Obra hori definitzen duen proiektua urtarrilaren 25ean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), hau da, herritarrei jakinarazi baino bi aste lehenago eta inauteri-jaien atarian; eta alegatzeko hilabeteko epea, hain justu, inauteri bete-betean. Herritarrentzako informazio-bilera, gainera, alegazio-epea amaitutakoan antolatu dute.
Azken urtean egitasmo askoren berri ematen ari da udala, eta ezagunena segur aski, Zumarditxikiarena da. Azken horrek kezka handia eragin du herrian, eta kezka horretatik sortu zen, hain zuzen ere, gaur egun osatzen dugun arkitekto-talde hau. 2022ko udazkenean bildu ginen lehen aldiz gaia lantzeko eta hausnartzeko, eta sobera arrazoi genituenez argudiatzeko proiektua desegokia zela tokirako, erabaki genuen hura babesteko manifestua aurkeztea, lehenik udalari, eta gero prentsari. Manifestua ez ezik, erakusketa bat ere antolatu genuen Ilustrazioko pasealekuak eta zumardiak Euskal Herrian izenburupean, helburua baitzen udalari eta herritarrei ohartaraztea Zumarditxikia gure historiaren, hirigintzaren, kulturaren eta arkitekturaren ondare dela, eta eraiki nahi duten proiektuak zumardiaren galera dakarrela. Geroztik, udal-gobernuak ez du pausorik eman gurekin biltzeko eta gaia aztertzeko.
Handik hilabete batzuetara, ordea, gure kezka areagotu egin da Zubiberria eraitsi nahi dutela iragarri dutenean. 2016an, Urak egindako uholde-arriskua kudeatzeko planean dagoeneko ageri zen zubia eraisteko aukera; 2021ean, Eusko Jaurlaritzak Tolosa uholdeetatik babesteko proiektua lizitatu eta esleitu zuen; urte bereko uztailean, Ura udalarekin bildu zen hiru zubi-proposamen aztertzeko, eta udalak bat hautatu zuen; eta 2023ko otsailean, herritarrok jakin dugu ekainean hasiko direla zubiaren obrak.
Aspalditik zen udala horren guztiaren jakitun, eta benetan kezkagarria da Urak proposatu, sustatu eta idatzi duen proiektua, jaso bezalaxe onartu izana. Udaletik jaso dugun informazioaren arabera, ez dute osatu eraiki nahi duten zubiaren inguruko espedienterik, ezta eraitsi nahi dutenaren txostenik ere. Are gehiago, gaur egungo zubia ez dago ondare historiko-artistikoaren katalogoan, besteak beste, bere inguruko dokumentazioa ez zegokion lekuan egon delako artxibatuta orain arte. Horrek guztiak garamatza pentsatzera, Tolosako arkitektura-ondarea zaintzeko interesik ez duela.
Bada, topatu dugun fitxategi-sortaren arabera, 1925ean eraiki zen Zubiberria —Foruen Zubia jatorrian— Guillermo Eizagirre arkitektoaren eskutik; Santa Klara kalea osatzen duten arkitektura-elementuen multzo bereizgarriaren barruan proiektatu zuen. Eizagirre garaiko udal arkitektoa izateaz gain, Gipuzkoako arkitektura modernistaren adierazle esanguratsua ere bada, eta haren eskutik diseinatutako zubia, tolosarron zorionerako, ia bere jatorrizko ezaugarriekin iritsi da gaur egunera arte. Interesgarria da oso bildutako dokumentazio guztia: jatorrizko planoak, memoria, proiektuaren egiletza justifikatzen duten agiriak…; eta horiek guztiak baliatu ditugu proiektuaren aurkako alegazioa jartzeko Urari eta Eizagirreren zubia Kultur Intereseko Ondasun izendatu dezatela eskatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari.
Jakina da tolosarron memorian txertatuta dagoen hiri-paisaia dela Uzturreren magalean Oriaren bi aldeetara sortzen den konposizioa: Zubiberria, Zumardi Txikia, Santa Klara komentua, Nafar zubia, Idiakez jauregia, Santa Maria eliza, Zerkausia… Horiek guztiak elkarreraginean jarritakoan, bihurtu da ingurune hori hain berezia eta baliotsua.
