-arriskua jaisteko modu bakarra ote da Zubi Berria ordezkatzea?
  • Proiektuari alegazioak jartzeko epea hasi zenetik proiektua publikora aurkezten den arte 2 aste igaro dira. Horrek ez al du alegazioak jartzeko aukera murriztu?

Azkenik, Tolosako EH Bilduren udal taldeak, euren eskuetan zegoen guztia egiten saiatu direla esan dute: «Garbi ikus daitekeenez, zerbait jakin dugunean gure esku zegoena egin dugu, eta bai, ardura handiz bizi dugu gertatzen ari den guztia, eta tamalez, baita tristeziarekin ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!