Zera dio 6/2019ko Euskal Kultura eta Ondarearen legeak: «Ingurunearen definizio berria eta orohartzailea sartu da, haren izaera instrumentala islatzen duena, ondasuna hartzen duen paisaia-, hiri- eta arkitektura-testuinguruari eusteko. Gainera, oraingo ikuspegi eta joera berriekin bat etorrita, ikusizko kutsadura eta kutsadura akustikoa arautzen dira». Hain zuzen ere, lege horretantxe kokatzen dugu guk Tolosako panoramika hori, elementu guztiek osatutako hiri-paisaia baita legeak aipatzen duen ondasuna. Beraz, dagoen zubiari ondare-babesa emango dioten jakin ez arren, aintzat hartzekoa da ingurunera ondo egokitutako zubia dela, eta hiri-irakurketa bat eginda, paisaian era naturalean txertatzen eta ulertzen den elementua dela. Uraren proiektuak, kontrara, erabat urratzen ditu legeak zedarritutakoak.
Agerikoa da ez dituztela zorrotz aztertu zubiaren eta inguruaren balio historikoa eta artistikoa, eta proiektuaren ardatza behar lukeen paisaia-, hiri- eta arkitektura-testuingurua ezerezean utzi dute. Gure harridurarako, proiektuko 2.1.4 'Paisaian eta iraunkortasunean integratzea’ atalean ondorengoa aipatuz: «Zubiaren kokapena Tolosako eraikin enblematiko batzuetatik hurbil dago, hala nola Nafarroako zubia, Zerkausia edo Santa Maria eliza, guztiak ere ibaian behera kokatuak eta Zubi Berritik ikuspegi zuzenarekin, eta horrek zubiaren estetika zaintzera behartzen du, gaur egungoa ordeztuko duena, paisaian integratuz, tokiko merezimendurik gabeko elementu bihurtu gabe eta gainerako eraikinei protagonismoa lapurtu gabe». Edonola ere, nekez sinets liteke zubi-proposamenak hori betetzen duenik.
Izan ere, ez da onargarria plataforma laua duen zubi bat beharrean, 5 metroko altuerako bi arkudun zubia proposatzea. Edozein aldetatik begiratuta, izan iparraldetik edo izan hegoaldetik, sortuko duen ikusizko kutsadura eta oztopoa handia izango da, eta are nabarmenagoa izango da zubia igarotzerakoan. Bestalde, arkuek oinezkoen pasabidean arazoak sortuko dituzte, euren oinarri sendoek oztopatu egingo baitute oinezkoek eta ibilgailuek elkar ikustea, eta hortaz, pasabidea ez da segurua izango inorentzat. Teknika ez ezik, estetika eta funtzioa ere kontuan hartu behar dira, Donostiako laugarren zubiarekin egin zuten bezala, maisutasun handiz, Martinez Calzon eta Fernandez Ordoñez ingeniariek.
Horrenbestez, ohartarazi nahi dugu, egiten dena egiten dela, testuinguruak erdigunean egon behar duela eta proiektuak inguruarekiko sentibera izan behar duela. Zubia eraisteak azken aukera izan beharko luke, eta, uholde-arriskua lausotzeko, parke urperagarriak edo beste aukera batzuk jarri behar dira mahai gainean. Ondorioztatzen bada zubia eraistea dela konponbide bakarra, ezinbestekoa izango da zubi-proiektu hori zorrotz eta fin egitea, eta elkarlanean garatzea teknika, estetika eta funtzioa. Hala balitz, etorkizuneko Zubi Berria aurrekoa baino hobea izango da, eta horrela ez beste inola mantenduko dugu hain geurea dugun Tolosako hiri-paisaia eder hori.
Ander Agirrezabala Vitoria, Joseba Aranburu Barrenetxea, Ion Arruebarrena Altuna, Xabier Artola Amonarriz, Ander Auzmendi Perez de Lazarraga, Helena Biurrun Galarraga, Ane Elizegi Agirre, Hektor Espin Larreta, Leire Garmendia Eraso, Juanjo Gurrutxaga Chacón, Maria Gurrutxaga Insausti, Edurne Izagirre Elizaran, Ernesto Limousin Garmendia, Maialen Lopez Agirre, Mireia Roca Zeberio.
Alegazioa jarri duten arkitektoak